Aldaketak izan dira azken orduan, eta Xabier Lopez-Arostegi saskibaloi jokalaria Tokion izango da azkenean. Sergio Scariolo Espainiako selekzioko hautatzaileak zerrendatik at utzi zuen getxoztarra, baina, gaur jakinarazi dutenez, Juancho Hernangomez ordezkatuko du, NBAko Minnesota taldeak ez duelako baimendu haren parte hartzea, lesio bat tarteko. Beraz, 31 euskal kirolarik hartuko dute parte Tokioko Olinpiar Jokoetan, hamalau espezialitatetan.
Jorge Garbajosa Espainiako Saskibaloi Federazioko presidenteak adierazi du AEBetako taldeak erabaki duela Hernangomez Jokoetatik kanpo uztea: «Uztailaren 23an jaso genuen lehen aldiz Minnesota Timberwolvesen abisua, baimenari uko egiteko. Jokalaria Tokion bazegoen, ordura arte ez genuelako ezezkorik jaso zen». Haren lekua beteko du Lopez-Arostegi hegalekoak.
Jokalari getxoztarrak lehen aldiz hartuko du parte Olinpiar Jokoetan. Uztailaren 26an, astelehenean, jokatuko dute Jokoetako lehen partida: 14:00etan lehiatuko dira, Japoniaren kontra. Ikusteko dago ea Lopez-Arostegi iritsiko den topaketa horretara.