BERA BERA 25-23 ELDA

Bera Berak gogotik sufritu du Espainiako Kopako finalerako sailkatzeko

Eldak oso estu hartu du etxeko taldea, eta gutxigatik ez dio zapuztu festa. Baina Bera Berako jokalari onenak azaldu egin dira azken txanpan, eta emaitza irauli dute. Donostiarrek Guardesen aurka jokatuko dute bihar Kopako finala.

Bera Bera. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Bera Berako jokalariak, garaipena ospatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko maiatzaren 9a
21:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bera Berak urrats bakarrera dauka hamargarrenez Espainiako Kopa irabaztea, laugarrenez jarraian. Donostiako taldea 25-23 nagusitu zaio gaur Eldari finalerdietan, Illunben, eta bihar toki berean jokatuko du finala, Atletico Guardesen aurka (13:30, Teledeporte). Galiziako taldeak luzapenean hartu du mendean Ro’Casa, beste finalerdian: 20-24. 

Bera Berak ez du luzapena jokatu beharrik izan, baina gorriak eta bi ikusi ditu Eldari irabazteko. Emaitza oso estua izan da, baina, hala ere, ez du benetan islatzen zein borrokatua izan den partida. Eldak arrisku bizian jarri du etxeko taldea, eta gutxigatik ez dio zapuztu festa. Horren erakusle da neurketa amaitzeko hamar minutu eskas falta zirela Herrialde Katalanetako taldea bi gol zela aurretik: 19-21. Bost minuturen faltan ere aurretik zen: 21-22.

Baina jokalari bikainak ditu Bera Berak, eta jokalari bikainak une erabakigarrietan azaldu ohi dira. Halaxe egin dute gaur: taldeak haien beharrik handiena zuenean azaldu dira. Horri esker, Donostiako taldea gai izan da emaitza irauli, irabazi eta finalerako sailkatzeko. Ia 4.000 lagun bildu dira Illunben, gehien-gehienak etxeko zaleak, eta horiek guztiak nerbioak jota egon dira Maitane Etxeberriak azkeneko gola sartu duen arte, 25-23koa. Orduan hartu dute arnasa sakon, ordu arte sekulako ezinegona izan baitute. 

Hasieratik argi geratu da Elda gogotik saiatuko zela, eta Bera Berak irabazi egin nahi bazuen bete-betean aritu beharko zuela. Lehen hamar minutuetan bi taldeak elkarri golak eginez aritu dira; joera, ordea, bisitarien aldekoa zen. Elba Alvarezek eten du joera hori, eta, haren golei esker, etxekoak aurretik jarri dira lehen aldiz, eta, pixkanaka, aldea ateratzen hasi: 11-8, hogeigarren minutuan.

Abiada hartua zuten, baina, Eldak kolpez geldiarazi ditu: defentsan estutu, erasoan asmatu eta lau gol sartu dizkie jarraian (11-12). Bera Bera zortzi minutuz egon da golik sartu gabe. Elba Alvarezek azaldu behar izan du berriro, bi gol sartu eta etxekoak atsedenaldian aurretik jartzeko: 13-12. Ordurako erdikoak sei gol zituen sartuak, Bera Berak sartutakoen ia erdiak. Izugarri estu zihoan lehia.

Jokalari erabakigarriak 

Eta horrela joan da bigarren zatia ere. Eldak hobeko ekin dio, eta aurretik jarri da. Deseroso zebilen Bera Bera, bere jokoa egin ezinda. Baina orduan azaldu dira etxekoen jokalaririk onenak. Lehen zatian, Elba Alvarezek eutsi dio Bera Berari. Bigarren zatian, berriz, Elke Karsten nabarmendu da horretan, sartu dituen lau golak orduan sartu baititu. Lucia Pradesek ere ekarpen garrantzitsua egin du, 23-22 aurretik zirela penalti bat gelditu baitu. Jarraian, Karstenek eman dio azken-aurreko errematea Eldari. Eta Maitane Etxeberriak eman dio azkena.  

Donostiako taldeak Atletico Guardesen aurka jokatuko du bihar finalean. Galiziako taldeak neurria hartua dio Bera Berari denboraldi honetan: ligako lehen itzulian, 25na berdindu zuten Guardan, eta, bigarrenean, 28-30 irabazi zuen Guardesek Gaskan. Horrek agerian uzten du aurkari indartsua dela.

Bera Berak Europako Ligan jokatuko du datorren denboraldian. Horixe egin nahi du ere Bidasoak, eta, helburu horretan partida garrantzitsua jokatuko du bihar, Galizian, Cangasen aurka (18:30). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA