Bera Berak Valladoliden aurka jokatuko du Kopako final-laurdenetan, eta Beti Onak-ek Guardesen kontra

Donostian jokatuko da txapelketaren azken fasea, maiatzaren 8tik 10era. Joan den denboraldian bi taldeak iritsi ziren finalera, eta oraingoan ere beste horrenbeste egiten ahaleginduko dira.

Bera Berako eta Beti Onak-eko jokalariak, elkarrekin, iazko finala jokatu eta gero. BERA BERA
Bera Berako eta Beti Onak-eko jokalariak, elkarrekin, iazko finala jokatu eta gero. BERA BERA
ainara arratibel gascon
2026ko otsailaren 17a
15:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskubaloiko emakumezkoen Espainiako Kopako aurreko aldia gogoangarria izan zen. Izan ere, gorenean ari diren bi euskal taldeak, Bera Bera eta Beti Onak, finalera iritsi ziren. Donostiako taldeak irabazi zuen titulua: 30-21. Atarrabiakoari (Nafarroa), berriz, hortik sortu zitzaion denboraldi honetan Europan lehiatzeko aukera. Bada, bi taldeek finalera iritsi nahi dute sasoi honetan ere. Are gehiago azken fasea Donostian jokatuko dela jakinda. Maiatzaren 8tik 10era izango da, eta bi taldeek gaur jakin dute zer bide orri izango duten lehiaketan. Lehen urratsa final-laurdenetakoa izango da. Kanporaketa horretan, Bera Berak Aula Valladoliden aurka jokatuko du, eta Beti Onak taldeak, berriz, Guardesen kontra. Iazko finalistak izanik, zerrendaburuak dira bi euskal taldeak, eta finalean baino ezingo dute jokatu elkarren kontra. 

Taldeei erreparatuta, donostiarrei egokitu zaie kanporaketen alderik samurrena. Bera Berak lortu du garaikurra azken hiru denboraldietan, eta aurten ere horretan ahaleginduko da, etxean bertan gainera. Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldea bolada txarrean da, ligan jokatutako azken bost partidetatik lau galdu baititu. Baina joera hori aldatu nahi dute, eta denboraldi honetan ere hiru garaikur lortu: Iberiar Superkopa irabazi zuten irailean, eta, hemendik denboraldia amaitu bitarte, Liga eta Kopa eskuratzen saiatuko dira.

Askotan esan ohi da halako txapelketak etxean jokatzea zama bat dela, baina Maitane Etxeberriak, donostiarren kapitainak, baikor hitz egin du: «Presioa beti hor dago, baina oso gogotsu gaude. Kopa etxean jokatu dugun azken bi aldietan asko gozatu dugu, eta espero dugu oraingoan ere hala izatea. Ziurra da zaleen hauspoa izango dugula». Etxeberriak onartu du ez daudela garai gozoan: «Baina ondo ari gara lanean, eta espero dut Kopara iritsi aurretik ere gure sasoirik onenean egotea». 

«Presioa beti hor dago, baina oso gogotsu gaude. Kopa etxean jokatu dugun azken bi aldietan asko gozatu dugu, eta espero dugu oraingoan ere hala izatea»

MAITANE ETXEBERRIA Bera Berako jokalaria

Final-laurdenetan izango duten aurkariaz, Valladolidez, zera adierazi du Alvarezek: «Denboraldiro aldatu behar izaten du jokalarien multzoa. Baina ondo lehiatzen da beti, eta talde arriskutsua da. Partida amaierara estu iristen bagara, sufritu egingo dugu». Denboraldi honetan behin jokatu dute elkarren kontra. Ligako lehen itzulian izan zen, Valladoliden, eta Bera Bera nagusitasunez gailendu zen: 19-38. Bigarren itzuliko partida apirilaren 18an jokatuko dute, Gaskan. Liga erregularreko azken norgehiagoka izango da. 

Irabaziz gero, Bera Berakoek Logroño edo Elda izango dute kontrario finalerdietan. Bi talde horiek ezustea eman zuten txapelketako bigarren kanporaketan. Izan ere, Logroñok Malaga utzi zuen kanpoan, eta Eldak Elx. 

Iazko aurkari bera

Beti Onak taldeak ezustea eman zuen joan den denboraldian. Espainiako Kopan estreinakoz aritu, eta finalerako sailkatzea lortu zuen. Hain zuzen ere, aukari bera izango dute orain final-laurdenetan: Guardes. Orduko hartan nafarrek partida bikaina jokatu zuten hasi eta buka, eta 26-22 irabazi. Macarena Sans jokalariak esan du «oso berezia»  izan zela hura. «Amets bat izan zen finalera iristea. Partidaz partida egin genuen bidea, eta denboraldi honetan ere hala egingo dugu». Adierazi du Guardes aurkari «oso gogorra» dela: «Gure arteko partidak lehia handikoak izaten dira beti, eta uste dut oraingoa ere halakoa izango dela».  

Miguel Etxeberriak, nafarren entrenatzaileak, kontatu du Kopan lehen aldiz aritzea «ikasgai» handia izan zela. «Presiorik gabe jokatzea eta ausart aritzea funtsezkoak izan ziren, eta horixe egingo dugu orain ere». Etxeberriak ere kanporaketa «parekatua eta lehia bizikoa» espero du: «Bi taldeek ondo ezagutzen dugu elkar, eta tarterik erabakigarrietan asmatzen duenak asko izango du irabazita. Haiek iazko arantza kentzen ahaleginduko dira, baina, gure onena ematen badugu, aukerak izango ditugu». Bera Berak eta Valladolidek bezala, denboraldi honetan behin neurtu dituzte indarrak Beti Onak-ek eta Guardesek. Etxeberriak zuzendutako taldeak 29-21 galdu zuen, Galizian. Martxoaren 10ean neurtuko dituzte berriz indarrak. 

«Guardes aurkari oso gogorra da. Gure arteko partidak beti izan dira lehia handikoak, eta uste dut oraingoa ere halakoa izango dela»

MACARENA SANS Beti Onak taldeko jokalaria

Finalerako bidean aurkari gogorragoak egokitu zaizkie Atarrabiakoei. Izan ere, Guardes kanpoan uzten badute, Granollersen edo Ro'Casaren aurka jokatu beharko dute finalerdietan. Herrialde Katalanetako taldearen kontra arituz gero, joan den sasoiko bide orri bera izango lukete. Ro'Casa, bestalde, bikain ari da sasoi honetan, azken denboraldietan apur bat behera egina bazuen ere. Orain, ligako lehen postuan dago Kanaria uharteetako taldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.