Bera Berak hirurak nahi ditu hirugarrenez

Donostiako taldeak gaur ekingo dio Gaskan Ligako finalari. Ro'casa izango du kontrario. Anne Erauskin jokalariak nabarmendu taldea «ondo» jokatzen ari dela, eta Kopa irabazteak indarra eman diela. «Bizi jokatu behar dugu, eta defentsan adi egon».

Bera Berako jokalariak finalerako sailkatu izana ospatzen. OSCAR ARAUJO
Bera Berako jokalariak finalerako sailkatu izana ospatzen. OSCAR ARAUJO
ainara arratibel gascon
2026ko maiatzaren 27a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nekeza da titulu bat irabaztea. Zer esanik ez denboraldi batean hiru lortzea. Azken bi denboraldietan balentria hori egin zuen Bera Berak, liga, Espainiako Kopa eta Iberiar Superkopa irabaztea lortu baitzuen. Sasoi honetan ere hori egitear da. Donostiako taldeak Bidebietan duen garaikurren txokoan daude Iberiar Superkopa eta Espainiako Kopa. Kopak bi aste baino ez daramatza bertan. Gaurtik aurrera, gainera, liga irabazteko lehiatuko da. Lortuz gero, bederatzi titulu izango lirateke hiru denboralditan. Aurrean Ro'Casa izango du. Kanaria uharteetako taldea Bera Beraren aurkari zuzena izan zen urte askotan tituluen lehian, baina koska bat beherago aritu da azken denboraldietan. 2019an irabazi zuen azken aldiz liga, eta titulurako kanporaketak jokatzen direnetik, 2022-2023 denboralditik, ez da final bakar batean ere egon. Denboraldi honetan, ordea, garai bateko mailara itzuli da. 

Gaur jokatu dute lehen partida Gaskan (19:15, Tdp); bigarrena, igandean, Telden (19:45, Tdp). Eta hirugarrena beharko balitz, Bera Berak zaleen babesean jokatuko luke neurketa hori ekainaren 3an, Gaskan (19:30, Tdp). Anne Erauskin donostiarren kapitainak aitortu du fisikoki «zertxobait nekatuta» daudela. «Azken asteetan egutegi betea izan dugu. Neurketa asko jokatu behar izan ditugu: adibidez, Kopan hiru izan ziren hiru egunetan. Gainera, sasoi amaieran beti pilatzen da nekea. Jokalari garrantzitsu batzuk ere min hartuta dauzkagu, eta nabari da». Baina aldi berean mentalki «oso indartsu» daudela nabarmendu du: «Gogotsu eta ilusioz gaude, eta etxean Kopa irabazteak sekulako bultzada eman digu azken txanpa honetarako». Hala, argi esan du: «Geratzen zaizkigun indar apurrak partida hauetan xahutuko ditugu».

Denboraldi honetan bi aldiz neurtu dituzte indarrak, biak liga erregularrean. Lehen itzulian, Gaskan, Bera Bera 30-27 gailendu zen. Donostiarrak ez ziren ondo aritu lehen zatian. Atsedenaldira lau gol atzetik iritsi zen: 11-15. Bigarrenean, ordea, buelta eman zioten. Bigarren itzulian, Telden, etxeko taldeak irabazi zuen: 25-24. Bigarren zati kaskarra jokatu zuen Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldeak, eta une oro kontrakarrean aritu zen. Azken bost minutuetan estutu egin bazuen ere, ez zen nahikoa izan neurketa iraultzeko. Liga erregularrean bi talde indartsuenak izan ziren. Bera Berak lehen postua amaitu zuen, 43 punturekin. Jokatutako 26 neurketatik 21 irabazi zituen, bat berdindu eta lau galdu. Bigarren izan zen Ro'Casa, 38 punturekin. Kanaria Handiko taldeak 19 neurketa irabazi zituen, eta zazpi galdu. Kanporaketetan, Bera Berak Logroño eta Porriño utzi zituen kanpoan; Ro'Casak, berriz, Elx eta Malaga.

Pibotea eta kanpoko jaurtiketak

Gauzak horrela, Erauskinek final «parekatua» espero du: «Detaile txikiek erabakiko dute: baloi galerek, arreta faltak... Ez dugu halako hutsik egin behar, eta batez ere defentsan oso oldarkor aritu behar dugu. Larunbatean, Porriñok 33 sartu zizkigun, eta gehiegitxo izan ziren. Hasieratik asko estutu behar dugu». Horri lotuta, autokritika egin du: «Denboraldi honetan, partidetako aldi batzuetan ez gara adi egon, eta, horren ondorioz, zaildu egin zaizkigu. Oraingo honetan ezin zaigu halakorik gertatu». Bera Berak 23 gol jaso ditu batez beste norgehiagokako; Ro'Casak bat gutxiago 22. Bizi jokatu behar dutela ere nabarmendu du: «Hori da gure indarguneetako bat. Gainera, hala eginda haiek gehiago nekatuko dira, eta hor abantaila txiki bat izan dezakegu, jokalari gehiago ditugulako aulkian jokatzeko prest. Kopan txandakatzeak erabakigarriak izan ziren. Imanolek [Alvarez entrenatzailea} oso ondo kudeatu zuen jokalari bakoitzak zenbat denboraz jokatu behar zuen».

Ro'Casa «gauza asko ondo egiten dituen taldea» dela azpimarratu du. Horien artean bi nabarmendu ditu: «Pibotearekin jokatuta, min handia egiten du. Maria Zalduak sekulako aurrerapausoa eman du denboraldi honetan. Izugarri ondo ulertzen eta aurreikusten du taldekideek zer egingo duten. Urrutitik ere jaurtitzaile trebeak ditu. Ezin diegu utzi erasoa ondo antolatzen, geldikako jokoan ondo moldatzen baita. Denboraldi hasieratik igarri nion ondo arituko zirela» Larissa Da Silva ezker albokoa eta Linnea Sundholm eskuin hegalekoa dira taldeko golegile nagusiak. Liga erregularrean, 105 eta 88 gol sartu zituzten hurrenez hurren. Ro'Casak 25 gol sartzen ditu batez beste partidako. Arlo horretan Bera Bera nagusi da, 28 sartzen baititu. 

«Ro'Casa gauza asko ondo egiten dituen taldea da. Pibotearekin jokatuta, min handia egiten du. Gainera, urrutitik ere jaurtitzaile trebeak ditu»

 ANNE ERAUSKIN Bera Berako jokalaria

Finalak gutxienez bi neurketa izango dituen arren, arreta osoa gaurkoan dute jarria: «Gaur [astelehenean] bideo saio bat izan dugu, eta Imanolek eman digun lehen mezua argia izan da: partidarik garrantzitsuena lehenengoa dela. Horrek baldintzatuko du kanporaketaren nondik norakoa». Etxean irabazita, «lasaitasun apur bat gehiagorekin» heldu ahalko diote igandekoari: «Hori oso garrantzitsua da. Izan ere, deserosoa izaten da Ro'Casaren pistan jokatzea: zaleek asko estutzen dute, bero handia egin ohi du...».

Hirugarrenez segidan hiru garaikur irabaztea «balentria handia» litzateke: «Gaur egun normaltzat jotzen da Bera Berak garaikurrak irabaztea. Baina inork ez digu ezer oparitzen. Lan handia dago horren atzean. Esango nuke, gainera, denboraldi hau aurrekoa baino zailagoa izan dela. Gorabehera gehiago izan ditugu, eta azken txanpan Esterrek [Somoza] eta Lyndiek [Tchaptchet] min hartu izanak zaildu egin dizkigu gauzak».

Garaikurra Alvarez entrenatzaileari eskaini nahi diote, jakina baita zazpi denboraldiren ostean kargua utziko duela. Erauskinek ondo ezagutzen du, biak Ermukoak baitira, eta kontatu du nola ikusten duen. «Zertxobait urduri ikusten dut, baina, aldi berean, azken partida hauetaz asko gozatzen, eta hirugarren garaikur hori lor dezakegula konbentzituta». Erauskin haren eskutik iritsi zen Bera Berara, eta egun taldeko kapitainetako bat da: «Oso harro nago talde honetako kapitaina izateaz. Ardura handia da, baina aldi berean plazera. Ardura hori Maitanerekin partekatzeak, gainera, asko errazten ditu gauzak». Bere denboraldiaz ere mintzatu da: «Uste dut ondo aritu naizela, nahiz eta lesio txiki bat izan nuen eta ondoren kostatu egin zitzaidan erritmoa hartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA