ESPAINIAKO LIGA. AZKEN JARDUNALDIA

Belarri bat Madrilen

Darko kovacevic aurrelariari orkatila ez zaio erabat osatu,baina gaur zelaian izango da, hasierako hamaikakoan

DONOSTIA
2003ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Iritsi da eguna. Realak aurreikuspen guztiak hautsi ditu amaitzear den denboraldian, eta hirugarren Ligarekin biribildu nahi du balentria. Egia da Real Madrilek dena duela alde, baita historia ere, baina Realak ez dio uko egin nahi ametsari. Zorigaiztoko 1979-80ko denboraldia gogoan, parekotasunak nabariak dira, egoera eta protagonistak berberak baitira, baina horri aurre egiteko prest dago Denoueixen taldea. Orduan kolpe latza hartu zuten realzaleek; orain, Ligak ihes eginez gero ere, festa giroak hartuko ditu Donostiako kaleak, iazko mamuak oso presente baitituzte oraindik jarraitzaileek.

Bernabeun gertatuko dena erabakigarria izango da tituluaren jokoan, baina Realak Atletico Madrili irabazi baino ezin dezake egin. Irabazi eta itxaron, baina irabazi, Bernabeun gertatzen dena gertatzen dela denboraldiari behar bezalako amaiera jartzeko, Vigoko etsipenak utzitako zapore garratza gozatzeko. Belarri bat irratiari lotua izango du gaur Gipuzkoa osoak, baina jokalariek Anoetako zelaian dute erronka. Atletico Madrilek ez du ezer jokoan; hondoa jota dago azkenaldian, baina bekatua litzateke aurkaria gutxiestea.

Hala ulertu dute Realean. Denoueixen estiloan, jokalariak apal mintzatu dira asteon; itxaropentsu baina burua galdu gabe. Beckhamen fitxaketak eragindako zurrunbilotik urrun, Atletico Madrilen aurka partida baino ez dute izan mintzagai. «Atleticori irabaztea da gure ardura bakarra, eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den», esan du Xabi Alonsok; Denoueixek berriro gogoratu du emaitza ondo egindako lanaren ondorioa baino ez dela. Eta partidaren garrantziaz ohartuta, dena jarriko dute zelaian. Darko Kovacevicek orkatila bihurritu zuen Vigon, eta medikuak ezkor agertu ziren orduan, baina jokalariak partida jokatu nahi duela-eta, azkenean zelaian izango da.

Atletico Madril, amaitzeko irrikaz

Ilusio handiz ekin zion denboraldiari Atletico Madrilek; bi urte infernuan egin ostean indarberrituta bueltatu zen Lehen Mailara. Eta ongi moldatu ziren lehen itzulian. Jesus Gil inoiz baino apalago, Luis Aragonesek etekina atera zion taldeari. Baina bigarren itzulian maldan behera joan da, eta, azkenean, ekaitzak eztanda egin du Calderonen, berriro ere. Aurrena, Futrek alde egin zuen; gero, Aragonesek iragarri zuen ez zuela jarraituko; eta, azkenik, Gilek berak bota zuen hordagoa: bera ere ba omen doa. Giro horretan, kirol helbururik gabe, jokalariek ez dute aparteko ahaleginik egin azken txanpan, eta aurreko jardunaldian bertan gol zaparrada mingarria jaso zuten Calderonen. Denboraldi gogoangarriari amaiera ona emateko aurkari aproposena dirudi Atletico Madrilek, baina hobe aldez aurretik zuhur jokatzea. Gero etorriko da festa, zer ospatua izango da eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.