Asier Puertas. Hondarribiko arraunlaria

«Berdintasun handia egongo da»

Mikel Orbañanos, arraun txikia sartu nahian, iazko Kontxako sailkatze estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2011ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Urtebetez arrauna utzita egon eta gero, berriz ere Hondarribiaren tostetan da Asier Puertas (Orio, Gipuzkoa, 1975). Arraunean egiteaz gain, Mikel Orbañanos entrenatzaileari eta osabari laguntza ona emango dio, asko dakien arraunlaria baita oriotarra.

Zer helburu dauzka Hondarribiak aurten?

Iazko ligan, lehen txandatik atera ezinda ibili ginen, eta, aurten, txanda horretatik kanpo ibili nahi dugu. Badakigu berdintasun handia dagoela, baina ahalik eta goren ibili nahi dugu.

Iazko taldearekin alderatuz gero, koska bat gorago dago aurtengoa?

Arraunlari dezentek utzi dute, baina gazteek urtebete gehiagoko esperientzia dute. Kanpotik ere ekarri dugu zerbait, eta utzita zeuden bat edo beste ere itzuli da. Talde hobea den edo ez estropadetan ikusiko dugu.

Arraunlarien aldaketa horretan, taldearen ezaugarriak ere aldatu egin al dira?

Talde arinagoa gara iazkoaren aldean, eta indar gutxiago daukagu. Potentziaren eta pisuaren arteko orekan ondo gabiltza.

Gora egiteko asmoa aipatu duzu, eta goranzko bide horretan ikusten al duzu aukerarik azkeneko txandan aritzeko?

Zaila izango da, baina ahalik eta gehien gerturatu nahi dugu. Neguan lan ona egin dugu, denboraldi-aurreko estropadetan emaitza onak atera ditugu, eta bide horretan segitzeko asmoz aterako gara estropadetan.

Lehen txandatik ihesi behar horretan zein izango dituzue aurkari zuzenak?

Astillero, San Juan, Urdaibai eta Kaiku ikusten ditut beste guztien gainetik, eta beste guztien artean berdintasuna dagoela iruditzen zait. Camargo ez dut asko ikusi, baina ematen du, teorian, ahulena dela. Pedreña, Orio, San Pedro, Zumaia, Tiran eta gu antzera gaude. Gero, zorteak ere eragina izango du borroka horretan.

Pentsatuz Camargo ahulena dela eta goiko laurak goian ibiliko direla, beste multzo horretako norbaitek espero ez duen zartakoa har al dezake?

Ez litzateke ezuste handia izango, tarte gutxian ibiliko garelako multzo horretan. Iaz, esaterako, Zumaia sartu zen kanporaketan, baina aurten hobeto dabil. Orio dabil justu samar, baina Orio beti da Orio. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Zu zara berriz itzuli den arraunlarietako bat. Zergatik?

Inbidiagatik da [barrezka]. Mikel osaba [Orbañanos] eta Gorka anaia barruan izateak eragina izan du, eta, gero, familian asko jarraitzen dugu arrauna, eta utzi arren, ez uztea bezalakoa izaten da nire kasuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.