Espainiako Vuelta

Bigarrena lortu du Pedersenek

Danimarkarra esprintean gailendu da, taldetxo batean. Roglic erori egin da esprinta jotzen ari zela, eta Evenepoelek matxura bat izan du azken hiru kilometroetan

Mads Pedersen garaipena ospatzen, aurkariak atzean dituela. JAVIER LIZON / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko irailaren 6a
18:34
Entzun

Mads Pedersenek (Trek) irabazi du Espainiako Vueltako 16. etapa. Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) erasoa jo du azken kilometroetan, eta harekin batera zenbait txirrindularik egin dute aurrera; horien artean Pedersen. Taldetxo horretako ziklisten artean erabaki da garailea, esprintean. Erraz gailendu da danimarkarra, eta Roglicek eroriko itsusia izan du. Remco Evenepoel (Quick-Step) liderrak matxura bat izan du azken hiru kilometroen barruan. Ordurako, Roglicek erasoa joa zuen, eta atzeko taldean zen flandriarra. Talde hori zortzi segundora iritsi da helmugara, eta denbora hori eman diote liderrari. 1.26ren aldea ateratzen dio liderrak orain Roglici.

Aurtengo Espainiako Vueltako azken atseden egunaren ostean, hirugarren eta azken astean murgildu da lasterketa. Ia 200 kilometro egin behar izan dituzte ziklistek Sanlucar de Barramedatik Tomaresera (Espainia), eta beroa eta haizea izan dira eguneko oztopo nagusiak. Lehen 175 kilometroetan zehar ez da nabarmentzeko askorik izan. Ibilbidea laua zen arren, azken hamabost kilometroetan gailur handi bat zegoen, eta hori zen eguneko mugarrietako bat. Amaiera zorrotza eta sigisagatsua zen, espezialistentzat aproposa. Azken kilometroan 600 metroko gainari (%8ko pendiza) egin behar izan dio aurre tropelak, eta bertatik helmugako aldaparaino (%4an) ibilbidea estua eta teknikoa zen.

Bi txirrindulari gutxiagorekin abiatu da tropela atseden egunaren ondoren. Esteban Chavesek (Education First) eta Maxim Van Gilsek (Lotto) lasterketa utzi dute, eta dagoeneko 40 txirrindulari gutxiago daude tropelean. Eguneko ihesaldian egoteko ez da lehia handirik izan. Ander Okamika (Burgos-BH) eta Luis Angel Mate (Euskaltel-Euskadi) bakarrik saiatu dira tropeletik ihes egiten, eta elkarrekin egin dute egunaren zati handiena. Tropelean lasai aritu dira, baina hogei kilometro gelditzen zirenean abiadura handitu dute, eta bost kilometro aurrerago harrapatu dute aurreko bikotea.

Orduan Ibai Azurmendi (Euskaltel-Euskadi) aldapan gora saiatu da tropeletik ihes egiten, baina tartetxoa zabaldu duen arren, berehala harrapatu du tropelak. Abiadura bizian egin dituzte azken kilometroak. Roglicek erasoa jo du azkeneko maldetan gora, eta esprinterrez beteriko talde txiki batekin egin du aurrera. Tarte txiki bat zabaltzea lortu dute, eta une horretan bertan Evenepoel liderrari gurpila zulatu zaio.

Taldetxo horretan bertan erabaki da garailea. Pedersenek berak abiatu du esprinta, eta erraz lortu du bigarren garaipena. Roglic erori egin da esprintean, eta odoletan amaitu du eguna. Evenepoelen matxura azkeneko hiru kilometroen barruan izan denez, hura zegoen taldearen helmugako denbora eman diote flandriarrari. Hortaz, zortzi segundo galdu ditu Roglicekin, eta 1,26ra dauka orain esloveniarra sailkapenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.