Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak argi erakutsi dute zergatik diren binakako txapelketa irabazteko faborito nagusietakoak. Atzelaria gero eta hobeto ari da, eta, gaur, nagusi izan da atzeko koadroetan, Martxel Iztueta gaztearen kontra (12-22).
Distira eginda gailendu dira Elordi eta Zabaleta Mallabian (Bizkaia) jokatu den partidan. Piloteoan hobea izan da atzelari urdina, eta, horri esker, Elordik abagune ederrak izan ditu tantoa amaitzeko. Eta ederki baliatu. Jakak, berriz, zailtasun gehiago izan ditu tantoak egiteko; bat edo beste egin du ona, baina haize kontra jardutea egokitu zaio gaur.
Urdinek hasieratik zabaldu dute tartea (0-5), eta atsedenaldirako ondo bideratuta zeukaten lehia (4-12). Gorriak hurbildu egin dira (7-12), baina Elordik eta Zabaletak serio segitu dute lanean, eta ez diete aukerarik eman aurkariei.
Binakako txapelketan jokatutako lau partidetatik hiru irabazi dituzte Elordik eta Zabaletak; Jakak eta Iztuetak, berriz, lautik bi.