Pilota

Bi apustu, helburu bera: txapela

Altuna III.a eta Ezkurdia Lasoren eta Albisuren aurka arituko dira Binakako Txapelketako finalean, gaur, Nafarroa Arenan. Aspekoek bolada ona dute; Baikokoak, aldiz, larri ibili dira azken partidetan.

Binakako Txapelketa. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jokin Altuna, pilota jotzeko prest, Unai Laso, Joseba Ezkurdia eta Jon Ander Albisu begira dituela, bi bikoteek finalerdietako ligaxkan Gasteizko Ogeta frontoian jokatutako partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko martxoaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi modu daude apustu bat egiteko: segurura jotzea da bata. Baikok horixe egin zuen Unai Laso eta Jon Ander Albisu elkarrekin jarrita binakako txapelketan. Baikoko aurrelaririk onena da Laso; hark estutu du gehien Jokin Altuna azkeneko urteetan. Albisu, berriz, enpresako atzelaririk onenetakoa da; hark du eskarmentu handiena. 

Baina badago apustu egiteko beste modu bat: arriskatuz apustu egitea. Horixe egin zuen Aspek Altuna III.a eta Joseba Ezkurdia elkarrekin jarrita binakako txapelketan. Pilotari handiak dira biak ala biak, baina inoiz ez zuten elkarrekin jokatua binakakoa, eta, gainera, arbizuarrak atzelari aritu behar horretarako; inoiz ez zen aritua atzean txapelketa horretan.

Segurura jotzea edo arriskatzea; apustu egiteko bi modu dira, eta, orain arte, arrakastatsuak izan dira biak ala biak, bi bikote horiek jokatuko baitute finala gaur, Iruñeko Nafarroa Arenako frontoian, 17:00etan hasiko den jaialdian (ETB1). Txapela irabazten duenak lortuko du erabateko arrakasta. 

Eta apustuak aipatuta, gutxigatik bada ere, Lasoren eta Albisuren alde daude. Ulertzekoa da, txapelketa osoa kontuan hartuta. Lehenik, ikusgarri aritu ziren aurreneko ligaxkan: hamalau partidetatik bakarra galdu zuten. Finalerdietako ligaxkari ere ezin hobeto ekin zioten, Erik Jakari eta Martxel Iztuetari 22-13 irabazita. Bigarren jardunaldian, ordea, 22-15 galdu zuten Altuna III.aren eta Ezkurdiaren kontra. Horrek arrisku bizian jarri zituen. Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren aurkakoa erabakigarria izango zen: irabazleak finala jokatuko zuen. Eta, gogotik sufritu ostean —21-17 joan ziren galtzen—, Baikokoek irabazi zuten.

Ez daude garairik onenean, baina azken partidan egindakoak eta finalerako sailkatzeak indarberritu egingo zituen. Gainera, txapel bat irabaztea sekulako pizgarria da. Lasok lehena luke binaka, Ander Imazekin batera bitan txapeldunorde izan eta gero. Hori lortzen badu, hiru modalitateetan txapeldun izandako bederatzigarren pilotaria litzateke: behin irabazi du buruz burukoa, eta, beste behin lau eta erdikoa. Irabaziko balu, sekulako meritua luke, lesio larri eta luze batetik osatu berritan ekin baitzion binakakoari. Albisuk, berriz, aspaldiko nahia bete nahi du: lehen mailan txapel bat irabaztea. Bitan izan da txapeldunorde binaka, Pablo Berasaluzerekin eta Jon Ander Peñarekin. Ados daude pilotazaleak: ataundarrak merezi du txapel bat irabaztea. Gainera, Laso eta Albisuk gailentzea lortuko balute, 2021eko arantza kenduko lukete: finalerdietan ari zirela, Baikoko pilotarien lan gatazka piztu zen, eta aurrelaria Baikotik kanpo geratu. 

Behetik gora

Laso eta Albisu larri ibili dira azken partidetan. Altuna III.a eta Ezkurdia, ordea, txapelketako boladarik onenean daude: irabazi egin dituzte jokatu dituzten azken sei partidak —azkenekoan Dario Gomez aritu zen Altuna III.aren ordez, hark min baitzuen eskuetan—. Lehiakortasunaren eredu izan dira, garai txarrak igaro baitituzte, baina beti egin baitute aurrera. Orain, dena da polita, baina bereak eta bi sufritu behar izan zituzten kanporaketarako sailkatzeko. Haiek esana da oso barneratua zutela txapelketa gogorra eta zaila izango zela, eta horregatik ez dutela inoiz amore eman.

Ikusteko zegoen nola moldatuko zen Ezkurdia atzelari, eta bikain aritu da. Behetik gora egin du nabarmen, eta azken partidetan min handia egin du. Pauso bakarrera du balentria egitea: aurrean eta atzean arituta txapeldun izatea. Inork ez du halakorik lortu. Urtebete eskasean egingo luke, iaz txapeldun izan baitzen Beñat Rezustarekin batera. Zazpigarren txapela luke, laugarrena binaka —lau atzelari ezberdinekin arituta, gainera—. Beste hiru txapel ditu irabaziak lau eta erdian.

Ezkurdia horren ondo aritzeko, erabakigarria izan da Altuna III.ak egindako lana. Ohi baino distira gutxiago egin arren, lan zikin handia egin du, eta erakutsi du horretan ere maisua dela. Amezketarrak bigarren txapela irabazi nahi du binaka, hamargarrena hiru modalitateak kontuan hartuta.

Lau finalistek nabarmendu dute erabakigarria izango dela tentsioa kontrolatzea, ondo hastea eta tarte zailetan eustea. Altuna III.ak eta Ezkurdiak ahaleginak egingo dituzte berriro Laso eta Albisu deseroso sentiarazteko. Baikokoek, berriz, zera nahi dute: Ezkurdia deseroso aritzea eta Altuna III.a jokoan ez sartzea. Laurek edozein aukera aprobetxatu beharko dute.

Peña II.a, buruz burukora

Bestalde, atzo jokatu zuten Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan Buruz Buruko Txapelketaren atarikoa Jon Ander Peñak eta Jon Mariezkurrenak. Peña II.a nagusitasunez gailendu zen: 22-7. Mariezkurrena II.a lehen aldiz aritu zen buruz burukoan, eta ez zen eroso aritu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!