Berasategi eta Llanos, podiumaren peskizan

Bi horiez gain, beste hiru euskal kirolari lehiatuko dira gaur Hawaiiko Ironmanean: Almendro, Calahorra eta Agirresarobe3,8 km igerian, 180 bizikletan eta 42,195 lasterka egin beharko dituzte triatloilariek

jon eskudero
Donostia
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Paradisuaren ispilu Hawaii dela sarritan esan izan da: lasaitasuna, hondartza, surfa... Gozamenaren geltoki, alegia. Baina bihar, Euskal Herrian 18:30 direnean, sufritzeko tartea ere hartuko dute han. Izan ere, iritsi da triatloiaren munduko probarik garrantzitsuena: Kona uhartean jokatzen den Ironmana, hain zuzen ere. 34. aldia izango da aurtengoa, eta 2.000 atleta inguruk hartuko dute parte. Guztien helburua, antzekoa. Bederatzi ordu inguruko sufrimenduak gozamenerako balio izatea.

Eta hainbeste atletaren artean, bost euskal triatloilari izango dira irteerako lerroan. Seigarrenez ariko dira Eneko Llanos gasteiztarra eta Virginia Berasategi bilbotarra, eta biek ere podiuma dute xede. Lehenak 2008an lortua du, eta bigarrenak 2009an, eta aurten ere horri begira aritu dira prestaketa lanetan. Aimar Agirresarobe tolosarrarentzat bigarren aldia izango da, Mikel Calahorrarentzat bezala. Ruben Almendro azkoitiarrak, berriz, lehen aldia izango du.

Mundu osoan zirrara berezia sortzen duen proba bat da Hawaiikoa, eta hori daukan gogortasunarengatik da batez ere. 3,8 km igerian, 180 bizikletan eta 42,195 lasterka egin behar izaten dituzten triatloilariek. Gogorraz gain, zaila ere bada, gainera, ozeano gogorreko olatuek eta labaz hornitutako ibilbideek buruhauste ugari sortzen baitute. Guztiek amesten duten Ironmana da, baina soilik gutxi batzuek lortzen dutena; urtean zehar posturik onenetan ibiltzen direnek, hain zuzen ere. Bada, ez da lorpen makala bost euskal kirolari bertan egotea.

Eneko Llanos da, gizonezkoei dagokienez, Hawaiiko lurretan euskaldunik ezagunena. Esperientzia ugari du, gaurkoa seigarren aldia izango du, eta prest dago bere mailarik onena emateko: «Egin beharreko prestakuntzak eginda daude, eta azken bi asteetan atseden hartu dut. Ezin hobeto sentitu naiz, eta nire helburu nagusia daukadan guztia ematea da». Hori bai, podiumari gertutik begiratzen dio: «Oso aurkari onak daude, baina ni ere indartsu nago, eta amesten dut lehen hiru postuekin. Hala ere, nire helburu nagusia gozatzea eta gozaraztea da».

2008. urtean txapeldunorde izan zen Llanos, eta iaz zazpigarren postuan helmugaratu zen, orain lau urte bezala. Gainontzeko bi urteetan hamalaugarren eta bosgarren amaitu du. Aurten lan ona egingo duela esaten dio senak: «35 urte ditut, eta sasoirik onenean nago. Orain arteko txapeldunak adin inguru horretan ibili dira. Horregatik, aurten nik irabaziko dudala esaten dit barruak».

Vanhoenacker faborito

Indartsu egon arren, Llanosek ez du erraza izango muturreko postuetan egotea. Marino Vanhoenacker da proba irabazteko hautagai nagusia, azkenaldian erakustaldiak ematen ari baita. Uztailean Ironmaneko errekorra jarri zuen belgikarrak Austrian, 7 ordu, 45 minutu eta 58 segundoko denborarekin. Aurrez Luc Van Lierde herrikideak zeukan marka, Hawaiin lortua, eta hori lau minutu pasatxoan hobetu zuen. Vanhoenackerren izenaz gain, Chris McCormack, Andreas Raelert eta Craig Alexander ere kontuan hartu beharko dira. McCormack iazko txapelduna da, eta, ondo bidean, aurrean beharko luke aurten ere. Alexander australiarra sasoi betean dago. Probaren irabazleen zerrendari begiratuta, Dave Scout eta Mark Allen estatubatuarrak goraipatu behar dira, seina bider nagusitu baitira.

Almendro, Calahorra eta Agirresarobe fin ariko dira euren lanean. Azken horrek orain bi urte ere parte hartu zuen, eta orduko arantza atera nahi du: «Bizikletan nindoala erori egin nintzen, eta proba amaitzea lortu nuen arren, ez nuen nire maila onena ematerik izan». Hiru euskal triatloilariek marka ona lortuko lukete denbora bederatzi ordu eta erditik behera jaitsiko balute.

Llanosek bezala podiumerako aukera ona duen bestea Virginia Berasategi da. Hamazazpi urte luze daramatza bilbotarrak triatloi munduan sartuta, eta badaki nola jokatu behar duen aurreko postuetan ibiltzeko: «Sasoi onean nago, eta ondo hastea garrantzitsua da. Nire helburu nagusia iazko laugarren postua hobetzea da». 2009an hirugarren izan zen, eta parte hartu duen beste bost urteetan ere oso postu onak lortu ditu. Kontrarioak, baina, izen handikoak dira: Mirinda Carfrae iazko txapelduna, Caroline Steffen, Julie Dibens... Historiari begiratuta, Zimbabweko Paula Newby Fraser da onena, zortzi aldiz irabazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.