Donostiarrak taldeko arraunlaria

Itxaso Uzkudun Odriozola: «Bidezkoa iruditzen zait sailkapen estropada jokatzea; bi taldeek jokatu beharko genuke, eta kito»

Etxeko estropada eremuan lehiatuko dira donostiarrak gaur. Igandean, berriz, Zierbenan arituko dira Euskotren eta Eusko Label ligetako ontziak.

Itxaso Uzkudun Donostiako kaian, asteon. ANDONI CANELLADA / FOKU
Itxaso Uzkudun Donostiako kaian, asteon. ANDONI CANELLADA / FOKU
nerea intxausti
Donostia
2025eko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bantxa traineruak ez du denboraldia nahi bezala hasi, baina estropadaz estropada borroka egingo dutela ziurtatu du Itxaso Uzkudun Odriozola arraunlariak (Donostia, 1999), ohorezko txandan muturra sartzeko. 

Zer moduz dago taldea asteburuko estropaden ondoren?

Taldea, era batera, berria denez, ez genuen espektatibarik, baina, gure ustez, ez genuke postu horretan egon behar. Liga aurrera doan neurrian, gorago ibiltzeko grina dauka taldeak. Konstantzia nahi dugu, eta, zenbat eta estropada gehiago egin, geure burua sailkapenean gorago ikusi.

Espero zenuten?

Estropada batetik bestera edozer gerta daiteke: izan zaitezke seigarrena, hurrengoan laugarrena, eta, ondorengoan, azkena. Harritu gintuen Bilboko estropadan azken postuan geratzeak, baina are gehiago harritu gintuen zazpigarrenetik horren urrun gelditzeak.

Zer dela eta gertatu zen hori? 

Aulki mugikorrean ibilitako jendea daukagu taldean, eta Espainiako Txapelketa prestatzen ibili dira. Oraindik kilometro gehiago egin behar ditugu elkarrekin traineruan.

Iganderako lortu zenuten horri buelta ematea... 

Bagenekien lana ondo egin behar genuela eta horri behintzat buelta eman behar geniola. Jakitun ginen zuloan sartuz gero oso zaila dela hortik ateratzea. Seigarren postua lortu genuen, eta arnasa pixka bat eman zigun.

Nicole Maroño zuen patroiak esan nuen helburua ohorezko txandan lehiatzea zela. Zer esango zenioke jada esperantza galdu duenari?

Jada entzun ditugu iruzkin batzuk aurten mailaz jaitsiko garela-eta. Lasai-lasai ez nago, baina oraindik lan asko daukagu egiteko, eta liga hasi besterik ez da egin. Edozer gerta liteke, baina guk geuk konfiantza baldin badaukagu, horrek balioko du. Benetan uste dut estropadaren batzuk egingo ditugula ohorezko txandan, baina asko ibili behar dugu oraindik, eta akatsik txikienak ere zuzendu egin beharko ditugu. 

Arraunlari batzuk eta Maroño bera ez ezik, entrenatzailea ere berria da zuenean.

Entrenatzailea eta patroia bi figura inportante dira, eta bakoitzak bere dinamika dauka. Nicole [Maroño] iaz ere aritu zen bigarren patroi gisa. Ez zuen estropadarik jokatu, baina entrenamenduetan aritu zen. Entrenatzaileari dagokionez, aurtengoak [Ibon Urbieta] eta aurreko urtekoak [Rufo Urtizberea] ez daukate zerikusik, bakoitzak bere modura egiten du lana, eta horretara ere ohitu behar dugu.

Aurtengo liga iazkoa baino parekatuagoa izango da?

Iaz Arraun Lagunak-ek nagusitasun eta merezimendu osoz irabazi zituen estropada guztiak. Aurten ere bide beretik hasi da, nahiz eta aldeak txikiagoak diren; Orio gain-gainean du. Eta Tolosaldea tarte txiki batera gelditu da asteburuan, baina uste dut hobeto ibiliko dela, itsasoan esperientzia gehiago dute eta.

Itsasoko estropadak datoz. Nahiago duzue itsasoan lehiatu?

Ibaitik itsasora gauzak asko aldatzen dira; itsasoan aritzeak joko gehiago ematen du: kanpo faktore askok eragin dezakete emaitzetan. Ikusi da ibaian ez dugula asmatu, baina itsasoak esperientzia eskatzen du, eta, taldea berria izanda, gutxi daukagu. Denboraldia aurrera joan ahala, orduan jakingo dugu zer dugun nahiago.

Taldean beteranoetako bat zara. Zer rol hartzen duzu iritsi berriekin?

Donostiarrak trainerua atera zuenetik, ni naiz taldean segitzen duen bakarra. Saiatzen naiz gazteagoei eta aulki mugikorrean ibilitakoei nire esperientzia azaltzen, eta zapuztuta daudenean haiek lasaitzen. Aldea dago aulki mugikorretik trainerura, adibidez, kamerak, semaforoa, elkarrizketak... Esaterako, igandean lehenengoz atera zen Malen [Galarraga] traineruan. Aurten hasi da, hutsetik, eta aulki mugikorrean ere ez da denbora asko hasi zela. Urduri zegoen, baina, azkenean, oso ondo egin zuen bere lana.

Gaur etxean jokatzeko gogoz?

Bai, etxeko estropadak beste xarma bat izaten du. Etxean denez, inguruko jendeak aukera gehiago izaten du etortzeko. Gainera, Kontxan arraun egitea beti da berezia. Hori bai, aurreraxeagotik hasten da estropada, eta eremua, beraz, ez da Kontxako estropadako bera.

Eta hala behar du? 

Bai, hala izan behar du. Horrela, Kontxako estropada bat eta bakarra da. Gainera, aurten, gauzak nola abiatu diren ikusita, guk jokatu beharko dugu sailkapen estropada. Nire lehenengo sailkapen estropada izango da, Donostiarra sortu zenetik ez baitugu jokatu beharrik izan. Arraunlariak ez gara inoiz ados egon horrekin; niri bidezkoa iruditzen zait kanporaketa jokatzea; beharbada bi taldeek jokatu beharko genuke, eta kito. Ez da inoiz polita izan talde bat sailkatzea eta bestea ez, eta aurkarien artean lehia bizia sortu izan du gai horrek. Baina erabakia gorago daudenek hartu dute, zuzendaritzakoek; guk aginduak bete besterik ez dugu egiten, baina iruzkin asko entzun behar izan ditugu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.