Berriz agertu nahi du

Binakako txapelketatik kanpo gelditu ondoren, buruz burukoan «inoiz baino gogo handiagoz» ari da Sebastian Gonzalez. Oinatz Bengoetxearen aurka jokatuko du gaur Hendaian.

Imanol Magro Eizmendi.
Hendaia
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Zer egiteko gai den erakutsi nahi du Sebastian Gonzalezek (Azkaine, Lapurdi, 1978). «Jendeak Gonzalez oraindik ere hor dagoela ikustea nahi dut, ez zaidala pilotan jokatzea ahaztu». Bizkor eta gogotsu mintzo da aurrelaria. Buruz buruko txapelketako lehen partidak irabazita, hazita dago eta konfiantzaz lepo aspaldiko partez. Gaur final-laurdenetako kanporaketa jokatuko du Oinatz Bengoetxearen aurka, aspaldiko partez, etxetik gertu: Hendaiako pilotaleku bizian (Lapurdi, 20:00, ETB1). Irabazleak Olaizola II.a edoRetegi izango du aurkari finalerdietan.

Binakako txapelketetatik kanpo gelditzeak min eman zion Gonzalezi. Aspeko hainbat buruzagiren aurkako adierazpen gogorrak egin ondoren jendaurrean barkamena eskatu eta guzti egin behar izan zuen. Ondorengo hilabeteetan ez zen oso ondo aritu, baina buruz burukoan Gonzalezen ahala berriz agertu da. Gakoa motibazioa da. «Inoiz baino gogo handiagoarekin ari naiz buruz burukoan. Motibazio handiarekin nago. Txotxolo bat ez naizela erakutsi nahi dut».

Onartzen du bolada txarra igaro duela, baina eman dio buelta. Fisikoki ondo dago eta pisu pixka bat galdu du, 87 kilo inguruan dago. «Lau hilabeteko txakalaldia izan dut, baina goraka egiten ari naiz eta sasoi betean nago buruz burukoan». Bi partida irabazi ditu, aurrenekoan aurkako 5-17koa altxa zuen Urrutikoetxearen aurka gero 22-17 irabazteko. Iragan astean, berriz, 22-14 kanporatu zuen Merino II.a 9-10 galtzen joan ondoren. «Lehen partida oso txarra izan zen. Lotuta jokatu nuen, presioa nabaritu nuen, baina gero irabazteak konfiantza eman zidan. Merinoren aurka hobeto aritu nintzen. Ea gaur, Oinatzen aurka, nire jokoan ere beste pauso bat ematen dudan».

Buruz buruko txapelketa ondo ezagutzen du. Azken hiru aldietan ez du partidarik irabazi, baina aurretik finalaren atarian gelditu zen lau aldiz. 2005etik 2008ra artekoko txapelketetan finalerdiak jokatu zituen. Lehen hiruretan Olaizola II.ak kanporatu zuen, eta azkenekoan, Barriolak. Azken hori asko atzeratu zen Gonzalezek gihar bikian izandako zuntz haustura baten erruz. Bidea ezagutzen du, eta, haren ustez, aurten finalera irits daiteke. «Zortea lagun, neure burua manomanistako finalean sartzeko moduan ikusten dut. Askotan gertu egon naiz, eta ez du zorterik izan: lesioak, hutsak partidetan... Badakit oso zaila dela, noski, baina ondo nago; horregatik dut itxaropen handia».

Bengoetxearen aurkako partida ez da erraza izango, hori bai, zaleak alde izango ditu. «Ipar Euskal Herrian gustura jokatzen dut, eta jendea nire alde egoteak mesede egingo dit. Hori bai, hemengo ikusleek asko errespetatzen dituzte pilotariak». Bengoetxea VI.arentzat txapelketako lehen partida izango da, eta aurretik buruz buru Gonzalezen aurka jokaturiko bi partidak galdu zituen: 22-11 2007ko txapelketan, eta 22-17 2008ko Masters torneoan. Txapelketako partida jaialdiko bigarrena izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.