Bide errazenetik bada, hobe

Eurokopako multzoko azken partida jokatuko du Gernikak, gaur, Polonian. Lehen postua dauka jokoan, baina, horretarako, gutxienez 17 punturen aldearekin irabazi behar du

BRADFORD GERNIKA
Crystal Bradford Gernikako jokalaria Zaglebieren aurkako joaneko partidan. LOINTEK GERNIKA
Beñat Mujika Telleria.
2023ko azaroaren 29a
05:05
Entzun

Eurokopako lehen kanporaketetarako sailkatuta dago Gernika dagoeneko. Orain, baina, bere esku dauka ustez biderik errazena izango denetik joatea. Multzoko lehen postua izango du jokoan gaur Lucas Fernandezen taldeak (18:00, Youtube). Polonian arituko dira gernikarrak, Zaglebie Sosnowieken aurka. Kalkulua erraza da: gutxienez 17 punturen aldearekin irabazi beharko dute bizkaitarrek lehen postua eskuratzeko. Garrantzi handikoa izango da emaitza, sailkapeneko postuaren arabera egokituko baitzaio kanporaketetako lehenengo aurkaria.

Zaragozan jipoia jaso ostean bidaiatu du Gernikak Poloniara. 88-56 galdu zuten Principe Felipe pabiloian, azken urteetako talderik sendoenetako baten etxean. Hala ere, sendotasuna erakutsi du orain arte. Ligan sei partida irabazi ditu, eta beste bi Europan. Porrotak, berriz, lau guztira: hiru ligan eta bakarra Europan. Estatistikek ere informazio ona erakusten dute. Eskuratutako puntuetan ligako talderik onenetan laugarren da Gernika: batez beste, 69,4 puntu. Eskumutur fina erakutsi dute bizkaitarrek gaur arte. Ligan jaurtitzen dituzten jaurtiketen %44,3 sartzen dituzte. Horretan, Valentzia soilik du aurretik. Erregular aritu dira; hiruko eta biko jaurtiketetan ligako talderik onenetan laugarren da Gernika: Jaurtitako hirukoen %34,2 sartzen ditu, eta biko jaurtiketen %48,5. Oso antzekoak dira Europan lortu dituzten estatistikak; batez beste bi puntu gehiago lortzen dituzte gernikarrek Europan, eta egiten dituzten jaurtiketen %43,7 sartzen dituzte; ligan baino %0,6 gutxiago.

Jokamoldea ere gaur egungo saskibaloitik zertxobait urruntzen da. Ligan biko jaurtiketa gehien egiten duen taldea da, eta hiruko jaurtiketa gutxien egiten dituena. Jokamolde horretan talde zurruna da Gernika. Baina Fernandezen orkestrak badauka bakarlari bat: Crystal Bradford. Estatubatuarrak jokatzeko era anarkikoa dauka erabat, baina abilezia handia dauka nahi duenean nahi duen modura jokaldia apurtzeko. Hura da taldeko jokalaririk desberdinena. Taldeko saskiratzaile nagusia da (10,6 puntu, batez beste), eta errebotean eta balorazioan ere hura da jokalaririk nabarmenduena (6,2 errebote eta 11,1 puntuko balorazioa, batez beste).

Gainera, are garrantzitsuagoa izango da orain, taldeko bigarren saskiratzaile nagusiak taldea utzi baitu. Grace Berger estatubatuarrak lesio txiki bat du behatzetako batean, eta kontratua eteteko akordio bat hitzartu du Gernikarekin. Erasoko jokoan erabakigarri ere bihurtu zen, Gernikara WNBAko draftean 7. postuan aukeratu ostean, baina apustua ez da ongi atera. Hortaz, taldea sendotu beharrean dira bizkaitarrak, baina Poloniara bederatzi jokalarirekin bidaiatu dute. Haien esku egongo da taldearen etorkizuna Europako txapelketan.

Matematikak tartean

Eurokopako bere multzoko lehenak izateko helburua bete nahian kantxaratuko da Gernika Sosnowieken. Poloniarrek multzoko partida guztiak jokatu dituzte, eta mirari bat behar dute hurrengo faserako sailkatzeko. Gernikarrek argi dauzkate egin beharrekoak. Sailkapenean Montpellierrekin berdinduta, gutxienez 17 punturen aldearekin irabazi beharko dute bizkaitarrek lehen postua bermatzeko. Kontuak egitea erraza da, baina matematikak baino zailagoa izango da emaitza hori lortzea. Hala ere, badaukate esperantza izateko arrazoirik; Malosten 19 punturen aldearekin irabazi zuen Gernikak (78-59).

Lucas Fernandezek aipatu du «aurkari zaila» dela Zaglebie, batez ere etxean jokatzen duenean. Hala ere, gernikarren lanean jarri nahi izan du fokua entrenatzaileak: «Partida osoa egin nahi dugu, eta horretarako erregularrago izan behar dugu kantxaren bi aldetan».

Aurpegi berria Donostian

IDK-k jokalari berria fitxatu du taldea indartzeko. Yurena Diazen lesioaren ostean bederatzi jokalarirekin soilik izan du lehiatzeko aukera IDK-k. Jori Davis izango da hamargarrena. Estatubatuarra esperientzia handiko jokalaria da, eta ASVELen Euroliga jokatu zuen pasa den sasoian. Espainiako Ohorezko Mailan ere jokatu zuen; Valentzian aritu zen 2018-2019 denboraldian. Kanpoko jokoa indartzera iritsi da Donostiara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.