Eskubaloia

Bera Bera Kopako finalerdietarako sailkatu da; Beti Onak, ez

Gipuzkoarrek erraz irabazi diote Aula Valladolidi (32-26); nafarrek, berriz, galdu egin dute Guardesen kontra (23-27). Bera Berak Eldaren auka jokatuko ditu finalerdiak.

Shula Gavilan Bera Berako jokalaria baloia jaurtitzeko prest. GORKA RUBIO / FOKU
Shula Gavilan Bera Berako jokalaria baloia jaurtitzeko prest. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko maiatzaren 8a
22:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bera Berak laugarren aldiz jarraian irabazi nahi du Espainiako Kopa, eta, bide horretan, beste urrats bat egin du: 32-26 irabazi dio Aula Valladolidi, eta, beraz, finalerdiak jokatuko ditu bihar, larunbatez, Eldaren kontra (18:45). Irribarretsu bukatu dute eguna gipuzkoarrek; ez, ordea, nafarrek. Beti Onak-ek 23-27 galdu du Guardesen aurka, eta lehiaketatik kanpo geratu da. Partida lehiatua izan da, baina azken minutuetan ihes egin dio aurkariak. 

Bera Berak, berriz, kontrolpean izan du kanporaketa. Indartsu hasi dute neurketa etxekoek, bizi-bizi. Jokoaren ekimena eduki nahi izan dute hasieratik, eta aurkaria estutu. Baina Aula Valladolid ere erne kantxaratu da, eta nola edo hala eutsi dio gipuzkoarren joari.

Apurka, baina, aldea handitzen joan da Bera Bera. Ordu laurdena betetzerako, lau golen aldea zuen, eta nahi zuen tokian zeukan partida. Ondo ari ziren donostiarrak, eta pistan nagusi ziren: bai jokoan, bai markagailuan. Hala ere, ez dute erritmoa moteldu, eta taldeak bere jokoa egiten jarraitu du.

Erasoan huts batzuk egin ditu Aula Valladolidek, eta aldea handitzeko aprobetxatu du Bera Berak, 17-10 jartzeraino. Hurrengo jokaldietan kamutsago aritu dira, eta gehiago kostatu zaie gola sartzea. Markagailua 19-13 zela joan dira atsedenaldira.

Hautsi egin da partida bigarren zatian, eta baloi dezente galdu dituzte bi taldeek. Hala ere, estutu gabe egin dio aurre Bera Berak zetorrenari. Ez hain fin, baina larritu gabe. Arazorik gabe eutsi dio aldeari. 

Aurkariak ez du amore eman, baina talde hobea dute donostiarrek, eta hori nabaritu egin da pistan. 32-26 bukatu da partida, eta merezita sailkatu da Bera Bera finalerdietarako.

Nafarrak, ezin

Kaskar hasi dute partida Beti Onak-ek eta Guardesek. Gol gutxi izan dira lehen minutuetan, eta baloi asko galdu dituzte bi taldeek. Lehen erasoetan kale egin du Nafarroako taldeak, baina sendo aritu da defentsan. Bikain aritu da Patricia Encinas atezaina ere, eta horrek eman dio modua lehian bete-betean aritzeko.

Pixkanaka, gainera, hazi egin dira nafarrak. Adi ibili dira, eta baloi asko lapurtu dituzte. Horiek horrela, aurretik jarri dira markagailuan: 3-1, 5-2 eta 8-5.

Dena den, ez dute asmatu aldeari nola eutsi. Guardesek lanean jarraitu du, hozka egiten saiatu da, eta lortu du. Beti Onak-en hutsak baliatuta, berdindu egin du partida, eta aurrea hartu du lehen zatiko azken unean: 9-10.

Estu hasi dute bigarren zatia ere. Baina, berriro ere, huts inozo samarrak egin ditu Nafarroako taldeak, eta ez dio barkatu aurkariak. 12-15 eta 13-16 jarri dira. Oro har, gorabeheratsu aritu dira bi taldeak.

Joan-etorri askokoak izan dira hurrengo minutuak. Bukaerara arte borrokan segitu dute nafarrek, baina ezin izan dute partida irauli. Azken minutuetan, gainera, eroso aritu da Guardes. Azkenerako, 23-27 bukatu da partida.

Horiek horrela, finalerdietarako sailkatu da Bera Bera, baina ez Beti Onak. Etxean ari da Gipuzkoako taldea, Kopako azken fasea Illunben ari baitira jokatzen. Hura da titulua irabazteko faborito nagusia, eta horixe nahi du: berriro ere kopa altxatzea. Bihar jokatuko ditu finalerdiak, Eldaren aurka, eta, irabaziz gero, etzi izango du finala, Rocasaren edo Guardesen kontra. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA