Bidea zailagoa da orain

Super Amara Bera Berak ezin izan dio eutsi Nykobingi, eta 28-36 galdu du EHF Kopan. Norvegiarren hutsa behar du sailkatzeko

Nykobingeko bi jokalarik ez diote jaurtitzen uzten Esther Arrojeria Bera Berako erdikoari. JON URBE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Super Amara Bera Berak jada ez du bere esku bakarrik EHF Kopako final-laurdenetarako sailkatzea, eta beste taldeen emaitzen laguntza beharko du aurrera egiteko. Atzo 28-36 galdu zuen Nykobing Falsterren aurkako ligaxkako partida, eta orain hirugarren da multzoko sailkapenean. Ondorioz, oso aldapa gora jarri zaio sailkatzea, baina aukera badu oraindik. Horretarako norvegiarrek baino hiru puntu gehiago atera behar ditu azken bi partidetan. Lehen itzuliko partida Nykobingek irabazi zuen, eta berdinduta bukatuz gero, haiek lirateke aurretik sailkapenean.

Bera Berak ezin izan zion eutsi Nykobingen erritmoari. Aurkariek partida oso fisikoa planteatu zuten. Atzean egurra banatu zuten epaileen onespenarekin, eta erasoan bizi-bizi jokatu zuten. Donostiako taldea, gainera, oso hotz hasi zen. Lehen minutuak izan ziren etxekoen okerrenak (1-6, 7. min eta 6-14, 15. min). Hasi eta berehala, 3. minutuan, epaileek Cardoso egotzi zuen. Penalti batean Greve atezainari baloia aurpegira nahita bota zuela adierazi zuten. Hanka sartu zuten baina, baloiak lehenbizi eskuaneman baitzion atezainari.

Egun latza izango zela zirudien, baina Bera Berak erreakzio bikaina izan zuen. Gauzak okerren zeudenean hazi egin zen eta 6-0eko partziala lortu zuen sei minututan (13-14, 21. min). Defentsa asko gogortu eta kontraerasoak muntatzea lortu zuen. Taldearen unerik onenak izan ziren, baina ez zuten aurretik jartzerik lortu. Nykobing sufritzen ari zen, baina Lagerquist albokoa agertu zen hiru golekin bere taldeari arnasa emateko. Suediarrak 11 gol sartu zituen guztira. Atsedenaldian kanpokoak aurretik ziren (17-20).

Hainbeste goleko partidak ez zaizkio komeni Bera Berari. Defentsa du bertute, baina atzo ezin izan zuen joera aldatu. Kanpokoek aldea pixka bat ireki zuten bigarren zatiaren hasieran (20-26, 36. min), eta Bera Bera hiru golera gerturatu bazen ere, (26-29, 47. min), Nykobingek ondo kudeatu zuen aldea. Silvia Arderius, sei golekin, eta Silvia Arrojeria eta Alba Menendez, bosnarekin, izan ziren Bera Beraren jokalari onenak.

Zuazok, bestalde, ligako partida zuen atzo, eta 23-28 galdu zuen Malagaren aurka. Barakaldoko taldea 10. postuan dago, baina bost punturen aldea du jaitsiera postuekiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.