EPELen Binakako Txapelketako finala

Bidelagunak baino gehiago

Pablo Berasaluze eta Josetxu Areitio; pilotaria eta haren entrenatzaile, botillero eta aholku emailea. Zortzi urte dira elkarrekin lanean hasi zirela, eta oraindik ere egunero bospasei aldiz hitz egiten dute. Halere, elkarrekin ondo moldatzen segitzen dute, eta gustura aritu dira solasean finalaren aurretik.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Iurreta
2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Goiz eguzkitsua da Iurretako (Bizkaia) pilotalekuan. Hantxe dute kuartel nagusia Asegarceko pilotari bizkaitarrek. «Hemen ditugun baldintzak luxu bat dira», onartu du Josetxu Areitiok (Iurreta, 1967), futboletik pilotara ia oharkabean igaro zen teknikariak. Berak zuzentzen ditu entrenamenduak, Pablo Berasaluzeren (Berriz, Bizkaia, 1977) laguntza eta babesarekin. Zortzi urte dira eskutik dabiltzala, eta ezin hobeto ezagutzen dute elkar.

Nola entrenatzen zarete, euskaraz edo gaztelaniaz?

PABLO BERASALUZE: Euskaraz.

JOSETXU AREITIO: Askotan euskaraz. Baina xehetasun teknikoak nik gaztelaniaz ematen ditut. Errazago komunikatzen ditut. Multzoan, euskaraz egiten dugu gehienetan, eta bertako pilota elkarteko umeekin, beti euskaraz.

Zenbat aldiz hitz egiten duzue egunean?

J. A.: Goizeko bederatzietan; hamar eta erdietan, entrenatu aurretik; entrenamenduan; hamaika eta erdietan, entrenamenduaren ondoren; eta arratsaldez beste pare bat bider.

Ez zarete nazkatu?

P. B.: Apur bat; jada asper-asper eginda nauka! Txantxa da...

J. A.: Batzuetan, igual, egun pare bat egiten ditugu aparte. Gure tokia behar dugu, baina normalean, egunero hitz egiten dugu.

Beraz, ondo moldatzen den bikotea zarete?

J. A.: Gure iritzi ezberdinekin, baina bai.

P. B.: Tira, ni pixka bat arraroa naiz. Pixka bat baino ez.

Oso arraroa al da Pablo?

J. A.: Tira, asko ere ez. Ez dakit. Entrenamendu jakin bat planteatzen diozunean ez zara tematu behar. Estutu eta behartzen baduzu, okerrago egingo du. Tartea eman behar diozu ariketa barnera dezan, eta primeran egingo du.

Nolako entrenatzailea da bera?

P. B.: Nahiko gogorra. Hor multzoko gazteek beste tankera bateko lana egiten dute, baina gogorra da. Pilotariaren gainean egoten da beti, arlo fisiko eta teknikoan. Eta egunero dago. Hori oso garrantzitsua da, egunero dagoela, eta motibatzaile ona da.

Josetxuk dio asko eskertzen duela zure laguntza multzoan. Lider bat zara?

P. B.: Urte asko daramatzagu elkarrekin eta asko hitz egin dugu pilotari buruz. Multzoa antolatu genuen, bera da prestatzailea eta nik ahalik eta gehien laguntzen diot arlo teknikoan. Ez nuke esango lider bat naizenik.

Partidetara, elkarrekin?

P. B.: Bai! Azken zazpi-zortzi urteetan oso gutxitara ez ginen elkarrekin joango.

J. A.: Autoan elkarrekin. Berak gidatzen du; hor bera da nagusia.

Eta musika nork jartzen du?

P. B.: Nik. Hori ukiezina da.

J. A.: Hasieran, partidak komentatzen genituen bidean, baina azkenaldian, partidari buruzkoak aurretik esanda egoten dira.

Asko aldatu da Pablo azken bederatzi urteetan?

J. A.: Bai. Nik une txarretan ikusi nuen, eta gero 2008an goraka egiten hasi zen. Pertsona modura heldu egin da. Lehiatzeko garaian ere asko zaildu da; partidak hobeto kontrolatzen ditu. Berak esaten dit 20 urte zituenean ni agertu izan banintz agian ez zitzaiola gertatu izango gertatu zitzaiona. Hitz egin izan dugu honi buruz. Pablok kolpetik egin zuen topo profesionaltasunarekin, horrek dakarren erantzukizuna zein zen jakin gabe.

Hainbesterako al da?

P. B.: Nik debuta egin nuenean, afizionatuetan jokatzen jarraitzen nuela uste nuen. 1999ko finala jokatu nuen, eta niretzat beste partida bat zen. Ez nion eman duela bi urteko finalari, edo oraingoari, eman diodan garrantzirik.

Josetxu bezalako pertsona batek zentratzen lagunduko zizun.

P. B.: Ezberdina izango zen. Baina, erne, 20 urtetatik neure burua estutu izan banu agian orain ez nengoke nagoen sasoian.

J. A: Hori ere egia da. Baina agian handiagoa izango zinen.

P. B.:Ezin jakin, bizitza horrelakoa da. Elkartu behar izan ginenean elkartu ginen, eta pozik egon behar dugu egin dugunarekin, eta egiten ari garenarekin.

J. A: Lehiaketari dagokionez, nik bilakaera handiena kontrol ahalmenean ikusi dizut: emaitza, aurkaria, kidea... 6-7 urtetatik hona atzelariari laguntzeko duzun joera hori lehen ez zenuela uste dut.

Bitxia da, Pablo pilotari familia luze batekoa delako.

J. A: Gehiago zen ez zekiela zer zen aurrean zuen hori. Bera gustura zegoen pilotan jokatzen. Debutatu zuenean, profesionaletan aritzea, afizionatuetan, gaztetan edo Berrizko plazan jokatzea bezala zen. Ez zekien zeren ordezkari zen. 30 urtetatik aurrera, nik uste dut aldaketa bat egon zela harengan.

Duela zazpi urte esan balizuete egun zaudeten bezala egongo zinetela? Elkarrekin lanean, pilotari multzo polit batekin...

J. A: Tira, tira... pentsaezina zen! Duela zazpi urte Pablok beste inork ez zuen kalitatea zuela iruditzen zitzaidan, eta nik esaten nion, «Pablo, pixka bat lan eginda, aztertuta, defentsa lantzen...». Eta horregatik hasi ginen lanean, bilakaera hori izan zezakeela uste nuelako.

Pilotari gazteekin aritzea motibazioa da?

P. B.: Multzo polita dugu eta bai...

J. A:Xaxatu egiten dituzu.

P. B.: Bai, urte asko daramatzazu hor, eta gazteek bilatu egiten zaituzte. Etorri eta pixka bat estutu zaitzaten gustura hartzen da. Osasunez daramagu lehia, eta nik onena opa diet. Niri asko eman dit pilotak, eta hemen dabiltzanei debutatzen laguntzen badiet, zoriontsu izango naiz.

Egun ez dago halako pilotaririk.

J. A.: Nik asko hitz egin dut horri buruz. Pilotan eta kirol askotan, 4-5-6 urterekin modu dinamikoan jokatu beharko lukete: kalean, plazan... Entrenamendu organizatuetara pasatu gara: 6 urteko umeak astean bitan bi orduz entrenatzen, eta kito. Esentzia galdu dugu: kaleko jolasa. Pabloren kasua, 4-5 urterekin hasi jokatzen, eta gero, aitarekin jokatzen, eta hura jokatzen ikusten pasatutako ordu pila... Hori gaur egungo gazte batean pentsaezina da. Gauza batzuetan okerreko bidean goaz.

Pilotak zerbait zor al dio Pablori?

J. A.: Bai, txapel bat bai behintzat. Horrek nonbait idatzia egon behar du.

Pablo, jende askok nahi du zuk irabaztea. Nabaritzen duzu?

P. B.: Nik nabaritzen dut maitasun hori. Beti eskertu dut lesioaren ondoren halakoak entzutea. Eta txapela... Begira, irabaziz gero, lasai asko har nezakeen erretiroa, baina badakigu oso zail dagoela. Final bat irabaztea zaila da; asko jokatu behar da. Baina irabazi edo ez, nik pilota txapel bat irabazi banu bezala utziko dut.

Aurreko finala badatorkizu burura? Maitasun hori hein handi batean orduko zoritxarretik ere badator.

P. B.: Bai, badatorkit. Eta orain pilotaleku berera, beste final bat, antzeko giroa... Beldurra hor dago, ea ez den berriz pasatuko.

J. A.: Oroitzen naiz egun hartan, edo hurrengoan, Pablok esan zidala: «Josetxu, hau bukatu dela uste dut. Ezingo dugu beste ezer egin. Ea zer egin behar dut nik orain...». Eta nik esan nion, eta berak ziurta dezake egia dela, beste aukera bat izan behar zuela. Beste final bat jokatuko zuela. Esan nizun edo ez? Bai edo ez?

P. B.: Bai, bai... Egia da hori. Nik ere esan nuen ondo sendatuz gero borrokatuko nintzela berriz sartzeko. Baina gaur egun puntako pilotan dagoen mailarekin, oso zaila da final baterako sailkatzea.

Lesioek gogor jo dute Pablo.

J. A.: Bada, bai, azken bi urteetan: orpazurda, hatz hautsia... Batetik irten ez eta bestean sartu. Sendatu eta berrindartzeko ahala izan du. Hori bai, aspertu egin gaitu, hori da hori lata ematea... Presa dauka, bizkor jarri nahi du, eta pazientzia behar da. Bizitzan kantxan bezala: tantoa bizkor egiten duen bezala, bizitzan gauzak bizkor egin daitezela nahi du. Askotan lagundu egin behar izan diogu, eskuko frenoa bota, lasaitu... Eta hemen dago berriz.

Negar asko egin duzue?

J. A.: Bai. Bilbon lesionatu zen egunean, elkarrekin aldagelan.

Eta ospatu? Orain tokatzen da?

J. A.: Ez hartu txarrera, baina ez zait gustatzen «irabaztera goaz» esatea. Arriskutsua da. Finalak jokatu egin behar dira. Jokatu, aurkariak errespetatu, nola esnatzen zaren ikusi... eta gertatu beharrekoa gertatuko da, eta bizitzak aurrera jarraituko du.

Bizkaitarraren bolada txarra pisua da?

P. B.: Bai zera!

J. A.: Ez, ez... Historiak ezin digu xantaiarik egin. Gu prest egon behar dugu datorrenerako.

P. B.: Nik irabazi edo ez, une oso gozoan gaude. Ni ez banaiz, Urruti, Elezkano... beste guztietako bat izango da, baina txapela laster iritsiko da Bizkaira.

Finalari buruz hitz egin duzue? Finalerdiko bideoa ikusi duzue?

J. A.: Ez, aste hauetan entrenamenduen planifikazioa izan da gaia.

P. B.: Bideo hori ez dugu ikusiko. Ez da galdu genuelako. Ez dut ez irabazitakorik ez galdutakorik ikusi. Partida horiek iragana dira, finalean dena ezberdina da: pilotak, giroa... Eurak dira faboritoak baina horrek ez digu eragiten.

Zenbateko soka gelditzen zaio Pablori?

P. B.: Bospasei urte! Urte eta uda hau nola bukatzen dugun ikusi behar dugu. Heldu den urteko maiatzean bukatuko dut kontratua. Nik pilotan jokatu nahi dut.

J. A.: 37 urte ditu. Pablo fisikoki ondo mantenduz gero, hiruzpalau urte iraun dezake. Pilotan arlo teknikoa oso garrantzitsua da, eta teknikoki oso ona da. Eta gero, nik uste, enpresak teknikari postua gorde beharko liokeela. Pablok asko du irakasteko, gutxik ezagutzen dute pilota jokoa berak adina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.