Futbola. Espainiako Kopako finala: Athletic-Bartzelona

Bielsa: «Funtsezkoa da jokalariek euren onena ematea»

Athleticeko entrenatzaileak aitortu du oraindik ez daukala erabakita hasierako hamaikakoa

jon eskudero
Madril
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Marcelo Bielsak argi du: taldeak «onena» eman beharko du gaur, Kopa irabazteko aukeraren bat izan nahi badu, aurrean «munduko talderik onena» izango baitu. «Funtsezkoa da jokalari bakoitza bere maila onenetik gertu egotea, taldeak antolaketa zehatz bat izatea, eta horrek Bartzelonaren ohiko maila jaisten laguntzea», esan zuen Athleticeko entrenatzaileak atzo, finala jokatu aurreko azken entrenamendua hasi baino lehen emandako prentsaurrekoan.

Bielsak ez zuen jakinarazi gaur Vicente Calderonen zelairatuko duen hasierako hamaikakoa. «Ez dut erabaki oraindik zein hamaikako zelairatuko dudan», aitortu zuen. Deigarria da oso, Athleticera iritsi denetik jokalari guztiak prest izan dituenean beti izan baitu oso garbi hasierako hamaikakoa. Badirudi Iturraspek eta Herrerak azken egunetan izandako arazo fisikoek eta Ligako azken partidetan eta batez ere Europako Ligako finalean taldeak erakutsitako nekeak zalantzak eragin dizkiola Bielsari. Gaur gauean ikusiko da ohiko hamaikakoaren alde egiten duen edo aldaketaren bat egiten duen.

Athleticeko entrenatzaileak ez zion garrantzirik eman nahi izan Bartzelonaren faborito izaerari. «Ez da garrantzitsua faboritoa izatea edo ez», azpimarratu zuen. Hori bai, hamaika laudorio egin zizkion Pep Guardiolak zuzendutako taldeari, eta batez ere Lionel Messiri. «Zaila da Messiren gisako jokalari bati aurre egitea. Irtenbideak aurki ez ditzan saiatuko gara». Bielsak ere ez zuen hitz egin nahi izan Kopa irabaziz gero, ea bere garaipen zerrendako titulurik garrantzitsuena izango litzateke. «Ez dakit. Ez dut oraindik Kopa irabazi».

Iraola: «Konfiantza dut»

Bielsak ez bezala, Andoni Iraolak bai jo zuen faboritotzat Bartzelona. «Haiek dira faboritoak, baina konfiantza dut taldearengan. Ondo gaude, eta mesede egin digute atseden egun hauek». Kapitainak argi du irabazi nahi badute, Europako Ligako finalean baino hobeto aritu beharko direla. Hala ere, zehaztu zuen gaurko finalak ez duela antzik Bukarestekoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.