Lagun Arok 2011-2012ko denboraldiko fitxaketarik entzutetsuena izan daitekeena aurkeztu zuen atzo Illunbeko zezen plazan. Taldeko elastiko zuria besoetan hartu, eta Sergi Vidal komunikabideen aurrera eraman zuten. Badalonan (Herrialde Katalanak) jaio zen; hegalekoa da, 1,98 da luze, eta 30 urte ditu. Urtebeterako fitxatu du, eta, agerraldian esandakoen arabera, azken bi urteetan galdutako tokia berreskuratzeko asmoz etorri da Donostiara. Izan ere, azken bi urteak txarrak izan dira Vidalentzat. Pausoa galduta ibili da Real Madrilen, oso minutu gutxi jokatuta, eta Lagun Aro plaza ona omen gorako bideari berrekiteko.
Kazetariek Gipuzkoa hautatu izanaren zergatiaz galdetu zioten Vidali, eta hark bi arrazoi nagusi eman zituen: Albert Miralles jokalaria eta Sito Alonso taldeko entrenatzailea. Mirallesekin harreman estua dauka, Joventuteko harrobian hazi eta hezi zirelako, eta Donostiako eskaintza jaso zuenean, hari deitu omen zion zalantzak argitze aldera: «Albertek gauza on asko esan zizkidan, eta txarrak, bat ere ez. Kontratua sinatzeko aholkua eman zidan, eta hala egin dut». Alonso entrenatzailearekin egindako hitz-aspertua ere garrantzitsua izan dela aitortu zuen kataluniarrak: «Saskibaloiaz biok dugun kontzeptua antzekoa dela esango nuke, eta horrek pisua dauka leku batera edo bestera joan erabakitzerako orduan».
Vidalek errespetua sortzeko moduko kirol ibilbidea dauka. 13. sasoia hasiko du ACB ligan bi hilabete barru, eta haren lorpen zerrenda parekaezina da. Batez ere Baskoniarekin zortzi denboralditan lortutakoa. Gasteizen, izar petoa izan gabe, kapitaina izatea lortu zuen. Zenbaki ikusgarririk lortu gabe, jokalari estimatua izan zen, edozer lan egiteko prest zegoena, lan horrekin distira gutxi lortuko zuela jakitun. Litekeena da Lagun Aron bestelako lan batzuk izatea, fitxaketa sonatua den neurrian, baina Vidalek esaten diotena egiteko prest dagoela adierazi zuen: «Egon naizen talde guztietan agindu didatena egin dut kexatu gabe, eta hemen ere hala egingo dut. Saskiratzeko eskatzen badidate, hori egiten saiatuko naiz; beste zeregin bat ematen badidate ere bai».
Hegalekoa ez dago arduratuta eska diezazkioketen zenbakiekin, eta bere jarrera arrazoitzeko lan ilunaren aldarria egin zuen: «Dena ez da estatistika. Zenbakiek erakusten ez dutena egiteko gai naiz. Talde lana, adibidez, eta lan iluna. Ez naiz izar modura etorri, ez naiz partida guztietan 20 puntu sar ditzakeen jokalaria».
Andy Panko eta Jimmy Baron
Vidalen etorrerarekin, Lagun Arok talde bikaina osatuko du kanpoko lerroan. Jimmy Baron jaurtitzaile fina da, baina txikia da 3 postuan jokatzeko, eta Vidalek berak osatuko du hutsunea. Vidal bera, aldiz, txikia da saskipean 4 postuan jokatzeko, baina hutsune hori Andy Pankorekin osatu nahi dute Lagun Aroko teknikariek. Pankorekin, eta Iaroslav Korolev errusiarrarekin, Donostiara etortzen bada.
Izan ere, oraindik bost jokalari falta ditu taldeak gutxienez, 11 lagun biltzeko. Bi aste eskas falta dira denboraldi-aurrea hasteko, baina lasai antzean daude oraindik Donostia aldean. BERRIAk jakin ahal izan duenez, ez da berri garrantzitsurik egongo aste honetan, baina horrek ez du esan nahi Illunben egonean daudenik. Lanean ari dira, eta hurrengo astean bizpahiru jokalariren fitxaketak argitu daitezke. Entrenatzaile eta teknikarien asmoa denboraldi-aurrea talde osoarekin hastea da, bakarren bat beranduago etorriko balitz, egokitzapena bere kabuz egin beharko lukeelako. 4 postuan jokatuko duen hegaleko garai bat eta pibot indartsu bat dira lehentasunak.
Bere tokia bilatu nahi du
Sergi Vidal hegalekoa aurkeztu du Lagun Arok, eta apal, «ez naiz izarra, eskatzen didatena egitera nator», esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu