Arrisku bizian dago Bera Bera. Ezin du berriro huts egin. Asteazkenean Espainiako Ohorezko Mailako finaleko lehen partida galtzeagatik dago estu eta larri. Donostiako taldeak 19-23 galdu zuen Ro’Casaren aurka, Gaskan. Beraz, hirugarrenez jarraian ligako txapeldun izan nahi badu, hurrengo bi partidak irabazi behar ditu nahitaez. Aldiz, bigarrenez galtzen badu, esku hutsik geratuko da aspaldiko partez.
Gaur jokatuko du bigarren neurketa. Telden (Espainia) ariko da, Ro’Casaren pistan, 19:45ean hasita (ETB2 On). Ro’Casak dauka orain abantaila: aurretik da kanporaketan eta etxean jokatuko du. Horri etekina atera nahi dio finala erabakita uzteko eta bigarrenez ligako txapeldun izateko. Asmo hori zapuztu nahi diote donostiarrek.
Horretarako, lehen partidan baino askoz hobeto aritu beharko dute: nahi eta ezin aritu ziren. Ezintasun horrek erasoan jo zuen goia, eta, batez ere, lehen zatian, bost gol bakarrik sartzeko gai izan baitziren. Silvia Navarro Ro’Casako atezainak eta zutoinek etxekoen ahalegin gehienak zapuztu zituzten. Bigarren zatian hobera egin zuten, eta aurkaria baino gehiago izan ziren minutu askoan, baina ordurako pilatu zuten desabantaila gaindiezina izan zen.
Imanol Alvarez sinetsita dago gaur neurria emango dutela. «Etxean baino hobeto jokatuko dugu. Saiatu behar dugu kanporaketa Donostian erabaki dadila. Ez da erraza Ro'Casari irabaztea, baina lor dezakegu, ez baita gu baino askoz hobea. Ez dugu miraririk egin behar irabazteko. Gauzak ondo egiten baditugu, aukera askoz gehiago izango ditugu».
Bidasoak Europa du begiz joa
Asobal ligan, Bidasoak gaur jokatuko du azken partida, Cuencaren pistan, 18:00etan. Irundarrak laugarren dira sailkapenean, eta, gehienez postu bat hobetu dezakete, puntu batera baitute hirugarren sailkatua, Granollers. Baina, aldi berean, ezin dira deskuidatu, puntu bakarrera baitute bosgarren sailkatua, Torrelavega. Gaurko aurkariak, Cuencak, ez du ezer jokoan. Bidasoak, berriz, hirugarren urtez jarraian sailkatu nahi du Europako Ligarako.Â