Apirila oso hilabete berezia da Bidasoarentzat. Hilabete horretan lortu ditu Irungo (Gipuzkoa) eskubaloi taldeak bere lorpen handienetako batzuk. 1997ko apirilaren 19an irabazi zuen azkeneko titulua: Europako Errekopa. 1995eko apirilaren 22an, berriz, bere titulurik garrantzitsuena lortu zuen: Europako Kopa.
Aspaldikoak dira lorpen historiko horiek, eta Bidasoan gogotsu daude beste egun paregabe bat izateko. Beste data historiko bat izan nahi dute apirilean, eta gaur izatea nahi dute. Europako kluben arteko lehiaketa baten finalerdietarako sailkatu nahi dute. Aspaldi egin zuten azken aldiz hori ere, 2001ean, duela hogeita lau urte. EHF kopan aritu ziren orduan. Haren oinordekoan ari dira orain: Europako Ligan.
Melsungen Alemaniako taldea kanporatu behar dute horretarako. Eta balentria horri epikotasun handiagoa emateko, gol baten aldea iraulita egin behar dute: 28-27 galdu zuten duela astebete Alemanian, final-laurdenetako joanekoan. Kontuak argiak dira: Bidasoak derrigor irabazi behar du gaur (20:45, ETB4). Helburua lortzen badu, Lauko Finala jokatuko du Hanburgon (Alemania), maiatzaren 24an eta 25ean.
Erronkaren zailtasunaz jakitun daude Irunen, baina, hala ere, itxaropentsu daude. Horren erakusle da Artaleku lepo beteko dutela. Telebistan ikusiko du partida Iker Serrano Bidasoa taldeko kapitain izandakoak (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Alacant taldean ari da bigarren entrenatzaile. Ondo aritu ere, lehenak baitira Espainiako Ohorezko Mailan, eta eskura baitute Asobal ligara igotzea.
Hura ere itxaropentsu dago. «Bidasoak egin dezake, bai noski! Garai oso onean dago. Aukera polita du. Gainera, Artalekuk gainezka egingo du, eta halakoetan giro zirraragarria sortzen da pabiloian».
Serranoren iritziz, joanekoan gertatutakoa abisua izan da Melsungenentzat. «Bidasoak oso partida serioa jokatu zuen. Orain, Melsungenen badakite Bidasoa aurkari zaila dela. Lehen, agian, ez zuten merezi bezala kontuan hartu. Askotan gertatzen da hori Europako lehiaketetan: talde batzuek uste dute izenarekin irabaziko dutela, eta, gero, larrutik ordaintzen dute. Asobal ligan oso ondo jokatzen da, eta Bidasoak oso ondo jokatzen du».
«Orain, Melsungenen badakite Bidasoa aurkari zaila dela. Lehen, agian, ez zuten merezi bezala kontuan hartu»
IKER SERRANOBidasoako kapitain ohia
Argi du: atezainen lana «erabakigarria» izango da. «Jakub [Skrziniarz, Bidasoa taldeko atezaina] oso ondo aritu zen han, batez ere bigarren zatian. Atezainen arteko lehia egongo da Artalekun». «Xehetasun txikiek» garrantzi handia izango dutelakoan dago. «Oso parekatua ikusten dut. Beraz, gauza txikiek erabaki dezakete partida: penaltiak sartu eta gelditzeak, baloiak galtzeak eta garai zailetan hobeto aritzeak, besteak beste».
Presiopean ondo
«Presioa» ere aipatu du. «Biek dute presioa, baina aldaketa egon da horretan. Bidasoa presio handirik gabe aritu zen han; partida ona egitea zuen helburu. Baina, orain, eskura du Lauko Finalerako sailkatzea. Lehen baino presio handiagoa du. Eta, halakoetan, batzuk hazi egiten dira, eta, beste batzuk, txikitu». Hala ere, «konfiantza osoa» du Bidasoko jokalariengan. «Azken urteetan eskarmentu handia bildu dute, eta ohituta daude horrelako partidak jokatzera. Asko ikasi dute haietatik. Europako Ligan egin dutena da horren erakusle: bikain aritu ziren lehen bi ligaxkatan, eta, Alemanian, nor baino nor gehiago aritu ziren».
Bidasoa presiopean «jokatzeko gai» dela dio, baina iritzi bera du Melsungeni buruz. «Sekulako taldea da. Jokalari ia guztiek jokatzen dute euren selekzioarekin; izarrak dira. Haiek ere ohituta daude presiopean aritzera, baita etxetik kanpo jokatzera ere; ondo moldatzen dira egoera horretan». Gainera, Nikolaj Enderleit eskuin albokoa osatu egin da, eta baliteke haren postukide Dainis Kristopansek ere jokatzea. «Sekulako jokalaria da. Oso garaia izateaz gain [2,15 metro da luze], oso ondo jokatzen du erasoan, eta oso gogorra da defentsan. Jokalari oso garrantzitsua da».
Bidasoa Lauko Finalerako sailkatzea «arrakasta itzela» litzatekeela azpimarratu du. «Azken hamarkadako mugarririk garrantzitsuena litzateke. Ligan, aurrerapausoa eman du jada, baina Europan ere hori egitea oso garrantzitsua litzateke, bai klubarentzat, bai taldearentzat, baita Irunentzat ere». Azken abisua eman du. «Eta erne Lauko Finalerako sailkatzen bada. Hor edozer gerta daiteke»