Fubola. Espainiako Kopako finala: Athletic-Bartzelona

Bi euri tanta bezalakoak

Taldeetan hainbeste izar eduki, eta entrenatzaileak ere, finaleko izar distiratsuenen pare: Marcelo Bielsa Athleticen eta Pep Guardiola Bartzelonan. Futbolarentzat oso beharrezkoa da bien lana, eta batez ere, jarrera.

Aitor Manterola Garate.
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Maisua eta ikaslea. Antonimoak izan daitezke, adierari imajinazio askorik jarri gabe. Gertu bezain urrun. Ia egunero elkarrekin, baina ezin bat egin. Baina, denean bezala, bada salbuespenik. Futbolean dago adibidea. Marcelo Bielsa eta Pep Guardiola dira. Bielsa da maisua, Guardiola ikaslea. Oso harreman estua daukate.

Duela hainbat urte izan zuten parez pare izateko aukera. Argentinan izan zen, Rosario hiriko kanpoaldean, zaratatik ihesi dagoen etxalde batean. Guardiolak jo zuen Bielsarengana, entrenatzaile zenbaitekin egin zuen bezala, ikastera. Entrenatzaile izan behar zuela jakitun zen ordurako, eta aholku eske abiatu zen. Bilera hark misterio kutsua du, bietako inork ez duelako inoiz esan egin zenik ere. Egingo zuten...

Luze aritu omen ziren hizketan. Futbolaz, jakina. Diotenez, 11 orduren bueltan iraun zuen solasaldiak. Orduan, Guardiola ez zen egungoa; esan nahi da, lorpenak lortu gabe zituen. Pentsatzekoa da aho zabalik entzungo zituela Bielsaren esanak. Ikaslea maisuari so, isilean, entzuten eta ikasten. Eta maisua ere ikasten, ikasleak hitza hartzen zuen une orotan. Ikasteko sortuak baitira biak, kanpotik begiratuta eta beren taldeak jokatzen ikusita dena dakitela irudi badu ere.

Bilera hartan mamitu omen zen Bartzelona handi honen eredua. Hala diote, behintzat. Esan horiek berresteko, Espainiako Kopako bi finalisten estiloak bata bestearen alboan jarri besterik ez dago. Antzekotasun handiak dituzte Bartzelonak eta Athleticek. Hiru ezaugarrik lotzen ditu, guztiaren gainetik: baloia eduki nahi izateak, jokalarien dinamismo orekatuak eta presioak. Lotura hori lotzeko, beste kate hau ere badago: ikaslearen ordezko egokiena maisua izan zitekeela zabaldu zen Guardiolak Bartzelona uzteko aukera indar hartzen hasi zenean. Bartzelonako entrenatzaileak berak onartu egin zuen aukera oso egokia izan zitekeela maisuarena.

Jokatzeko ereduak ez ezik, beste hainbat ezaugarri ere bateragarriak dituzte. Ederrena, eta denen barruetan ondo gordeta geratu beharko litzatekeena, hauxe: balio egokiak helarazten dituzte jendearen aurrean hitz egiten dutenean. Errespetuz, gozo, eta hutsak onartuz, besteak beste. Eta merituak jokalariei emanez. Futbolean zarata handia ateratzen duten pertsonaiak gehiago gustatzen zaizkie hedabide gehienei, eta halako mezu okerrak zabaltzen dituzte gero, baina Bielsarenak eta Guardiolarenak dira balio dutenak. Denera ozen zabaldu beharrekoak.

Hitzetan ez ezik, ekintzetan ere balio berberetan oinarrituz egiten dute bidea. Bada hor Bielsaren adibide bat hori berresteko. Newell's Old Boyseko entrenatzaile zela, 1990eko hamarkadaren hasieran, bideoa erabiltzen hasi zen hurrengo aurkariaren berri izateko. Aurkari horiek Gimnasia y Esgrima La Plataren aurka jokatzen zuten Newell'sen parean jarri aurretik. Bielsak inork baino hobeto ezagutzen zuen nola jokatzen zuen Gimnasia y Esgrima La Platak, partida denak ikusi zizkiolako bideoetan. Carlos Timoteo Griguol zuen orduan entrenatzaile aurkariak, eta Bielsak hau agindu zien bere laguntzaileei: bidaltzeko bere taldearen partida guztien bideoak Griguoli, elkarren aurka jokatu aurretik, hark ere informazio osoa izan zezan Newell's Old Boysen jokoaren inguruan. Baldintza berberetan lehiatzeko biek. Esan eta egin. Kirol legea eta errespetua, ororen gainetik.

Hastapenak, harrobian

Balio horiek denak eta futboleko ikasgaiak ematen harrobiko taldeetan hasi ziren biak. Talde kutunetan biak: Bielsa, Newell's Old Boysen, Laugarren Mailan, eta Guardiola, Bartzelona B-n, Hirugarren Mailan. Maisuak berehala nahi zuen lehen taldera igo, eta eskaini ere eskaini omen zion bere burua Jorge Griffari, Newell'seko orduko kirol agintari gorenari. Hark aholku hau eman zion: «Hobe duzu beheko mailetan hasi, ikasten joan, eta pixkanaka egin goranzko bidea». Horrela hasi zen Laugarren Mailako talde hura entrenatzen, eta pausoz pauso lehen taldera igo zen. Guardiolak goi-goian ekin nahi zion ez da zabaldu, eta klubak eskainitakoa onartu zuen. Bielsa baino azkarrago egin zuen gora, denboraldi batean.

Futbolerako eta futboletik bizi dira biak. Eguna horretara emana dute. Egunak eta egunak. Orduak eta orduak. Bi kontakizun hauek ondo nabarmentzen dute hori. Hauxe aurrenekoa, Bielsarena: Newell'seko harrobian lanean hasi zenean, norbaiti bururatu zitzaion Argentina osoko jokalari gazteei eman behar zietela aukera taldean jokatzeko. Egundoko lana zen, baina egin zuten. Bielsa buru. Auto txiki batean, herrialde osoan barrena ibili zen, betiere laguntzaileren batekin. Gazteen etxera joaten ziren, gurasoekin hitz egitera, haurrak Rosariora joan zitezen konbentzitzera. Milaka eta milaka kilometro egin zituen maisuak. Bidaia horietako batean jo zuen Mauricio Pocchetinorengana, Espanyoleko entrenatzailearengana. Goizaldeko ordu biak aldera jo zioten etxeko atea, eta ama azaldu. Lortu zuten, behintzat, amaren baimena, eta gaztetxo hura Rosariora joan zen gero, proba bat gainditu eta gero.

Guardiola ere setatia da. Lanean ekin eta ekin. Hemen doa bigarren kontakizuna, berarena: Bartzelonako entrenatzaile izan zen aurreneko denboraldian, emaztea joan zitzaion bila klubera. Gaua zen ordurako, eta etxean behar zuen askoz lehenago. Baina ez zen ageri. Emaztea ez zen asko larritu, bai baitzekien non egongo zen senarra. Hantxe zegoen, lanean buru-belarri. Ze ordu zen ere ez zen konturatu. Gauak harrapatu zuen lanean.

Lan hori dena jokalariei emateko erabiltzen dute biek. Irakasteko, helarazteko, zabaltzeko. Dena ematen dute taldearen alde, eta, jakina, jokalariek asko estimatzen dituzte. Entzun besterik ez dago Guardiolaren agurraren harira Bartzelonakoek egin dituzten adierazpenak. Bielsari zaion estimua azaltzeko ere, Athleticen jokalarien hitzak entzun besterik ez dago. Argentinara joanda, gertakari honek ere ederki azaltzen du maitatua dela jokalarien aldetik. 2002ko Japoniako eta Hego Koreako Munduko Kopan egundoko kalea egin zuen Argentinak: faborito nagusitzat zeukaten denek, baina ez zuen gainditu ligaxka. Egurtu egin zuten hedabideek Bielsa. Kalean utzi zituen partida amaitu ondoren, hotelean, Bielsak jokalari guztiak bildu zituen gela batean. Ordurako ikusia zeukan partida, eta jokalariei zehaztasunez azaldu zien zergatik galdu zuten partida hura. Zur eta lur geratu ziren jokalariak, eta German Burgos atezainak besarkada handia eman zion. Negar malko ugari isuri omen zen gela hartan. Eta, jakina, jokalariek selekzioan jarraitzeko eskatu zioten, Bielsaren galderari erantzunez.

Ikasteko, «aspertu» egin behar

Hedabideen aurrean azaltzen dira, baina ez dituzte elkarrizketak ematen. Bielsak ekin zion bide horri. Argentinako selekzioan zela, erabaki zuen hedabide txikiei ere elkarrizketak ematea, eta ez boteretsu handiei bakarrik. Eta berdin zitzaion aurrena txikiari ematea. Baina egun batean, asko hausnartu eta gero, elkarrizketak inori ez ematea deliberatu zuen. Baina prentsaurrekoetan, gustatzen zaio gauzak azaltzea, eta Argentinan eta Txilen ezagunak dira haren hizketaldi luzeak; futbola irakasten zien kazetariei. Hala dio Roman Lucht kazetariak, La vida por el fútbol. Marcelo Bielsa, el último romántico liburuaren egileak: «Kazetariak irrikaz egoten ziren betiko galderen txanda amaitzeko; orduan hasten zen Bielsa futbolaz azalpenak ematen».

Irakastea gustatzen zaie Bielsari eta Guardiolari. Jokalariei erakustea da haien lana. Irakasleak dira. Helburua betetzeko, Bielsaren bidea eta metodologia zein diren agerikoa da. Ariketak errepikatu eta errepikatu ibiltzen da Lezaman, zehaztasunaren bila. «Ikasteko, aspertu egin behar da», esan omen zien jokalariei aurreneko egunetan. Guardiolaren bidea zein den jakitea zailagoa da, ateak itxita entrenatzen baitu Bartzelonak. Baina oinarri-oinarrian, filosofia bera erabiltzen dute. Futbolzalea ikuskizun ederrarekin bustitzen ari dira bi euri tanta hauek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.