2026-2027ko denboraldian, derbia jokatuko dute Espainiako Ohorezko Mailako ligaren lehen jardunaldian: Bera Bera eta Beti Onak elkarren aurka ariko dira Donostiako Gaska kiroldegian, irailaren 9an. Liga erregularreko aurreneko partida izango da hori. Beste 25 jokatuko dituzte 2027ko maiatzaren 1a bitarte. Bera Berak etxean jokatuko du azken neurketa, Zonzamasen aurka. Beti Onak, berriz, Malagan (Espainia) ariko da.
Espainiako Eskubaloi Federazioak aldaketa nabarmenak egin ditu lehiaketa sisteman. Hala, ez da jokatuko ez titulurako kanporaketarik, ezta mailari eusteko ligaxkarik ere. Hortaz, liga erregularreko lehen lau sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte, joan-etorriko kanporaketan. Bi finalerdi horietako irabazleek, berriz, finala jokatuko dute. Hiru neurketara jokatuko dute final hori. Liga erregularreko azken bi sailkatuek, berriz, maila galduko dute.
Bera Berak irailaren 6an ekingo dio denboraldiari, egun horretan jokatuko baitu Espainiako Superkopa, Ro'Casaren aurka. Aurreko hiru urteetan Iberiar Superkopa jokatu dute, baina, aurten, Portugalgo taldeek uko egin diote txapelketa hori jokatzeari, eta, lehen egiten zen bezala, Espainiako Ligako txapelduna eta Kopakoa ariko dira elkarren aurka; hau da, Ro'Casa eta Bera Bera lehiatuko dira. Donostiako taldeak irabazi ditu azken hiru Iberiar Superkopak, baita Espainiako Superkoparen azken aldia ere.