Bidasoak beste urrats bat egin du Espainiako Kopan. Irungo (Gipuzkoa) taldeak 32-26Â irabazi dio gaur Torrelavegari final-laurdenetan, Alacanten (Herrialde Katalanak), eta finalerdiak jokatuko ditu bihar, 19:30ean (Teledeporte). Koska bakarrera du finala jokatzea, azkenekoz hori egin eta 30 urte geroago.
Finala jokatzeak, gainera, saria izango du ia ziur: datorren denboraldian Europako Ligarako sailkatzea. Izan ere, ezusterik ezean, Bartzelona ariko da Kopako finalean, eta, hark Asobal liga irabazi duenez eta Txapeldunen Ligarako sailkatu denez, beste finalista Europan ariko da. Toki hori lortu nahi du Bidasoak, Asobal ligan azken unean esku hutsik geratu baita, laugarren postuan sailkatu eta gero.
Hain zuzen, irundarrak ligan Europarako sailkatu ez izanaren arrazoietako bat izan da ezinean aritu zirela Torrelavegaren aurkako partidetan: puntu bakarra lortu zuten haren aurka, eta puntu horrek zapore garratza utzi zien, azken unean berdindu baitzuen Espainiako taldeak Artalekun. Gaur, ordea, errebantxa hartu dute, eta lehen aldiz irabazi diote denboraldi honetan. Iaz ere gauza bera egin zuten, final-laurdenetan irabazi baitzioten.
Merezita nagusitu dira, Torrelavega baino hobeto aritu baitira. Serio jardun dira: defentsan sendo, eta erasoan eraginkor. Lehen zatian bakarrik ibili dira estu eta larri, aurkariak bi golen aldea lortu duenean: 5-7. Baina Macielen geldiketek piztu egin dute Bidasoa, eta erasoan asmatuz buelta eman dio emaitzari: 10-7. Torrelavega berriro gerturatu da (10-9), baina epaileek talde horretako jokalari bat egotzi dute bi minutuz, eta irundarrek etekin handia atera diote, bigarren kolpea emateko: 15-11. Horrela bukatu da lehen zatia.
Etenak ez du ezer eten; Bidasoak indartsu jarraitu du, eta aldea handitu: 19-13. Orduan suspertu da Torrelavega, eta hiru gol sartu ditu jarraian. Alex Mozasek hutsartea eskatu du, eta eten horrek mesede egin die irundarrei, berriro sei golen aldea lortu baitute: 24-18. Maciel nabarmendu da berriro. Hura izan da partidako onena: hamalau geldiketa egin ditu, eta gol bat sartu.Â
Torrelavegak azken estutua eman du, eta hiru golera jarri da zortzi minuturen faltan (26-23), baina irundarrak ez dira urduri jarri, eta berriro handitu dute aldea.