Bera Berak eta Bidasoak gaur ekin diote denboraldiaurreari

Donostiako taldeak lau fitxaketa egin ditu; Irungo taldeak, berriz, sei. Hilabete dute orain egokitu eta sasoi hasierara bete-betean iristeko.

(ID_15168814) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-07-23, Donostia. Bera Berak denboraldiko lehen entrenamendua egin du
Bera Berako kideak lehen entrenamenduaren aurretik. JON URBE/ FOKU
2025eko uztailaren 23a
21:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bera Berak eta Bidasoak ilusioz ekin diote denboraldiaurreari. Bi taldeek gaur ekin diete entrenamenduei, eta hilabete izango dute multzo moduan egokitu eta sasoia hartzeko. Bera Berarentzat denboraldi ahaztezina izan zen aurrekoa. Liga eta Espainiako Kopa eta Superkopa irabazi zituen segidan bigarrenez, eta Europako Ligan urrats batera geratu zen Lauko Finala jokatzetik. Bada, denboraldi honetan bide horretatik segitu nahi du. Bidasoarentzat, berriz, garratza izan sasoi amaiera, Europako postuetatik kanpo geratu baitzen azken txanpan. Azkenean, gonbidatu gisa arituko da Europako ligan, eta atariko kanporaketa jokatu beharko du. Datorren denboraldian halakorik ez gertatzeko, zuzenean lortu nahiko du sailkapena, eta hori izango du helburu.

Bera Berari dagokionez, lau jokalari berri izan dira lehen egunean: Nicole Wiggins atezaina, Esther Somaza ezker albokoa, Elena Amores ezker hegalekoa eta Lisanne Kruijswijk erdikoa. Wiggins Niza taldetik iritsi da; Somaraza Granollersetik fitxatu dute; Amoresek Guardesen jokatu du orain arte; eta Kruijswijk, berriz, Suediako ligan lehiatu da, Skara taldean. Gainera, Naroa Zabala, Elene Vazquez, Haizea Urretabizkaia, Eider Tapia eta Oihana Murgiondo gazteek lehen taldearekin egingo dute denboraldiaurrea.

Joan den sasoia amestu moduan amaitu zuen Bera Berak, eta, ondorioz, denboraldia amaitzean klubak Imanol Alvarez entrenatzailearen kontratua urtebeterako berritzea erabaki zuen. Bizkaitarrak zazpigarren denboraldia izango du jarraian Donostiako taldea zuzentzen. 2013an iritsi zen Bera Beraren aulkira, baina, hasi eta urtebetera semea jaio zenez, ez zen taldea zuzentzera itzuli 2018ra arte. Oraingo honetan klubak bi urterako kontratua eskaini zion, baina Alvarezek urtebeterako sinatu zuen, «urtez urte» joatea nahiago duela argudiatuta.

Guztiek, baina, ez dute Alvarezen bidea hartu; izan ere, Melinda Louis hegalekoak eta Tamara Kostic atezain serbiarrak ez dute taldean jarraituko. Klubean zigilu nabarmena utzita, erretiroa hartu dute, berriz, Alba Menendezek eta Esther Arrojeriak. Klubak apirilean iragarri zuen ez zutela taldean jarraituko, eta bien artean hogei liga, hamalau Espainiako Kopa eta hemezortzi Espainiako Superkopa palmaresean iltzatuta esan dute agur. Menendezek 468 partida jokatu ditu, eta horietan 847 gol sartu; Arrojeriak, berriz, 370 norgehiagokatan 1.003 gol sartu ditu.

Joan den asteartean egin zuten Europako ligako zozketa, Vienan (Austria), eta bertan jakin zuen taldeak lehiaketako hirugarren kanporaketan Dijon Frantziako taldea izango dutela aurkari. Hori prestatzeko oraindik badu denbora, joaneko norgehiagoka azaroaren 8-9ko asteburuan jokatuko baitute, eta itzulikoa astebete geroago, 15-16ko asteburuan.

Ligako gainontzeko taldeek bezala, abuztuaren 30-31ko asteburuan ekingo dio ligari, Gaskan; Porriño Galiziako taldea izango du aurkari. Amaiera ere etxean emango dio, apirilaren 18-19ko asteburuan, Valladoliden aurka.

Joan den denboraldiko Espainiako Kopako garaikurrari beste opari bat gehitu zitzaion; izan ere, sasoi honetan Donostian jokatuko da berriz ere, eta, horrenbestez, Bera Berak motibazio bat gehiago izango du: zaleen aurrean titulua defendatzea.

Lehen entrenamenduaren aurretik, denboraldian dituzten helburuen inguruan mintzatu da Imanol Alvarez: «Zaila izango da joan den denboraldian lortutakoa berriz lortzea, baina hori izango da gure abiapuntua, eta ideia horrekin ekingo diogu».

Fitxaketek taldeari emango diotenaren inguruan ere hitz egin du Alvarezek: «Oraingoz, fitxatutako jokalariekin eta taldearen dinamikan sartuko diren gazteekin osatuko dugu taldea. Nire ustez, ongi indartu da taldea. Gainera, batzuk ezagutzen ditut Espainiako selekzioan nirekin aritu direlako, eta uste dut guztiek emango digutela zerbait».

Taldeak hainbat lagunarteko jokatuko ditu. Abuzutaren 9an, 19:00 Beti Onak taldearen kontra jokatuko du Lekunberrin (Nafarroa). Abuztuaren 12 eta 14 artean Egiako torneoan hartuko du parte, eta 22 eta 23an Summer BAG txapelketan.

Bidasoa ere martxan

Bidasoak ere gaur egin du denboraldiaurreko lehen entrenamendua. Alex Mozasek zuzentzen duen taldeak bizkor egokitu beharko du, hilabete eskas barru izango baitu denboraldiko lehen partida garrantzitsua: Europako ligako atariko kanporaketa jokatuko du. Braga taldea izango du aurkari, eta joaneko partida abuztuaren 30ean edo 31n jokatuko du, Artalekun; itzulerakoa, berriz, astebete geroago, Portugalen. Aurreko denboraldian azken unean geratu zen Europako postuetatik kanpo Irungo taldea, eta gonbidatuta arituko da txapelketan. Horregatik jokatu beharko du atariko kanporaketa. Aurreko denboraldian Europako ligako lauko finala jokatzetik urrats batera geratu zen. Melsungenek kanporatu zuen.

Asobal ligari, berriz, irailaren 13an ekingo dio, etxean berriz ere, Ciudad Realen kontra. Espainiako taldea gorenera igo berri da. Mozasek taldearen helburua aurreko denboraldietakoa izango da: Europarako sailkatzea. Lehia horretan Ademar Leon, Torrelavega eta Granollers izango ditu aurkari nagusiak. Izan ere, nahiz eta aldaketa asko izan Bartzelonak koska bat gorago jarraituko duela ematen du.

Denboraldi berriaren erronkei heltzeko, Bidasoak hainbat jokalari fitxatu ditu: Nacho Valles eta Mario Nevado (Nava) erdikoak —Nevadok alboko moduan ere joka dezake—, Xavi Tua (Logroño) eta Xavi Gonzalez (Anaitasuna) hegalekoak eta Iñaki Peciña pibotea (Chanvery). Taldea utzi dute, berriz, Asier Nietok, Mikel Zabalak, Pedro Pachecok eta Thodoris Boskosek. Jon Ander Iribar, Jakob Sladkowski, Asier Iribar, Pol Quiroga eta Tao Gay, bestalde, utzita joango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.