Bi helburuak bete ditu Miarritzek

Lapurdiko taldeak erasoko puntuarekin irabazi dio Zebreri, Heineken kopako bigarren partidan (38-17)

Iain Balshaw, baloiarekin, atzo, Miarritzek Zebreren aurka Aguileran jokatutako Heineken kopako partidan. GAIZKA IROZ.
Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Miarritzek bi helburu zituen Zebreren aurkako Heineken kopako partidarako: irabazi eta bolada txarra atzean utzi, eta, garaituz gero, erasoko puntua ere eskuratuta garaitzea. Bada, bi helburuak bete zituen atzo Lapurdiko kostaldeko taldeak. Irabazi egin zuen (38-17), eta sei entsegu lortu. Beraz, erasoko puntua ere eskuratu zuen. Hala, bost puntu ditu orain hirugarren multzoko sailkapenean. Urruti du, hala ere, Harlequins liderra, lau puntura. Londresko taldeak 22-30 hartu zuen mendean Connacht, eta bederatzi puntu ditu. Irlandako taldea da orain hirugarren sailkatua, lau punturekin. Zebrek, berriz, ez du punturik. Multzoko lehena sailkatzen da final-laurdenetarako, eta badirudi Harlequinsek aukera handia duela horretarako. Sei multzoetako bigarren sailkatuen artean bi onenek ere tokia dute final-laurdenetan, eta hor izan dezake aukera Miarritzek. Horretarako, Connachti irabazi beharko dio hirugarren jardunaldian, Irlandan. Atzo bezala jokatuz gero, izan dezake aukerarik. Ondo aritu ziren xuri-gorriak, erasoan batez ere. Hala ere, Connacht ez da Zebre, eta ziur irlandarrek zailtasun gehiago emango dizkietela lapurtarrei.

Europako Challenge kopan, berriz, Baionak irabazi egin zuen, eta Bizkaia Gernikak galdu. Baionarrek Newport hartu zuten mendean, Galesen (19-22), eta garaipenari esker, tinko eusten dioten multzoko lehen postuari, jokatu dituzten bi partidak irabazita. Gernikarrek, aldiz, bi neurketa jokatu dituzte, eta biak galdu. Atzo ere astindua jaso zuten Perpinyaren zelaian (90-12). Bizkaitarrak, hala ere, ez dira multzoko azkenak, Rovigo okerrago baitabil.

Azkenik, Espainiako Kopan, derbia jokatu zuten Getxo Arteak eta Hernanik, Faduran. Etxekoek ez zieten aukerarik eman bisitariei, eta 50-0 irabazi zuten. Hernaniarrak ordezkoekin aritu ziren, eta getxoztarrek ederki baliatu zuten hori, eta garaipena erraz lortu. Getxok La Vilaren aurka jokatuko du datorren asteburuan, eta irabazlea finalerdietarako sailkatuko da. Hernanik, aldiz, bukatu du bere parte hartzea Kopan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.