«Berriro ere Europan egotea da helburua»

Lan hitzarmena berrituta, datorren sasoirako ilusioz beteta dago Lorenzo Juarros Realeko kirol zuzendaria.Egungo taldean sinesten badu ere, hiruzpalau fitxaketa egitea aurreikusi du

jon eskudero
Donostia
2015eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Joan den astean lan hitzarmena 2017ko ekainaren 30era arte luzatu ondoren, Lorenzo Juarros Loren Realeko kirol zuzendariak atzo hitz egin zuen prentsaurreko batean. «Oso pozik nago nire bihotzeko taldean jarraituko dudalako. Zuzendaritzak niganako konfiantza osoa agertu du, eta horrek motibatu egiten nau». Esker oneko hitzez gain, ordea, joan den sasoiko balorazioa egin eta epe motzeko erronkak azaldu zituen. «Sasoi osoan gertuago ibili gara beheko postuetatik, goikoetatik baino. 12. postua baino zerbait hobe merezi du Realak». Horregatik, bide zuzenera itzultzea da orain helburua. «Bitik laura bitarte fitxaketa eginda, taldeak kalitatea irabaz dezan nahi dugu. Berriro ere Europara sailkatzea da helburu nagusia».

Hasieran, joan den denboraldiko helburua ere horixe bera zen, hirugarrenez jarraian zazpi onenen artean sailkatzea. Ordea, une oro horretatik urrun ibili zen taldea. Zergatik? Arrazoi askorengatik, Lorenen esanetan. «Batetik, jakina da fitxaketa batzuk ez zaizkigula atera espero bezala. Adibidez, uste genuen Finnbogasonek gol asko sartuko zituela, eta ez da hala izan. Autokritika egiten dut». Begiradak jokalari soil bati zuzentzea ez da bidezkoa, baina. «Erregulartasunik ezak markatu gintuen. Jokalari ia denak euren mailatik urrun aritu ziren, asko lesioen erruz, eta era horretan zaila da onena ematea. Denboraldi zaila pasatu dugu».

Horregatik, atzokoa ahaztu eta biharko egunari begira jartzea da egokiena, Realeko kirol zuzendariaren ustez. Dagoeneko «lanean serio» ari dira, gainera, taldeko kirol agintariak. «Iraultzarik ez dugu egingo. Maila handiko jokalariak ditugu, eta haiekin erabateko konfiantza daukat. Balio handiko taldea daukagu». Fitxaketak taldeari kalitate handiagoa emateko izango dira, beraz. «Ahalik eta jende gutxien ekartzen saiatuko gara. Pazientzia eskatzen dut. Neguko merkatuan argi geratu zen moduan, ez dugu edonor fitxatu nahi. Denboraldi-aurrerako pare bat fitxaketa eginda edukitzea ongi egongo litzateke».

Atzelari bat eta aurrelari bi

Lorenen esanetan, «merkatu guztiak» dauzkate begiz jota, baina denen gainetik Ingalaterrakoa. «David Moyes han hazia delako, besteak beste». Postuei dagokienez, atzelari bat eta aurrelari bi fitxatzeak dute lehentasuna. «Raul Navas guregana itzuliko da Eibartik, baina, harez gain, beste atzelari berri bat eduki nahi dugu taldean». Aurrean pare bat jokalari berri ikusi nahiko lituzke Lorenek. «Hegalean jokatzeko abiadura biziko norbaiten bila ari gara. Aurrean, berriz, Finnbogason eta Agirretxeren antzik ez duen jokalari bat nahi dugu».

Danny Ings zen Realaren lehentasunetako bat, baina Liverpoolekin sinatu berri du. «Bagenekien oso zaila zela Ings fitxatzea. Ekonomikoki ezin gara lehiatu beste talde batzuen kontra». Dena den, Ingalaterrako Ligako beste bat nahi du Realak:Joel Cambpell Arsenaleko aurrelari costarricarra. «Jokalaria prest dago etortzeko, baina zaila izango da. Lanean segituko dugu».

Ateari dagokionez, Geronimo Rullik segituko duela baieztatu zuen. Bigarren atezaina, berriz,«etxekoa» izatea nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.