Kontxako Banderaren araudia aldatu dute, eta beraz, aurten, Eusko Label edo Euskotren ligetan ondoen sailkatuta dagoen Donostiako trainerua ariko da zuzenean Kontxako badian, iraileko aurreneko bi igandeetan, sailkatze estropadan lehiatu gabe.
Orain arte, Kaiarriba klubak ziurtatua zuen tokia Kontxako Banderan, eta, horren ondorioz, Donostiarra ontzia zuzenean sailkatu izan da, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan. Hala, Donostiako beste klubak, Arraun Lagunak-ek, sailkatze estropadako lehen zazpi postuetan geratu beharra zuen Kontxako Banderan lehiatzeko. Aurten, ordea, tokiak ez dira horrela banatuko, eta Euskotren ligan ondoen sailkatuta dagoenak lortuko du lekua.
Horrenbestez, maila nagusian Donostiako traineru bakarra baldin badago, hura ariko da Kontxako Banderan. Gaur-gaurkoz aldaketak ez du ondoriorik izango gizonezkoetan; izan ere, Donostiarra da egun Eusko Label ligan ari den hiriko klub bakarra.
Donostiako Udalak gaur eman du aldaketaren berri, eta, Jon Insausti Kultur zinegotziak agerraldian esan duenez, zenbait faktore aztertu, emakumezkoen trainerua duten bi klubekin hitz egin eta gaiaz hausnartu ondoren hartu dute erabakia. Azaldu du gaiak «tentsioa» eragin duela azken urteetan bi klub horien, Udalaren eta Donostia Kultura Festak erakundearen artean. Ane Oiarbide Berdintasun zinegotziak, berriz, esan du hartu duten erabakia dela «bidezkoena».
Aspaldiko eskaria
Lorea Etxabek, Arraun Lagunak-eko arraunlariak, azaldu du «pozik eta hunkituta» daudela araudi aldaketa dela eta: «Presidenteak jakinarazi digu berria taldeko kapitainei, eta ondoren Whatsapp taldean zabaldu dugu. Aspaldiko eskaria zen. Eskatzen genuen bakarra berdin tratatzea zen, eta azkenean hala izango da».
Garai batean, estropada bat jokatzen zen Donostiako bi traineru onenen artean, eta hala erabakitzen zen nor sailkatuko zen zuzenean. Baina egun, aipatu bezala, Kaiarribak zuen ziurtatuta tokia. «Estropada bat jokatu behar izan bagenu, onartuko genuen. Baina uste dugu egin duten aldaketa egokiena dela. Izan ere, estropada batean edozer gerta daiteke. Baina Ligan denboraldi osoko lana hartzen da kontuan. Horri esker, gainera, ziurtatuko dute hiriko trainerurik onena izango dela Kontxan».
Azken urteetan Arraun Lagunak izan da nagusi. Liga irabazi zuen 2021, 2023 eta 2024 urteetan; iaz, gainera, estropada guztiak irabazita egin zuen. Urte horietan ere Kontxa irabazi zuten. Dena den, «oinak lurrean» dituzte. «Emaitzak hor daude. Baina Ligan gure onena eman beharko dugu zuzeneko sailkapena ziurtatzeko. Ez badugu lortzen, beste ontziek bezala sailkapen estropada jokatu beharko dugu, eta bete-betean joango gara».
Etxabek nahiago du zuzenean sailkatu. «Egia da sailkapen estropadari esker aurkariekin buruz buru lehiatzeko aukera duzula, eta nola zauden ikustekoa. Gainera, Kontxak eragiten duen urduritasun hori alde batera uzten zoaz. Baina, bestalde, estropada horretan, nahiz eta zu ondo egon, edozein ezbehar gerta daiteke: itsasoa gaizki egotea, ziabogaren batean ez asmatzea, arraunen bat apurtzea...».