Athleticek gaur ekin dio berriz ere ligari, azken urteetako geldialdi luzeenetako baten ostean, baina zale zuri-gorriek gehiago itxaron beharko dute beren taldearen partida oso bat ikusteko, bertan behera geratu baita partida. Rayo Vallecanoko zaleen gehiengo batek urteak daramatza klubaren zuzendaritzaren kontra protestatzen, batez ere Martin Presa presidentearen kontra. Bada, gaur zaleek paper bat jarri dute eserleku bakoitzean, zuzendaritzaren eta Presaren kontrako argudioak azaltzeko, eta orri horrekin berarekin paperezko hegazkin bat egiteko gidalerroak ere bazituen. Zale askok hegazkinak egin eta zelaira bota dituzte, eta, geldialdi batzuen ostean, 14:55 aldera bertan behera uztea erabaki du epaileak.
Partidaren aurretik jakina zen partida ezberdina izango zela, Rayo Vallecanoren zaleak oso haserre baitaude beren presidentearekin. Partida hasi denerako, etengabeak ziren oihuak, txistuak eta presidentearen kontrako leloak, eta 13. minutuan geratu dute lehenengoz partida. Berriro ekin diote, baina 24.ean berriro geratu dute partida, eta jokalariak aldageletara bidali ditu epaileak. Handik hamar minutura berriro ekin diote partidari, baina egoera berdin zegoela ikusita, epaileak partida behin betiko geratzea erabaki du.
Oraindik ez dago garbi noiz jarraituko duen partidak.
(Informazioa berritzen ari gara).