Europako kluben arteko lehiaketetan ez dago talde apalik, eta are gutxiago kanporaketak igaro ahala: zenbat eta urrunago iritsi, orduan eta talde indartsuagoak daude. Hori horrela izanik, ez da ezustekoa izan Bera Berari oso aurkari indartsuak egokitu izana Europako Ligako multzoen fasean. Danimarkako Ikasten, Errumaniako Dunarea Brailaren eta Norvegiako Larviken kontra jokatuko du ligaxkan. Hau da, Europako liga onenetako hiru talderen aurka ariko da.
Bera Berak urte berriarekin ekingo dio ligaxkari, eta urtarrilaren 9an edo 10ean jokatuko du lehen partida. Beste bost jokatuko ditu otsailaren 21a bitarte. Multzoko lehen bi sailkatuek final-laurdenak jokatuko dituzte.
Aurreko denboraldiko EHF Europako Eskubaloi Federazioaren sailkapenean, 32. postuan dago Bera Bera. Ikast, berriz, hamargarren postuan dago. Besteak beste, hirutan irabazi du Europako Liga, azkenekoz, duela hiru urte. Azken hiru denboraldietan Txapeldunen Liga jokatu du, eta iaz hura irabaztear egon zen, finalean galdu baitzuen. Zuzenean ariko da ligaxkan. Danimarkako Ligan, laugarren postuan dago: zazpi partida irabazi ditu, bat berdindu eta hiru galdu.
Dunarea Braila, berriz, hemeretzigarren postuan dago EHFren sailkapenean. Duela bi urte, Europako Ligako Lauko Finala jokatu zuen. Azken sasoian, berriz, final-laurdenetara iritsi zen; hain zuzen, Ikastek kanporatu zuen. Aurten, ligaxkan aritzeko, Norvegiako Molde talde indartsua kanporatu du. Errumaniako Ligan, bosgarren postuan dago: zazpi partida irabazi ditu, eta hiru galdu.
Larvik, berriz, talde historikoa da, Europako txapeldun izandakoa. Diru arazoak direla eta, garai txarra pasatu du —39. postuan dago—, baina berriro dabil gorenean. Horren erakusle, lider da Norvegiako Ligan: bederatzi partida irabazi ditu, eta bakarra galdu. Ligaxkan aritzeko, Frantziako bi talde kanporatu ditu: Niza eta Saint-Amand.
Jon Begiristain Bera Berako entrenatzailea ez da harritu zozketak emandakoarekin. «Espero bezala, aurkari gogorrak dira guztiak. Zaila izango da, baina denei aurre egiteko moduan gaude. Horretarako, baina, oso ondo aritu beharko dugu. Ea etxean jokatzen ditugun partidak festarako egunak diren. Gure zaleek aukera ederra izango dute oso jokalari onak ikusteko. Gure esku dago aurrerapauso bat ematea».