Athletic Europara itzultzeko helburuarekin itzuli da lanera. Horixe izango du datorren denboraldiko helburua. Dena den, zuri-gorriek ere badute aukera txiki bat Konferentzia liga jokatzeko, baldin eta azkenean UEFAk Osasunari jarritako zigorra berresten bada. Ateak irekita entrenatu zen taldea, eta jarraitzaile asko bertaratu ziren Lezamara entrenamendua ikustera.
Azken asteetan talde zuri-gorriak Iñigo Ruiz de Galarreta eta Javier Marton fitxatu ditu, eta Raul Garciari kontratua luzatu dio. Galarretak aurretik ere jantzi zuen elastiko zuri-gorria, duela hamar urte, baina lesioen ondorioz ezin izan zuen aukera aprobetxatu. Urte asko etxetik kanpo egon ondoren itzuli da. Aurkezpenean «itzultzeko ametsa» beti izan duela adierazi zuen. Hiru sasoitarako fitxatu du. Javier Marton, berriz, Realaren bigarren taldetik iritsi da, eta hark ere hiru denboraldirako sinatu du. Aurrelari nafarrak hamabost partida jokatu zituen aurreko denboraldian Realaren bigarren taldean, eta golegile nagusia izan zen, hamabi gol sartuta. Raul Garciak beste urte baterako luzatu du kontratua. Datorrena bederatzigarren denboraldia izango du elastiko zuri-gorriarekin.
Ernesto Valverde funtsezko jokalari batzuk gabe hasi behar izan zuen lanean. Beranduago itzuliko dira Unai Simon, Julen Agirrezabala, Oihan Sancet eta Aitor Paredes, liga amaitu ondoren Espainiako selekzioarekin jokatzen aritu direlako. Asier Villalibre ere beranduago batuko da entrenamenduetara, Alavesekin Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatu baitzituen; baita maila nagusira igo ere. Jokalari falta horrengatik, Ernesto Valverdek sei jokalari gazte igo ditu lehen taldera: Alex Padilla, Oier Gastesi, Miguel Barandalla, Hugo Rincon, Unai Egiluz eta Junior Bita, hain zuzen.
Gainera bost jokalarik taldea utzi dute: Iñigo Martinezek, Mikel Balenziagak, Ander Capak, Oier Zarragak eta Ander Iruarrizagak. Unai Nuñezek, berriz, beste denboraldi batez jokatuko du, utzita,Celtan. Bi kluben arteko akordioan jasotzen zen mailegua luzatzeko aukera, eta gauzatu egin dute.
Athleticek liga hasiera zaila izango du. Abuztuaren 13an, igandez, ekingo dio txapelketari, Real Madrilen aurka, San Mamesen (21:30). Aurreko denboraldiko azken norgehiagokan, Real Madrilen zelaian, emaitza ona lortu zuten zuri-gorriek, bana berdindu baitzuten. Oraingoan beste horrenbeste lortzen saiatuko dira. Bigarren jardunaldian denboraldiko lehen derbia izango dute, Osasunaren aurka, abuztuaren 20an, Sadarren (21:30).
Sei lagunarteko
Entrenamenduez gain, liga hasiera hori prestatzeko lagunarteko neurketa batzuk jokatuko ditu Athleticek. Sei izango dira guztira, eta aurkari hauek izango ditu: Mexikoko Chivas eta Necaxa, Santandergo Racing, Eibar eta, azkenik, Txapeldunen Ligan izango diren Manchester United eta Celtic Glasgow.
Lehenik eta behin talde zuri-gorriak Mexikora bidaiatuko du, uztaileko bigarren astean bi lagunarteko jokatuko dituelako bertan: 16an Chivasen aurka, eta 19an Necaxaren kontra.
Ameriketatik bueltan Racing izango du aurkari, uztailaren 27an. Abuztuarekin batera iritsiko dira Athleticentzat denboraldiaurreko neurketa gogorrenak, Celticen eta Manchester Uniteden kontra. Bi partida horien artean, Eibarren aurka jokatuko du beste bat. Norgehiagoka hori berezia izango da, Eibar Joseba Etxeberria Athleticeko jokalari ohiak zuzenduko baitu hastear den denboraldian.
Berriz egon nahi du Europan
Athleticek entrenamenduei ekin die. Talde zuri-gorriak Ruiz de Galarreta eta Marton fitxatu ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu