Osasuna entrenatzaile bila dabil, eta dagoeneko badu izena mahai gainean: Enrique Martin Monreal. Negoziazioak hasiak dira, eta litekeena da teknikariak gaur bertan onartzea eskaintza. Hala bada, ezin esan aurpegi berria denik, urteak egin baititu taldeari lotuta, eta aurretik bi aldiz egin izan da lehen taldearen kargu. Jose Manuel Mateok utzitako kargua hartuko du, hark ez baitu lortu berarengandik espero zena. Hala eta guztiz, Mateok Osasunaren behe mailetan jarraituko du.
Osasunako zuzendaritzak atzo eguerdian baieztatu zuen espero zen albistea. «Emaitzengatik izan da. Badakigu Mateok lan handia egin duela eta taldea azken urteetako egoerarik zailenean hartu zuela, baina emaitzak ez dira izan espero genituenak, eta erabaki gogorra hartu behar izan dugu», azaldu zuen Luis Sabalza Osasunako presidenteak.
Arrazoirik ez zaio falta, entrenatzaile ohiaren zenbakiak ilunak izan direlako. Martxoaren 1ean hartu zuen kargua, Jan Urban ordezkatuz. Harez geroztik, hamar partidatan zuzendu du taldea, eta sei puntu lortu ditu bakarrik: garaipen bat eta hiru berdinketa. Osasuna jaitsiera postuetatik hiru puntura hartu zuen, beste taldeek baino partida bat gutxiagorekin, eta 19. postuan utzi du, jaitsiera postuetan, Sabadell 18. sailkatuarekin berdinduta.
Mateo «minduta» agertu zen atzo, taldearen egoera zuzentzeko gai zela uste zuelako. Zorte pixka bat falta izan zaiola uste du. Jokalariei ere mezu zorrotza bidali zien. «Egoera txarra zama da eurentzat ere; gertatu dena ez da normala. Eurengandik gehiago espero nuen, baina uler dezaket zergatik ez duten eman onena».
Osasunazalearen irudimenean, Enrique Martin Monreal ezaugarri batekin lotzen da: izaera. Motibatzaile handia da. Iragan sasoian ere taldea hartzekotan egon zen, baina kudeatzaile taldeak baztertu egin zuen. Sasoi honetan, aldiz, ez da espero arazorik negoziazioetan, baina taldeak atzo arratsaldean jakinarazi zuen gaur arte —jokalarien atseden eguna— atzeratuko zirela. Monrealek, logikoa denez, beste urte baterako kontratua eskatuko du helburua lortuz gero, eta hori traba izan daiteke. Dena den, badaezpada ere, lanean hasia da, eta herenegun Mirandes zuzenean zelatatu zuen, Osasunaren hurrengo aurkaria, hain zuzen.
Hau ez da Martin Monrealek Taxoaren suhiltzaile lanak egin dituen lehen aldia. Teknikaria Martinen miraria-rengatik ezaguna da. 1996-1997ko sasoian, Osasunak lau entrenatzaile izan zituen, eta Monrealek liga bukatzeko bost jardunaldi falta zirenean hartu zuen. Osasuna bigarren B mailarako jaitsieran postuetan hondoratuta zegoen, salbaziotik sei puntura, eta Monrealek lau partida irabazi zituen jarraian harrobiko jokalariekin jositako talde batekin. Azken jardunaldirako, matematikoki zuen ziurtatuta salbazioa. Aurretik, 1993-1994an ere hartu zuen taldea, Pedro Mari Zabalza ordezkatuz, baina ezin izan zuen eragotzi 2. mailara jaistea.
Beste mirari baten bila
Osasunak entrenatzaile kargutik kendu du Jose Manuel Mateo.Litekeena da gaur bertan ixtea akordioa Enrique Martin Monrealekin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu