Realaren milaka zale izango dira larunbatean Sevillan, talde txuri-urdinak Atletico Madrilen aurka jokatuko duen finala bertatik bertara ikusten. Baina, hara joango ez diren zaleentzat, finala ikusteko pantaila erraldoiak jarriko dituzte herri askotan, baita Gipuzkoako hiriburuan ere, Donostian. Bi jarriko dituzte, Alderdi Ederren, eta bertan egongo da zaleen gunea ere. 15:00etan zabalduko dute, eta 01:00 arte egongo da irekita.
Zaleen gune horretan, hamar orduko festa izango da. Goazen! telesaileko aktoreen, Xabi Solanoren eta Gozategiren emanaldiak izango dira, eta Jonkass DJa arduratuko da musika jartzeaz emanaldi batetik besterako tartean. Gabriela Uriarte, Iban Garcia, Miren Nogales eta Alex Padilla arituko dira aurkezpen lanak egiten. Gainera, konexioak egingo dituzte Sevillako zaleen gunearekin. Jatekoa eta edatekoa ere izango dira. Horiek gailu elektronikoekin edo txartelarekin baino ezingo dira ordaindu. Gainera, Donostiako kaiaren inguruan, umeentzako gune bat egongo da, Makusi gunea. Bertan jolasak eta puzgarriak izango dira txikienentzat, 11:00etatik 19:00etara.
Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak parte hartzera deitu ditu zaleak: «Final honen inguruko konfiantza eta ilusioa parteka ditzaten nahi dugu. Beharrezkoak ditugu halako guneak, bat eginik amets egiteko, elkarrekin gozatzeko». Antzera mintzatu da Jon Insausti Donostiako alkatea, eta hau desio duela adierazi: «Ea Kopa irabazi eta Aitor Zabaletari eskaintzeko aukera dugun. Aurreko finalean ez bezala, oraingoan bete-betean gozatzeko aukera izango dugu; belaunaldi batzuentzat zerbait berria izango da. Merezi dugu, Realaren zaleak eredugarriak baitira».
«Esker ona» adierazi du Jokin Aperribai Realeko presidenteak: «Oso pozik eta hunkituta gaude. Aurkari gogorra izango dugu aurrean, baina ilusioa dugu finala irabazteko, eta bete-betean lehiatuko gara». Horrekin batera, Donostian eta Gipuzkoako hainbat herritan jarriko diren zaleen guneen garrantzia azpimarratu du: «Final honetan garrantzitsuena ez da Sevillan egotea, baizik eta bakoitzak bere modura bizitzea. Izan ere, hori da gogoan hartuko duguna».
Taldea 14:00etan irtengo da ETZI Zubietatik
Realak etzi egingo du Sevillarako bidaia. Txuri-urdinak goizean entrenatuko dira Zubietan, eta 14:00etan irtengo dira handik. 2021eko finalean gertatu bezala, espero da zaleak taldea agurtzera joango direla. 2021ean, pandemia garaia izan arren, jendetza bildu zen jokalariei animoak ematera. 15:10ean hartuko dute Sevillarako hegazkina, Hondarribiko aireportutik.
Finalaren atariko azken lan saioa 20:00etan egingo dute, Cartuja estadioan. Behin finala amaituta, Sevillan igaroko dute gaua, eta igandean itzuliko dira Euskal Herrira. Taldearen hegaldia 13:10ean iritsiko da Hondarribiko aireportura, eta handik Zubietara joango dira.