Super Amara Bera Berak gaur egin du denboraldiaurreko lehen entrenamendua Gaskan. Zortzi denboraldiren ondoren, Imanol Alvarez ez da izan jokalariei lehen argibideak eta azalpenak eman dizkiena. Jon Begiristain izan da. Hura izango baita sasoi honetan donostiarren aulkian eseriko den prestatzailea. Aspaldiko partez lemazain berria izango du Bera Berak. Baina helburua ez da aldatuko:  Klub honetan eskatzen dena beti zera da: jokatuko ditugun tituluak irabazteko borrokan egotea, eta horixe nahi dugu baita ere. Segida eman nahi diogu orain arte Imanolekin egindako lanari», adierazi du Begiristainek.
Fitxaketa berriak izan dira ikusmin handiena sortu dutenak. Tati Garmendia kirol zuzendariak lau jokalari fitxatu ditu taldea indartzeko: Amandine Balzinc atezaina, Alexandra Shunu eskuin albokoa —27an hasiko da lanean taldearekin—, Melinda Louis eskuin hegalekoa eta Kelly Fonkeg pibotea. Shunuk izan ezik, beste jokalari guztiek eskarmentua dute Espainiako Ohorezko Mailan. Balzinc Guardesetik iritsi da; Louis, Zonzamasetik —aurretik denboraldi eta erdi egin zuen Donostian—, eta Fonkeng Beti Onak taldetik. Shunu Portugalgo ligan aritu da azken denboraldian: Benfican, hain zuzen ere.
Taldea utzi dutenak, berriz, hauek dira: Nicol Wiggins atezaina, Eszter Ogonovszky ezker albokoa, Micaela Rodriguez eskuin albokoa eta Lyndie Tchaptchet pibotea. Begiristainek, gainera, beste bi jokalari garrantzitsu faltako ditu, denbora luzerako min hartuta baitaude. Esther Somazak eskuin belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen apirilean, eta Elke Karsteni berriki egin zioten ebakuntza sorbaldan. Urtea hasi bitarte ez dute jokatzerik izango, eta litekeena da klubak beste fitxaketaren bat egitea lehen lerroa indartzeko. Gainera, harrobiko hiru jokalarik egingo dute denboraldiaurrea lehen taldearekin: Naroa Zabala atezainak, Eider Tapia piboteak eta Haizea Urretabizkaia hegalekoak. Â
Aldaketak txapelketa sisteman
Sasoi honetan ere Bera Bera Ligan, Espainiako Kopan, Espainiako Superkopan eta EHFren Europako Ligan arituko da. Bi aldiz segidan hiru titulu irabazi eta gero, aurreko denboraldian ezin izan zuen Ligako garaikurra lortu. Ro'casak hartu zuen mendean finalean. Denboraldi honetan berriro ere hiru tituluak eskuratzeko erronka izango du, eta Europan multzoen fasera iristea.
Superkopan eta ligan txapelketa jokatzeko sistema aldatuko dute. Superkopa izango da Jon Begiristainek zuzentzen duen taldeak jokoan izango duen lehen titulua, irailaren 6an. Azkena denboraldietan Superkopa Iberiarra jokatu dute, Portugalgo ligako eta kopako txapeldunekin. Oraingo honetan aurreko eredura itzuliko dira, eta Espainiako ligako eta kopako irabazleak arituko dira parez pare: Bera Bera eta Ro'casa. «Denboraldiaurrearen helburua taldea neurketa horretarako ahalik eta ondoen iristea izango da».
Liga irailaren 9an hasiko dute, eta derbia izango da lehen partida, Beti Onak jasoko baitute donostiarrek Gaskan. Sistema aldaketa kontuan hartuta, denboraldi honetan titulurako kanporaketetan finalerdiak eta finala jokatuko dira. Egutegia arintze aldera, ez da final-laurdenetako kanporaketarik egongo. Finalerdiak bi partidetara jokatuko dira; finalean, berriz, beharrezkoa bada, hirugarren partida bat jokatuko da. Bestalde, ez da jaitsiera ligaxkarik egongo. Liga erregularreko azken bi sailkatuak kategoriaz jaitsiko dira. Espainiako Kopa, berriz, apirilaren 2tik 4ra jokatuko dute, Iruñean.Â
EHFren Europako Ligari multzoen faseko atariko kanporaketan ekingo diote. Urriaren 13an jakingo dute nor izango duten kontrario kanporaketa horretan, eta neurketak azaroaren 7an eta 14an jokatu dituzte. Aurrera eginez gero, urtarrilean eta otsailean jokatuko dute multzoen fasea. «Bertan aritu nahiko genuke. Aurreko denboraldian penalti jaurtiketetan geratu ginen multzoen fasetik kanpo. Gerora txapeldun izan zenak utzi gintuen kanpoan, Dijonek, eta arantza hori kendu nahi dugu».
Denboraldi hasierara sasoiko ailegatzeko hainbat lagunarteko partida jokatuko ditu Bera Berak. Abuztuaren 13an eta 14an Summer BAG torneoan lehiatuko da, Villacelaman (Espainia), Guardesekin, Aula Valladolidekin eta Benficarekin batera. Abuztuaren 21ean eta 22an etxean arituko da, Egiako Txapelketa jokatuko baitu. Finalerdian Logroño izango du kontrario, eta, emaitzaren arabera, hurrengo egunean Beti Onak taldearen edo Dijonen aurka neurtuko ditu indarrak. Lagunarteko azken partida abuztuaren 26an jokatuko du, Oñatin (Gipuzkoa), bertako eskubaloi taldearen sorreraren 50. urteurrena ospatzeko. Beti Onak izango du aurrean.Â