Bidasoak denboraldi «gogor bezain ilusionagarria» du aurretik

Lau lehiaketatan hartuko du parte denboraldi honetan. Niko Mindegia, Miguel Angel Martin, Joao Magalhaes, Jakub Sladkowski eta Markel Errasti fitxatu ditu taldea indartzeko.

Bidasoa taldeko jokalariak eta teknikariak, gaur, entrenatzen hasi aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Bidasoa taldeko jokalariak eta teknikariak, gaur, entrenatzen hasi aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon eskudero
2026ko uztailaren 30a
16:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gogotsu eta ilusioz gainezka ekin dio lanari gaur Bidasoak, Artaleku pabiloian, Irunen (Gipuzkoa). Goizeko lehen ordurako deituak ziren jokalariak, eta erronkaz beteriko denboraldiari aurre egiteko prest agertu dira. Guztira lau lehiaketa jokatu beharko ditu Alex Mozasen taldeak, eta galtzak bete lan izango du irailetik aurrera. Ohi bezala, Asobal ligan goiko postuetan sailkatzea izango da helburu nagusia, eta Europako Ligan ere lan ona egitea izango du xede Irungo taldeak. Gainera, Espainiako Kopa eta Iberiar Superkopa ere jokatu beharko ditu. Ikusteko dago zer gertatuko den Asobal Koparekin. Egutegiari dagokionez, denboraldi gogorra aurreikus daiteke, eta datozen sei asteak garrantzitsutzat jo ditu Mozas entrenatzaileak, prestakuntza ona egitea funtsezkoa izango dela adierazi baitu. «Sekulako sasoi polita daukagu zain, eta aparteko ilusioa dugu denboraldi on bat egiteko. Behin sasoia hasten denean ez dugu aukerarik izango lasai entrenatzeko; hortaz, orain ezingo dugu denborarik galdu».

Mozasekin batera, Gurutz Aginagalde presidenteak eta Gorka Nieto kapitainak ere hitz egin dute. Aginagalderen esanetan, Europan parte hartzea pizgarri berezia izango da. «Sekulako emozioa egongo da Europako partidetan, hil ala biziko neurketak jokatu beharko baititugu». Hots, ligan jarri nahi luke arreta osoa. «Liga da jaten ematen digun lehiaketa, eta ea gai garen iragan sasoiko postua hobetzeko, bosgarren sailkatu baikinen. Ligan gero eta diru gehiago inbertitzen ari dira taldeak, eta zaila da goian ibiltzea, baina ahaleginduko gara». Lehiaketa edozein dela ere Artalekuko harmailak beteta ikustea gustatuko litzaioke presidenteari. «Gure zaleen babesa ezinbestekoa izango da garaipenak lortu ahal izateko». Alde horretatik, Aginagaldek aurreratu du pausoak ematen ari direla pabiloi berri bat eraikitzeko bidean.

«Behin sasoia hasten denean ez dugu aukerarik izango lasai entrenatzeko; hortaz, orain ezingo dugu denborarik galdu. Sei aste hauek oso garrantzitsuak izango dira» 

ALEX MOZAS Bidasoa taldeko entrenatzailea

Europako Ligari dagokionez, Bidasoak badaki jada zein talderen aurka lehiatuko den: Limoges, Hafnarfjordur eta Maritimo Madeira. Aurtengo edizioan aldaketak izango ditu Europako txapelketak. Orain arte 48 taldek jokatzen zuten, eta aurten 32 taldera jaitsi da parte hartzea. Hori dela eta, multzoekin hasiko da zuzenean. Hauek izango dira partiden datak: irailaren 29an edo 30ean, urriaren 6an eta 13an, azaroaren 17an eta 24an, eta abenduaren 1ean edo 2an. Final-zortzirenetarako, multzo bakoitzeko lehen biak sailkatuko dira. Fase horretan bat egingo dute Txapeldunen Ligako multzoetako hirugarren eta laugarren sailkatuekin. Ondoren, hiru kanporaketa gehiago jokatuko dira finalera iritsi aurretik.

Aro aldaketa

Asobal ligako egutegiaren berri ere badu Bidasoak. Lehen neurketa Viveros Herolen aurka jokatuko du, irailaren 12-13ko asteburuan, Artalekun bertan. Nietoren esanetan, behin denboraldia abiatzen denean ez dute arnasa hartzeko betarik izango, eta gogotsu daude erronka guztiei aurre egiteko. «Jokalari batek halako denboraldiak izan nahi ditu. Partida gogor asko jokatuko ditugu, eta Bidasoak bere nortasunari eustea izango da garrantzitsuena. Irabazteko eta lehiatzeko gogoz gaude, eta nahi genuke zaleak gurekin identifikatuta sentitzea». Iragan sasoian Espainiako Kopako finala jokatu izana mugarria izan zela gogoratu du kapitainak. «Oso polita izan zen zaleak eta jokalariok batera bidaiatzea eta final bat jokatzea, eta hori berriz egitea daukat helburuen artean».

«Jokalari batek halako denboraldiak izan nahi ditu. Partida gogor asko jokatuko ditugu, eta Bidasoak bere nortasunari eustea izango da garrantzitsuena» 

GORKA NIETO Bidasoa taldeko jokalaria

Taldearen egiturari dagokionez, ziklo aldaketa egon dela aipatu du Mozasek. Hainbat jokalari garrantzitsuk taldea utzi dute. Esate batera, Nacho Valles eta Rodrigo Salinasek. Dena den, fitxaketa «interesgarriak» egin ditu klubak: Niko Mindegia, Miguel Angel Martin, Joao Magalhaes, Jakub Sladkowski eta Markel Errasti. «Entrenatzaile gisa, nire helburua izango da Bidasoa talde onena izatea defentsaren arloan. Guri gol gutxi sartzea funtsezkoa izango da lehiaketa guztietan bizirik irauteko». Entrenamenduekin uztartuta, taldeak lagunarteko batzuk jokatuko ditu datozen egunetan. Hauek izango dira aurkariak: Blendio Sinfin, Wacker Thun, Blue Falcon eta Anaitasuna.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA