Eskubaloia

Imanol Alvarez: «Beste lan bat egin nahi dut: gazteak entrenatu nahi ditut»

Denboraldi amaieran Bera Beraren lehen taldea uztea erabaki du entrenatzaile ermuarrak. Bederatzi sasoi egin ditu klubean, eta, haren esanetara, taldeak hamazazpi titulu irabazi ditu. Klubean jarraitu nahi du lanean.

Imanol Alvarez eta Tati Garmendia. GORKA RUBIO / FOKU
Imanol Alvarez eta Tati Garmendia, elkar besarkatzen, gaur, prentsaurrekoaren amaieran. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
Donostia
2026ko martxoaren 2a
14:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aldaketa garrantzitsua izango da Bera Bera eskubaloi taldean datorren denboraldian: Imanol Alvarez ez da ariko entrenatzaile. Teknikari ermuarrak berak erabaki du sasoi amaieran lehen taldea uztea, zeregin horretan bederatzi urtez aritu eta gero: 2013-2014ko sasoian aurrenekoz, eta azken zortzi denboraldietan ondoren. Haren esanetara, taldeak sekulako palmaresa osatu du, hamazazpi titulu irabazi baititu: sei Espainiako Liga, bost Espainiako Kopa, hiru Espainiako Superkopa eta beste hiru Iberiar Superkopa.

«Aldatzeko beharra» sentitu du Alvarezek. «Ez da erabaki erraza izan, baina gertukook bazenekiten denbora neramala horri buruz hausnartzen. Hitzezko akordioa genuen klubak eta biok beste urtebetez jarraitzeko, baina abendutik hona barruak esaten zidan aldatzeko garaia zela, beste zerbait egiteko garaia zela. Saiatu dira ni konbentzitzen, baina ez dut iritzia aldatu. Gazteekin egin nahi dut lan. Hori da arrazoi bakarra. Eskubaloiari lotuta jarraitu nahi dut, entrenatzaile izaten jarraitu nahi dut, eta espero dut Bera Beran izatea. Ez da egitasmo erraza egin nahi dudana, baina hemen daude baldintzarik onenak lan hori egiteko», azaldu du gaur eguerdian, Donostiako Kirol Etxean eman duen prentsaurrekoan. Bete egin da aretoa: taldeko jokalariak, teknikariak eta klubeko ordezkariak, guztiak egon dira bertan, Alvarezi babesa ematen.

«Niretzat gauza handia izan da urte hauetan guztietan Bera Beraren balioak ordezkatzea, lantzea, zaintzea eta transmititzea»

IMANOL ALVAREZ Bera Berako entrenatzailea

Alvarez oso eskertuta azaldu da. Lehenbizi, eskerrak eman dizkie jokalariei, aurrekoei eta egungoei. Jarraian, klubari eman dizkio eskerrak, eta, batez ere, Tati Garmendia kirol zuzendariari —ondoan izan du prentsaurrekoan—. Zaleekin eta kazetariekin ere eskertuta azaldu da. Azkenik, bihotzez eskertu dio babes osoa familiari.

Gogoratu du «apur bat inkontzientea» izan zela onartu zuenean Tati Garmendiak lehen taldea entrenatzeko egin zion eskaintza. Duela hamahiru urte izan zen hori. «Ez nekien nora nentorren, baina bi aldiz pentsatu gabe esan nuen baietz. Niretzat gauza handia izan da urte hauetan guztietan Bera Beraren balioak ordezkatzea, lantzea, zaintzea eta jokalari guztiei transmititzea». Bere egin ditu balio horiek. «Balio horiek guztiak nire bizitzan aplikatzen ditut, pertsona hobea izaten laguntzen baitidate. Hori guztia izan da nire eguneroko lanaren leloa: pertsona gisa hazten lagundu dit, eta argudio asko eman honela lan egiteko, garaipenek baino gehiago. Balio horiek ez daude zenbait tokitan, baina Bera Beran sobran daude. Oso gustura nago klub honetan, eta gustatzen zait klub honen balioak ordezkatzea; on egiten dit».

Errematea eman nahi dio

Hiru hilabete falta dira denboraldia bukatzeko, eta Alvarezek ahalik eta ondoen amaitu nahi du. «Lehenbizi, Kopa altxatu nahi dugu Illunben, eta, gero, liga irabazi. Ez da erraza izango, baina helburu hori lortzeko egingo dugu lan egunero. Nire erabakia dela-eta, pare bat egun txar pasatu ditugu taldean, baina seguru nago jokalariek buelta emango diotela eta bete-betean ariko direla. Jokalari multzo onena dugu hori egiteko».

Tati Garmendia «oso hunkituta» mintzatu da. «Ez nuen nahi une hau iristerik, baina banekien iristear zegoela, Imanolek bere asmoaren berri eman baitzidan. Baina ez nuen uste une hori horren gertu zegoenik, edo ez nuen hori ikusi nahi. Inoiz ez nuen imajinatuko gure artekoak horrenbeste iraungo zuenik eta horren berezia izango zenik. Klubak eta biok eskerrak eman behar dizkizugu gure bidean gurutzatzeagatik, amets eginarazteagatik eta amets horietako batzuk betetzeagatik. Baina, batez ere, eskerrak eman behar dizkizugu gu aukeratzeagatik».

«Imanol eredu da, pertsona, entrenatzaile eta aurkari gisa. Milesker Bera Bera izateagatik. Espero dut klubean jarraitzea»

TATI GARMENDIA Bera Berako kirol zuzendaria

Saiatu dira Alvarez konbentzitzen, baina hark argi zuen. «Ez da erraza elitean eta horrenbesteko presioarekin horrenbeste urtez aritzea. Errespetatzen dut haren erabakia, baina ez nago ados». Haren ustez, klubaren eta ligako «inoizko entrenatzaile onena» da. «Oso zaila da berdintzea hark lortu duena. Baina titulu horien guztien atzetik lan handia dago, eta haren balioengatik eta leialtasunagatik nabarmentzen den pertsona bat. Imanol eredu da, pertsona, entrenatzaile eta aurkari gisa. Milesker Bera Bera izateagatik. Espero dut klubean jarraitzea. Egun tristea da, baina jarraitu beharra dago. Badakit gertu izango zaitugula. Erronka asko eta oso politak ditugu aurrean. Haien bila joango gara. Ligak zure falta sumatuko du, Imanol».

Bera Berako kirol zuzendariak aitortu duenez, horren ezustekoa izan da Alvarezen erabakia, ez baitira hasi haren ordezkoa topatzeko lanean. Nolanahi ere, hasi dira datorren denboraldia prestatzen. Klubak jada jakinarazi du lau jokalarik ez dutela taldean jarraituko: Nicole Wigginsek, Eszter Ogonovskik, Laura Hernandezek eta Lyndie Tchapchetek. Aldiz, bi jokalari fitxatu ditu: Amandine Balzinc atezain frantziarra, Atletico Guardesetik, eta Melida Marie Louis ezker hegaleko frantziarra, Zonzamas Lanzarotetik. Louis, beraz, Donostiako taldera itzuliko da urtebeteren ostean. Bi horiez gain, bost jokalarik kontratua dute datorren denboraldirako: Carmen Arroyok, Elena Amoresek, Anne Erauskinek, Ester Somazak eta Sora Ishikawak.

BIDASOA, EZINEZKOAREN BILA KIELEN

Bidasoak bihar jokatuko du Alemanian, Kielen aurka, Europako Ligako bigarren ligaxkako hirugarren jardunaldian (18:45, ETB4). Irundarrak multzoko azkenak dira, ez baitute punturik lortu. Kiel, berriz, lider da, zortzi puntu bilduta. Tartean, Flensburg (sei puntu) eta Montpellier (bi puntu) daude. Bidasoak eta Kielek elkarren aurka jokatu zuten duela astebete, Artalekun, eta alemaniarrek 32-37 irabazi zuten. Bihar, irundarrek lehiakor aritu nahi dute berriro, baina jakinik oso zaila dela Kiel ezustean harrapatzea, are gehiago haren pistan. Horretarako, joan den ostiralean baino askoz hobeto jokatu beharko dute, ezustean galdu baitzuten etxean, Navaren aurka. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.