Espainiako Futbol Federazioak bertan behera utzi ditu gaur jokatzekoak ziren Kopako lehen kanporaketako partidak, Tenerifeko jokalari Jesus de Miguelen heriotzarengatik. Hala, ez dira jokatuko Anaitasuna-Alaves eta Pamplona-Eibar kanporaketak. Bigarrenez atzeratu dira neurketak, aurreko astean ere bertan behera geratu baitziren, Urdan (Espainia) izandako tren istripu larriarengatik.
Atzo, Teneriferen eta Andorraren arteko partida amaitzear zela, De Miguel oso gogor jo zuen Jesus Owono Andorrako atezainak—Realean eta Alavesen jokatu zuen—. Atezainak kolpea eman zion belaunarekin bularraldean, eta De Miguel lurrera erori zen. Jokalariak bihotz-biriketako etena izan zuen, eta konortea galdu zuen. Osasun langileek suspertzea lortu bazuten ere, erietxera eraman zuten oso larri, eta gaur zendu da.Â
Federazioak «babesa eta elkartasuna» azaldu dizkie hildako jokalariaren senideei, lagunei eta Tenerife taldeari, eta iragarri du datozen egunetan jakinaraziko duela partida horiek noiz jokatuko diren. Bihar ere badira norgehiagokak, bai emakumezkoen eta bai gizonezkoen txapelketakoak. Baina ez du argitu neurketa horiekin zer gertatuko den. Euskal taldeen biharko partidak hauek dira: gizonezkoetan, Portugalete-Real Union, Amorebieta-Logroñes eta Reus-Barakaldo; emakumezkoetan, berriz, hirugarren kanporaketako neurketak dira: Levante-Eibar, Osasuna-Logroño eta Cacereño-Alaves.Â