Benetako beharra dauka

Aspaldiko partez partida bat irabazi eta 38 puntu iritsi nahi ditu Realak, Sportingen aurka

Diego Ifran eta Mikel Aranburu, Realak Herculesen aurka jokatutako partidan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Ligako talderik txarrena izan da azken boladan Reala. Hala diote emaitzek, eta jokoari begiratuta ere, kosta egiten da azken zazpi jardunaldietan bera baino ahulago aritu denik aurkitzea. Hasieran pentsa zitekeen zorte kontua zela eta baloia lehen itzulian bezain erraz ez zela sartzen. Kezkatzeko aparteko motiborik ez zegoela, alegia. Partidak jokatu ahala, ordea, beherakada galanta izan du talde txuri-urdinak, eta azken bi jardunaldietan oso eskas aritu da, Hercules eta Atletico Madrilen aurka. Zaila da onartzea, gauzak zeinen ondo zihoazen ikusita, baina bigarren itzulian beti dago hondoratzen den talderen bat, eta Realari egokitzen ari zaio sasoi honetan, Getaferekin batera.

Ondorioz, denboraldi honetan lehenengo aldiz, beharbada, irabazteko benetako beharra du taldeak. Aurreko asteetan ez bezala, jokalariek aitortu dute ezinbestekoa dela irabaztea eta final kutsua duela gaurko norgehiagokak. Ez da gutxiagorako. Futbolaria ez da robota. Luzaroan gauzak behar bezala ateratzen ez zaizkionean, norbera izan daiteke etsairik gaiztoena. Pentsamendu ezkorrak nagusitzen dira, eta lanik errazenak, sinpleenak diruditen horiek ere, gaizki egiten dira sarritan, konfiantza faltaren poderioz. Horrez gain, aurkariek neurria hartu diote erasoan Realari, eta zirrikituak ez ditu topatzen lehen bezain erraz.

Hiru puntuak behar ditu Realak gaur, korapilo hori askatzeko eta sailkapenean ere arnasa hartzeko. Partida ikusgarri, erdipurdiko edo txar batekin. Berdin dio. Sendotasuna berreskuratzea da gakoetako bat. Etxean, eta aurkari zuzenen aurka erakusten zuen ofizio eta seriotasun hori ateratzea, Malaga eta Herculesen aurka porrot egin zuen arte. Jokalariek badakite indartsu ekin behar diotela norgehiagokari eta atea hutsean uzten ahalegindu behar dutela. Lortuz gero, jarraitzaileak partidan buru-belarri sartuta egongo dira, laguntzen. Eta Realak beti sortzen du abagune garbiren bat Anoetan.

Erasorako grinaren beharra

Irabaziz gero, bide erdia edukiko du eginda. Asko du irabazteko, beraz. Baikor jokatu behar du. Martin Lasartek berak haize berriak nahi ditu, Imanol Agirretxe eta Gorka Illarramendi sartu baititu deialdian, Ion Ansotegi eta Gorka Elustondoren kaltetan. Bizkaitarra da gehien jokatu duen erdiko atzelaria, eta beasaindarra, berriz, titular izan zen Calderonen. Gutxitan sartu ditu zerrendan hiru aurrelari, eta horrek esan nahi du agian birekin jokatuko duela gaur, edota Diego Ifran zelairatuko duela David Zurutuzaren ordez. Ez dirudi esperimentuetarako garairik onena denik, baina egia da Realak ohikoekin galdu zuela Malagaren zein Herculesen aurka.

Sportingek errespetu handia ematen du. Azken bost norgehiagoketatik lau irabazi ditu, eta bestea berdindu; hiru aurkari zuzen menderatu zituen etxean, Bernabeun ustekabea eman zuen, eta puntu bat lortu zuen Vila-realen zelaian. Gol bakarra sartu zioten tarte horretan. Diziplina handiko taldea da, eta hazita ari da jokatzen. Horrek egiten du arriskutsuen. Miguel De las Cuevas eta Diego Castro zitalak dira barrura egiten dutenean. Erdiraketetan eta jaurtiketetan ere min handia egin dezakete. Diego Barral, berriz, bigarren itzuli txukuna egiten ari da. Geldikako jokaldiak ondo lantzen dituen talde bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.