Bera Berak ligako titulua lortu nahi badu, finala irauli beharko du. Gipuzkoako taldea kamuts aritu da erasoan eta defentsan, eta galdu egin du finaleko lehen partida, Ro’Casaren aurka: 19-23. Lehen zati oso txarra jokatu dute Imanol Alvarezek zuzendutakoek, eta bost gol baino ez dituzte sartu: 5-12 joan dira atsedenaldira. Bigarren zatian, hobeto aritu dira, baina ez dute asmatu partidari nahi bezalako erritmoa ezartzen. Garaikurra irabazteko, hobeto aritu beharko dute, ezinbestean. Igandean jokatuko dute bigarren partida, Telden. Eta, irabaziz gero, ekainaren 3an izango dute lehia erabakigarria, etxean.
Bera Berak oraindik ez du esan azken hitza, gaur pattal aritu arren. Etxeko taldeak sartu du neurketako lehen gola, bigarren minutuan, baina, hortik aurrera, ezinean aritu da erasoan. Aurkaria sendo jarri da atzean, eta Navarro atezaina horma bat izan da. Horiek horrela, Ro’Casak aurrea hartu du markagailuan. Ohartzerako, nabarmena zen aldea: 1-8.
Urduritu egin dira gipuzkoarrak, eta zenbait huts egin dituzte. Kanaria Handiko taldeak, berriz, konfiantza hartu du. Ro’Casa patxadaz saiatu da jokaldiak harilkatzen; Bera Bera, berriz, bizi, edo, hobeto esanda, presaka. Ordu laurdena betetzerako, aldapan gora jarri zaio neurketa. Trabatuta zebilen erasoan, zirrikituak ezin topatuta, eta jokalariak estutzen hasiak ziren. Hori ikusita, lasai jokatzeko eskatu die Imanol Alvarez entrenatzaileak. Hemezortzigarren minutuan sartu du taldeak bigarren gola.
Atezaina bakarrik ez, zutoina ere etsai izan dute Bera Berakoek: bost aldiz jo dute lehen zatian —eta bi aldiz bigarrenean—. Tentsioa agerikoa zen. Nola edo hala ari ziren saiatzen egoerari buelta ematen, baina argitasunik gabe. Nahi eta ezin ari zen Bera Bera. Azkenean, 5-12 amaitu da lehen zatia. Eta txarrena, emaitza pistan ikusitakoaren isla zela.
Sendo eta ondo ari zen Ro’Casa, eta bigun eta kaskar Gipuzkoako taldea. Bigarren zati osoa zuten egoerari buelta emateko, baina, horretarako, goitik behera aldatu behar partidaren gidoia.
Amore eman ez, eta lanean segitu dute. Hobeto ekin diote lehiari atsedenalditik bueltan, baina Ro’Casak neurketa kontrolpean izan du lehen minutuetan. Ez diote utzi nahi aldeari ihes egiten, eta, lehen zatiko erakustaldiak hauspotuta, lortu dute. Azkar eten dute Bera Beraren joa.
Gipuzkoako taldea motel ari zen, partidari erritmoa ezin ezarrita. Baina, apurka, gora egin du, eta aldea murriztu. Nicole Wiggins atezainaren lana funtsezkoa izan da, baita Elke Josselinne Karsten ate aurrean fin aritu izana ere: zazpi gol sartu ditu. Hogei minutu falta zirela, 10-15 zihoazen, eta hamar minutu falta zirela, 14-18. Zaleen bultzada lagun, aurkaria estutzen hasi dira gipuzkoarrak.Â
Azken txanpan, ordea, Bera Berak ez du egin urrats erabakigarria. Aurkariak ondo kudeatu du aldea, eta merezita irabazi. Bera Berak, berriz, merezita galdu.
Hurrengoa, igandean
Lehen partida galduta, igandean jokatuko dute bigarrena, Telden. Bera Berak badu ahalmena finala iraultzeko, baina Ro’Casak ez dio ezer oparituko. Aurkari gogorra da. 1988-1989ko denboraldian igo zen maila nagusira, eta, ordutik, gorenean ari da lehian. Gainera, urte askoan Bera Beraren aurkari zuzena izan da tituluen lehian. Koska bat beherago aritu da azken denboraldietan, baina urratsa egin du sasoi honetan. Liga erregularreko bi talde indartsuenak izan dira.
2013tik zortzi finaletan aritu dira elkarren aurka: hiru Superkopa eta bi Espainiako Kopa irabazi ditu Bera Berak Ro’Casaren kontra, eta Superkopa bat eta bi Espainiako Kopa Ro’Casak Bera Beraren aurka.
Bera Berak helburua argi du: sasoiko hirugarren garaikurra lortzea. Espainiako Kopa eta Iberiar Superkopa poltsikoratu ditu, baina gogor egin beharko du lan ligako titulua eskuratzeko. Taldeak azken urteetan erakutsi du zertarako gai den, eta badaude baikor izateko motiboak.