Bi partidak irabazi, eta...

Liga amaitzeko geratzen diren bi partidak irabaziz gero, mailari eusteko aukera handia izango du Osasunak, baina jardunaldi honetan bertan ere jaits daiteke, etzi Espanyolen zelaian galduz gero.

De las Cuevas Osasunako jokalaria, joan den larunbatean, Sergio Celtako atezainak egin zion geldiketa sinetsi ezinik. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2014ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Osasunarentzat izan zitezkeen emaitzarik txarrenak ekarri ditu ligako 36. jardunaldiak, eta ilun dago nafarren etorkizuna. Egunak igaro ahala baikortasuna indartzen ari den arren, etzi Espanyolen zelaian galduz gero, Bigarren Mailako taldea izan daiteke Osasuna. Betisen aurkako Sadarreko azken partidara bizirik iristea ziurtatzeko, Cornella El Praten gutxienez puntu bat batu beharra daukate gorritxoek. Helburua ez da hori, dena dela. Geratzen diren bi partidak irabazi nahi dituzte Javi Graciaren jokalariek, 41 punturekin oso zaila izango delako maila galtzea. Bi jardunaldi falta direlarikjaisteko postuetan egonagatik, euren esku dagoela sinetsi nahi dute.

Lehen Mailan, etxetik kanpo, beste inon baino garaipen gehiago lortu ditu Osasunak Espanyolen zelaian: bederatzi. 32 puntu eskuratu ditu Cornellan, eta gol gehien ere han sartu ditu Osasunak etxetik kanpo: 84. Estatistika horiek buruan dituztela heldu beharko dio etziko erronkari.

1. Espanyoli irabazita...

Cornella El Praten hiru puntuak lortuta, asko argitu daiteke Osasunaren etorkizuna. Getafe, Valladolid eta Almeria, horietatik bik ez irabaztea nahikoa lukete gorritxoek azken jardunaldira jaitsieratik kanpo iristeko. Getafek Sevilla hartuko du etxean; Almeriak Granadaren zelaian jokatuko du; eta Valladolid Betisen zelaian ariko da. Hirurek irabazita ere, bizirik iritsiko lirateke nafarrak azken partidara, Almeriak irabaziz gero, Granada 38 punturekin geratuko delako, Osasunaren parean, alegia. Espanyol bera ere hiru puntura izango luke, gainera, euren aurka jokatutako bi partidak irabazita. Azken jardunaldian, Santiago Bernabeun jokatu beharko du Espanyolek. Etzi iluntzean 38 puntu izanez gero, Getafe, Almeria, Granada, Valladolid, Espanyol eta Elxi ere aurre hartzeko aukera izango luke Osasunak azken jardunaldian. Elx Bartzelonaren aurka ariko da asteburu honetan, etxean.

2. Berdinduz gero...

Espanyolen aurka puntu bakarra eskuratuz gero, Betisi irabazteaz gain, aurkari zuzenen hutsen zain egon beharko luke Osasunak mailari eusteko. Jokatu aurretik, beraz, berdinketa ez da ona Cornellan. Baina Espanyolek puntu bat behar du matematikoki mailari eusteko, eta puntu hori nahikoa izan dezake Osasunak, 36 punturekin, azken jardunaldira bizirik iristeko. Hori bai, ondo bidean, jaisteko postuetan iritsiko lirateke nafarrak azken partidara. Hori saihesteko, Valladolidek galdu egin beharko luke Betisen zelaian, baita Almeriak Granadan edo Getafek Sevillaren aurka ere; hiru lehia horietan, bi porrot beharko lituzke Osasunak gutxienez —Getafe eta Valladoliden aurka gol alde hobea dute nafarrek, eta, kasu horretan, Almeriarekin ere gol alde orokorra hobea izango luke—. Lau talde horiek puntutan berdinduta amaituz gero, Valladolid eta Getafe eroriko lirateke zulora. Almeria, Osasuna eta Getaferen arteko berdinketan, berriz, Almeria izango litzateke onena, gero Osasuna, eta, azkenik, Getafe. Osasunak mailari eutsiko lioke, Valladolid eta Getaferekin edo Valladolid eta Almeriarekin puntutan berdinduz gero.

3. Galduz gero...

Etzi Iruñera punturik gabe itzuliz gero, Osasuna jaisteko postuetan iritsiko litzateke azken jardunaldira. Eta txarrena ez da hori, porrot batekin nafarrak asteburu honetan bertan jaits daitezkeelako Bigarren Mailara. Almeriak eta Getafek euren partidak irabaztea nahikoa litzateke horretarako. Partida bat falta delarik, 39 puntura ihes egingo lukete biek, 38 edukiko lituzke Granadak, eta 36, 37 edo 39 Valladolidek. Osasuna, berriz, 35ekin egongo litzateke. Granadak eta Valladolidek elkarren aurka jokatuko dute azken jardunaldian, eta ezinezkoa litzateke biei aurrea hartzea.

Balizko lau milioi konbinazio baino gehiago daude azken bi jardunaldietarako, eta ez da erraza aukerak aztertzea. Baina, une honetan, Valladolid eta Osasuna dira, Betisekin batera, Bigarren Mailara jaisteko hautagai nagusiak. Hori bai, oso kontuan edukitzekoak izango dira Granada-Almeria eta Valladolid-Granada partidak. Hainbeste gorabehera izan daitezke, Espanyolen zelaian irabazita ere, Osasunak badauka arriskua Betisen aurkako azken partidara jaisteko postuetan iristeko; eta, beste muturrean, berdinketa batekin, jaisteko postuetatik kanpo egon daiteke taldea.

Porrotak ere bi muturrak dauzka atzean, litekeena delako galdu arren azken partidara bizirik iristea, eta etzi bertan jaistea. Besteei begira egon gabe, bi partidak irabaztea izango da mailari eusteko biderik seguruena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.