Huesca 30-37 Bidasoa

Bidasoak Europan jokatuko du datorren denboraldian, Kopako finalera iritsita

Ligaren bidez lortu ez duena Koparen bidez lortu du Bidasoak, Espainiako Kopako finalera pasatuta Europan jokatuko baitu datorren denboraldian. Huescari 30-37 irabazita igaro da finalera, eta Bartzelona izango du zain bihar, 17:00etan.

BIDASOA
Marko Jevtic gol bat ospatzen, atzo, Alacanten. JL RECIO / RFEBM
inaut matauko rada
2026ko ekainaren 6a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo ezustekoa hartu ostean, gaur espero zena gertatu da Alacanten (Herrialde Katalanak), Bidasoak 30-37 irabazi baitio Huescari, eta bihar Espainiako Kopako finala jokatuko du Irungo taldeak (Gipuzkoa), Bartzelonaren kontra. Oso zaila izango du Kopa irabaztea, talde indartsuagoa baita Bartzelona, baina garrantzitsuena gaur lortu du Bidasoak, finalera iritsita Europako sailkatzea lortu baitu taldeak, ligan lortu ez duena, hain zuzen ere. Are, garaipen handien gisara ospatu dute Bidasoa taldeko jokalariek partida amaitu ostean.

Final-laurdena atzo jokatu zuen Bidasoak, Torrelavegaren kontra; partida zaila zen irundarrentzat, denboraldi hobea egin baitu Kantabriako taldeak, baina ezustekoa eman zuen, 32-26 irabazita. Gaur, berriz, aurkari askoz apalagoa zuen Irungo taldeak, Huesca, bigarren mailara jaitsia, eta oraingoan aurreikuspenak segituan bete dira, lehen minutuetan 0-5 irabazten hasi baita Bidasoa, partida erraza izango zela iradokiz. Tarte erosoa mantenduz joan dira irundarrak, baina lehen zatiaren amaieran Huescak estutu egin du, hiru golera gerturatuz, eta atsedenera bost golen aldearekin iritsi dira, markagailua 13-18 zela amaitu baita lehen ordu erdia.

Tarteari eusten

Atsedenaldiaren ostean, tartea handitzen jarraitu du Bidasoak, eta, gol segida bati esker, zazpi tantoko abantaila lortu dute une batean. Alde handi horrek emozioa kendu dio partidari, eta golak tartekatuz joan dira bi taldeak amaierara arte; azkenean, 30-37 irabazi du Bidasoak.

Bihar, beraz, Espainiako Kopa irabazteko aukera izango du Irungo taldeak, baina ospakizunak gaurko partida amaitu bezain laster hasi dituzte, Europarako sailkatzea lortu baitute. Beraz, bihar dena dute irabazteko, Bartzelonak aukera handiagoa baitu irabazteko, Bidasoa baino gehiago denez gero. Europarako sailkatzeko helburua lortuta, denboraldia biribiltzeko aukera baliatzen saiatuko da, beraz, bihar Bidasoa, Alacanten (17:00, Teledeporte).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE