inkesta
- Zer helburu ditu zure taldeak aurten?
- Zer moduz ikusten dituzu aurkariak?
«Iazkoa berriz egitea oso zaila izango da, baina horretan saiatuko gara»
Joana Halzuet, Arraun Lagunak-eko patroia

1. «Helburua da ahal den ondoen aritzea, eta, noski, irabaztea. Badakigu aurkari handiak ditugula eta iazkoa berriz egitea oso zaila izango dela. Baina horretan saiatuko gara, frogatu baikenuen posible dela. Kazetariek diote ontzian hiru pertsona garrantzitsu aldatu direla, tartean ni [patroia], eta horrek aldaketa dakar. Baina beste arraunlari askok urte asko daramatzate batera arraunean, eta taldea oso sendoa da oraindik ere».
2. «Ez dugu ahantzi behar besteak hor daudela; lehia handia egongo da. Bagenekien beste ontziak gertu izango zirela, eta Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako traineru txapelketetan baieztatu dute. Guk haiei tarterik emango ez diegun bezala irabazteko, haiek guri ere ez».
«Euskadiko Txapelketa irabazi genuen, eta, beraz, esperantza badugu»
Nerea Perez, Tolosaldeko patroia

1. «Dena irabaztea da helburua, eta asmo horrekin ekingo diogu denboraldiari. Badakigu zaila izango dela, baina intentzioa, behintzat, hori da: borroka horretan egotea. Euskadiko Traineru Txapelketa irabazi genuen, eta, beraz, esperantza badugu. Gainera, lauzpabost arraunlari etorri gara taldea indartzeko, baina multzoa iazko bera da, oinarriari eutsi baitzaio. Hori ere garrantzitsua da».
2. «Denboraldiaurrean ikusitakoa aintzat hartuta, nabari da denek hobetu dutela, traineru guztiek egin dutela gora. Iazko txapeldunak, Arraun Lagunak-ek, hor jarraitzen du, indartsu, eta gainerakook ere salto bat egin dugu, aurrerapauso bat. Uste dut aurtengo liga polita izango dela, lehia handikoa».
«Espero dut ohorezko txandan baino gehiago goiko postuetako borrokan aritzea»
Maider Etxaniz, Orioko patroia

1. «Helburu nagusia da borrokan ibiltzea bai Tolosaldearekin bai Arraun Lagunak-ekin, batez ere bi horiek oso indartsu daude-eta. Taldeari eta aritzeko moduari eutsi, eta gauza asko findu ditugu azken hilabetean. Espero dut ohorezko txandan baino gehiago goiko postuetako borrokan aritzea; estropada bakoitzak jarriko gaitu gure lekuan».
2. «Printzipioz, Arraun Lagunak legoke punta-puntan, aurreko denboraldian dena irabazi ondoren. Tolosaldeak ere frogatu du aurten dena emateko asmoa duela: Euskadiko Txapelketa ere irabazi zuten. Baina esango nuke Hibaikak salto handia egin duela aurten, eta oso ondo ibiliko dela. Larunbateko gogoz gaude, bakoitza nola dagoen ikusteko, azken hilabetea luze joan da eta».
«Uste dut denboraldiak aurrera egin ahala multzoa sendotuko dugula»
Nicole Maroño, Donostiarrako patroia

1. «Ohorezko txandan aritzeko borrokan egon nahi dugu. Talde berria dugu, gazte askok osatua. Traineruan, oro har, esperientzia falta dugu, baina helburua da ohorezko txandan aritzea lehian. Gainera, uste dut denboraldiak aurrera egin ahala multzoa sendotuko dugula. Taldekide asko aulki mugikorrean ibilitakoak dira, eta modalitate horretan egin berri dute sasoia. Zenbat eta estropada gehiago jokatu, orduan eta irmoago arituko gara. Taldera batu diren gazteak diziplinatuak dira, eta ondo egokitu dira multzora».
2. «Uste dut aurtengo liga estuagoa izango dela. Badaude Arraun Lagunak-i aurre egin ahal dioten taldeak. Euskotren ligara igo diren taldeak ere [Astillero eta Zumaia] prest daude, eta multzo indartsua dute. Haiek ere lan handia emateko moduan daude».
«Gure aurrekoei hortzak erakutsi nahi dizkiegu aukera dugun bakoitzean»
Miren Garmendia, Hondarribiako patroia

1. «Lehengo urteko bosgarren-laugarren postu horri eutsi nahi genioke. Eta, beti bezala, kanporaketak saihestu eta gure aurretik daudenei hortzak erakutsi aukera dugun bakoitzean. Iruditzen zait lehengo urtean baino askoz multzo sendoagoa dugula, eta buruz dezente hobetu dugula».
2. «Emakumezkoen arraunean aurrerapauso handiak ematen ari gara. Goiko taldeek —Arraun Laguna-ek, Tolosaldeak eta Oriok, adibidez— beste talde batzuetatik ere ekartzen dituzte arraunlariak, eta indartu egiten dira. Esango nuke aurten beste pauso bat emango dutela eta laugarren postuaren eta zortzigarrenaren artean ibiltzen garenok estuago arituko garela. Gu Astillerorekin, Zumaiarekin, Hibaikarekin eta Donostiarrarekin arituko gara borrokan».
«Maila antzekoagoan egongo gara, eta hor izango dugu guk lehiarik handiena»
Inge Ugarte, Hibaikako patroia

1. «Helburu nagusienetako bat da asteburuero ohorezko txandan sartzea. Talde asko egongo gara maila berdintsuan, baina guk gure arraunkerarekin ahalik eta estropada onenak egin nahi ditugu. Iaztik ez du jende askok utzi taldea, eta, gainera, hiru arraunlari esperientziadun-edo itzuli gara, Itsaso [Murcia], Maddi [Insausti] eta ni, eta heldutasuna ematen diogu taldeari. Buruz eta sasoiz prest gaude lehen asteburuari ekiteko».
2. «Agerikoa da eta txapelketetan ikusi da Arraun Lagunak eta Tolosaldea koska bat gorago daudela, baina berdin egingo dugu haien kontra indartsu. Azpirago ikusten ditut, adibidez, Donostiarra, Orio eta Hondarribia. Maila antzekoagoan egongo gara, eta hor izango dugu guk lehiarik handiena».
«Mailari eustea da helburua; ilusio handia dugu, eta amets bat da gorenean aritzea»
Lara Fernandez, Astilleroko patroia

1. «Euskotren ligara heldu berri gara, eta soilik hiru urte daramatzagu elkarrekin arraunean. Beraz, mailari eustea da helburua. Ilusio handia dugu, eta amets bat da maila gorenean aritzea. Gainera, denboraldiaurrea ondo joan da, taldea indartu dugu, eta ondo hartu dugu elkar».
2. «Talde guztiak indartu gara. Liga oso luzea da, eta ikusiko dugu bakoitza nola dagoen eta zer gertatzen den. Iaz gure aurkari zuzena Zumaia izan zen, biok sendotu dugu multzoa, eta esango nuke maila berdintsua dugula. Ea aurten kontua nola doan. Goian, indartsu daude Arraun Lagunak eta Tolosaldea, haiek nabarmendu dira, baina uste dut gainerako taldeekin alde txikiagoa izango dutela aurten. Uda honetarako, multzoak gehiago indartu ditugu».
«Azarotik gogotsu egon gara uztaila ailegatzeko eta estropadetan dena emateko»
Amane Jimenez, Zumaiako patroia

1. «Euskotren ligan segitzea izango da gure helburu nagusia. Estropada txukun batzuk egiten ere ahaleginduko gara, eta larunbatero eta igandero gustura geratu nahi genuke gure arraunkerarekin eta gure lanarekin. Iaz oso denboraldi ona egin genuen, helburu nagusia bete genuen, eta taldeari eutsi, gutxi-asko. Azarotik gogotsu egon gara uztaila ailegatzeko eta estropadetan dena emateko. Azken hilabetean, bereziki, urduri egon gara».
2. «Tolosaldea eta Arraun Lagunak besteen gainetik daude, baina gu beste txalupekin arituko gara lehian: adibidez, Astillerorekin, Hondarribiarekin eta Hibaikarekin. Lanak ondo eginda eta geure buruarengan sinetsita besteen aurretik geratzen bagara, gustura geratuko gara».
EGUTEGIA
- Gaur. Bilbo.
- Bihar. Sestao.
- Uztailak 12. Donostia.
- Uztailak 13. Zierbena.
- Uztailak 19. Pasai Donibane.
- Uztailak 20. Orio.
- Uztailak 26. Getxo.
- Uztailak 27. Castro Urdiales (Espainia).
- Abuztuak 2. Hondarribia.
- Abuztuak 3. Lekeitio.
- Abuztuak 9. Pobra do Caramiñal (Galizia).
- Abuztuak 10. Boiro (Galizia).
- Abuztuak 16. Zarautz.
- Abuztuak 17. Zarautz.
- Abuztuak 23. Ondarroa.
- Abuztuak 24. Getaria.
- Irailak 20. Bermeo (kanporaketa).
- Irailak 21. Portugalete (kanporaketa).