Pozik eta irribarretsu iritsi dira Carla Alejano (Donostia, 2007), Jone Ibarguren (Donostia, 2009) eta Libe Perez (Donostia, 2009). Baina berehala azaldu dute benetan zer moduz dauden: «Emozionatuta gaude, baina urduri ere bai, eta, eguna gerturatu ahala, gero eta gehiago». Bihar jokatuko da Behobia-Donostia, Euskal Herrian egiten den lasterketarik jendetsuena. 28.000 korrikalari ariko dira, tartean Alejano, Ibarguren eta Perez.
Ulertzekoa da hirurei bi sentimendu horiek nahastea barruan: emozioa eta urduritasuna. Halaxe izan ohi da zerbait lehen aldiz egin aurretik. Haiek hirurek lehen aldiz parte hartuko dute Behobia-Donostian. Ibargurenek eta Perezek lasterketa hori korritzeko gutxieneko adina bete bezain pronto eman dute izena: 16 urte egin berritan. Alejanok, berriz, 18 urte ditu, eta izan du aukera lehenago parte hartzeko. Baina ez zen animatu. Beste bi lagunekin batera korritzeak bultzatu du izena ematera.
Elkarrekin eman zuten izena, eta, elkarrekin iritsi dira hirurak Donostiako Paco Yoldi kiroldegira, elkarrizketa egiteko. Ez dute edonola aukeratu leku hori. Ordu mordoa ematen dute bertako igerilekuan. Izan ere, Behobia-Donostia antolatzen duen Fortuna kirol elkartearen igeriketa taldean ari dira Ibarguren eta Perez. Ez aspaldi, Alejano ere aritzen zen.
«Gurasoek, anaiak eta laurok egingo dugu. Amak askotan esan digu etxean bete egingo dugula 50/50/25 helburua»
LIBE PEREZ Korrikalaria
Hain zuzen, Aste Santuan igeriketa taldearekin egindako bidaian egin zuten tratua hirurek lehen aldiz Behobia-Donostian parte hartzeko. Zergatiaz galdetuta, gauza bera esan dute hirurek: «Pizgarri polita da hirurak elkarrekin parte hartzea». Alejanok bere egoerari erreparatu dio. «Igeri egiteari utzi eta gero, niretzat kirola egiten jarraitzeko motibazioa izan da Behobia-Donostia prestatzea. Gustura ibili naiz. Gaur egun, gustatzen zait korrika egitea».
Lasterketa kutuna
Azaldu dutenez, etxean «lasterketa kutuna» dute Behobia-Donostia. Perezen etxean, pasioa piztu die beti proba horrek, eta, aurten, pasio horrek goia jo du. Etxeko denek parte hartuko dute: gurasoek eta anaia bikiak; hura ere lehen aldiz ariko da. «Gurasoek askotan korritu dute Behobia-Donostia. Ama erbi lanetan dabil azken urteetan. Aurten, 1.40 egin nahi dutenak lagunduko ditu. Aitak eta anaiak, berriz, lasterketa elkarrekin egiteko asmoa dute. 1.20 inguru egin nahi dute. Oso azkar da hori niretzat. Amak askotan esan digu etxean bete egingo dugula 50/50/25 proiektuaren helburua». Aurten gutxienez korrikalarien erdiak emakumezkoak izatea da egitasmo horren helburua.
Ibarguren eta Alejano, berriz, etxeko ordezkari bakarrak izango dira. Ibargurenek aitari hartu dio erreleboa. «Hark askotan parte hartu du, baina, orain, mina du belaunean. Hark animatu nau gehien». Alejano, berriz, lagunek lasterketari buruz esandakoak entzunda animatu zen. «Etxean inork ez du parte hartu, baina lagunek kontatu didate esperientzia izugarria dela, eta jendeak pila bat animatzen zaituela. Nik hori bizi nahi dut».
«Etxean inork ez du inoiz parte hartu, baina lagunek esan didate esperientzia izugarria dela. Nik hori bizi nahi dut»
CARLA ALEJANO Korrikalaria
Aurten barrutik bizi izango dute, baina askotan bizi izan dute kanpotik. «Anaiak eta biok urtero egin dugu Behobia Txiki», kontatu du Perezek. Laguntzaile lanetan ere aritu dira hirurak, Fortunaren anoa postuetan. «Guretzat oso garrantzitsua da gure klubari ahal bezainbat laguntzea. Anoa postuetan lagunduz, lasterketaren beste aldea ezagutu dugu: zenbat jendek egiten duen lan dena ondo atera dadin», azpimarratu du Ibargurenek.
Hasi, elkarrekin; gero...
Elkarrekin irtengo dira. «Hasierako nerbioak elkarrekin pasatu nahi ditugu», esan du Ibargurenek. Gero, ordea, bakoitza bere kasa ariko da. «Hirurok ez dugu abiadura berean korri egiten», azaldu du Alejanok. Entrenatu ere euren kasa egin dute. «Libek eta biok igeriketako entrenamenduak ditugu, eta, ez da erraza horiek eta korrika saioak uztartzea. Horri guztiari, gainera, ikasketak gehitu behar zaizkio», kontatu du Ibargurenek. Txarrari ona topatu nahian, esan dute igerian egiteak «mesede» egiten diela, «erresistentzia handiagoa» izateko. Perez eta Ibarguren «sasoiko» daude. Alejanok, ordea, «kezka» du, min baitu belaun batean. «Ariketak egiten ari naiz suspertzeko. Espero dut arazorik ez izatea». Oso argi dute zein den helburua. «Bukatzea, ahalik eta ondoen eta ahalik eta gehien disfrutatuz».
Argi dute non gozatuko duten gehien. «Fortunak Gaintxurizketan du postua; oso polita izango da handik pasatzea, ezagun asko egongo baitira. Ez dago irteeratik oso urrun, beraz, espero dugu oraindik itxuroso egotea», esan du Ibargurenek. Alejano azken txanpari begira jarri da. «Mirakruzko gaina pasatuta amaituko da gogorrena. Azken zatian, gainera, jende pila bat egoten da animatzen. Etxekoei esan diet Kursaal inguruan jartzeko, hor beharko baitugu animo gehien». Perezek, berriz, helmugan itxaroteko eskatu die etxekoei. «Ni iristen naizenerako gurasoek eta anaiak bukatua izango dute lasterketa. Helmuga inguruan nire zain egoteko eskatu diet, azken metroetan anima nazaten».
«Fortunak Gaintxurizketan dauka postua, eta oso polita izango da handik pasatzea»
JONE IBARGUREN Korrikalaria
Badakit non gozatuko duten gehien, baina baita gehien non sufrituko duten ere: aldapan gora. «Gurasoek askotan esan didate aldapan entrenatzeko», onartu du Perezek.
Behobia-Donostian ariko diren guztiak eguraldi iragarpenari begira daude. Haiek ere bai. «Ez dugu berorik nahi», eskatu du Ibargurenek. «Ez du euririk egingo», esan du Perezek. Itxuraz, horrela izango da: eguraldi iragarpenaren arabera, 16 gradu inguru egongo dira, eta ateri eutsiko dio.
Bukatzen badute, ospatuko dute? «Azterketak ditugu datorren astean», esan du Ibargurenek. Moztu egin dio Alejanok. «Igandea da. Zerbait egin beharko dugu».