Bielsa: «Iraizoz ariko da Osasunaren aurka»

Athleticeko entrenatzaileak aitortu du ez diola eman taldeari «beharrezkoa den giro ona»

unai zubeldia
2013ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Prentsaurreko mamitsua egin zuen atzo Marcelo Bielsak, Osasunaren aurkako derbi garrantzitsua baino bi egun lehenago. Hasteko, albiste esanguratsua eman zuen: Gorka Iraizozek jokatuko duela atepean Iruñeko taldearen aurka. «Akatsen ondoren Raul Fernandez baino indartsuagoa da Iraizoz», arrazoitu zuen Athleticeko entrenatzaileak.

Baina askoz urrutiago joan zen argentinarraren hausnarketa. Autokritika zorrotza egin zuen, eta «egoera txarraren arduradun nagusia» bera dela aitortu. «Lotsa ere ematen dit, baina jokalari gehiegirekin defendatzen dugu». Jarraian argitu zuen defentsako sistema ez dela konpontzen «defendatzeko jokalari gehiago zelairatuta». 25 partidatan 50 gol jaso ditu Athleticek. «Eta 150 aukera sortu dizkigute», gaineratu zuen.

Giroa gaiztotzen ari da Bilbo aldean, eta, alde horretatik, giro ona sortzen ez duela asmatu aitortu zuen. «Taldeari ez diot eman beharrezkoa den giro on hori. Arlo psikologiko horretan ez dut asmatu».

Dena den, aldaketak egiteagatik ez dituela egingo defendatu zuen. «Ondo dagoena ez da aldatu behar. Nik ez dut egiten kalkulurik edo ez dut ateratzen ondoriorik arrazoia izan dezadan. Hori bai, gaizki dagoena aztertu eta zuzendu egin behar da».

Lehendakariordearen kritika

Zalantzak sortzen hasi dira ere entrenatzailearen karguaren inguruan. Atzo, adibidez, Bielsaren jarraipenaz galdetuta, Jose Angel Corres Athleticeko lehendakariordeak esan zuen inork ez duela «erabateko konfiantza». «Horrelakoek kalte egiten dute, lagundu baino gehiago. Eta guk orain laguntza osoa behar dugu. Orain badakit nik jarraitzea edo ez eztabaidatzen dutenean aldeko boto bat gutxiago izango dudala», esan zuen Bielsak Corresek esandakoaz. Argentinarraren arabera, «entrenatzailearen postua berez da ezegonkorra. Agintariek inoiz ez dute esaten entrenatzailea kargutik kenduko dutela; kendu egiten dute, eta kito».

Hamahiru jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta jaitsiera postuak hiru puntura dauzkate zuri-gorriek. Azken bederatzi partidetan bost puntu besterik ez dituzte lortu. Horregatik etziko neurketa «irabazteko beharra» dutela nabarmendu zuen Bielsak. Horren harira, defendatu zuen «merezi baino 20 puntu gutxiago» dauzkatela.

Taldeari dagokionez, litekeena da Toquerok jokatzea De Marcosen ordez; azken hori kili-kolo dabil. Aurtenetxek ere zail du jokatzea. Aldiz, Ekiza osatu egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.