Pistaren gorabeherak ikastea ezinbestekoa izan dute aste honetan pilotuek, Qatarren sekula ez baita horrelako probarik izan. Urtebete eskasean eraiki duten pista horretan jokatuko da Munduko Motoziklismo Txapelketako 13. proba. Denbora laburra izan dute Qatarren dena antolatzeko, baina dirua izan badute, eta xehetasun txikienak ere zaindu dituzte. Azken teknologia erabili dute pilotu, horien taldekide eta ikusleen erosotasunerako, baina zirkuitu bati izen ona ematen diona pista bera izaten da.
Sari Nagusi horretarako pilotu zein taldeek hutsetik hasi behar izan dute, aurrekaririk ez zutelako, eta guztiak ere harrituta geratu dira ibilbidearekin. Entrenamenduetan ikusitakoarekin lasterketa oso azkarra izango dela aurreikus daiteke, hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, txikanerik ez duen zirkuitua da, eta bihurgune gehienak nahiko zabalak dira. Bigarrenik, hasiera eta helmuga zuzenguneak kilometro pasatxo du, 1.068 metro. Potentzia inoiz baino erabakigarriagoa izango da.Pilotuek beste bi faktore nagusi ere kontuan izan beharko dituzte ordea. Alde batetik herrialde honetan egiten duen beroak arazoak sor ditzake. Sete Gibernauk iragarri du gorputza hainbeste ez berotzeko jantzi berezi bat erabiliko duela. Pilotuei ez ezik, gurpilei ere kalte handia egingo die beroak.Pistan egon daitekeen basamortuko hondarrak ere kezka sortu du egun hauetan, baina entrenamenduetan ez da aparteko arazorik izan, eta gaur ere ez luke zertan lasterketa oztopatu. Zirkuituaren inguruan belarra jarri dute, hain zuzen ere pistan ahalik eta hondar gutxien izateko.Faktore guzti horiek kontuan hartuta, gaur sorpresa handiak izan daitezke. Lehen entrenamendu saioetan Ruben Xausek lortu zuen behin-behingoz polea bere egitea. Azkenean Carlos Checak beteko du leku hori, ordea, MotoGP kategorian. Atzetik Alex Barros eta Sete Gibernauizango ditu, eta Rossik zortzigarren lekuan hasiko du lasterketa.250 ccko kategorian Sebastian Porto, Dani Pedrosa eta Alex de Angelisek beteko dituzte hiru lehen postuak, eta 125ekoan Jorge Lorenzok, Andrea Doviziosok eta Steve Jenknerrek.
MOTOZIKLISMOA
Beroa, hondarra eta abiadura Qatarko Sari Nagusian
Lehen aldiz emirerriko sari nagusia jokatuko da gaur, 11:15ean hasita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu