Bigarrena nahi dute

Joan den asteburuan Almeria mendean hartu ostean, Ligako bigarren partida irabazi nahi dute jarraian gorritxoek Malagan

2008ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Joan den sasoi osoan ez zituen bi partida jarraian irabazi Osasunak, eta sasoi honetan hamabi partidatan garaipen bakarra lortu dute nafarrek. Ondorioz, ez da erraza Osasuna gaur Malagan irabazten imajinatzea, baina horixe da helburua: bi garaipen jarraian lortu nahi dituzte, Almeria menderatzeak aro berri baten hasiera ekarri izan balu bezala. Malaga talde igo berria zazpi puntura dute gorritxoek une honetan, eta aurkari zuzen bat hamar puntura ikustea baino hobe izango da lau puntura ikustea, badaezpada. Irabazi egin behar da, baina.

Almeria 3-1 mendean hartzeak adorea indartu die nafarrei, baina Osasunako jokalariek ezin dute sinetsi partida bat irabaztea nahikoa denik. Egoera askoz okerragoa izan zitekeela argi dago. Eta Osasunako jokalariak baikor azaldu dira aste honetan. «Eguberriak baino lehenago jaitsiera postuetatik kanpo egongo garela sinetsita nago», esan du Portillok, esaterako. Ez dirudi ezinezkoa, hamazazpigarren postua hiru puntura dutela ikusita. Baina egitea baino errazagoa da esatea, eta hitzek ez diote punturik emango Osasunari. Zelaian erakutsi behar da indar hori.

«Umiltasun handiz jokatu behar dugu partida, oraindik zulotik irten behar duela dakienaren umiltasunarekin. Lanean jarraitu beharra dago, egiten ari garen lanean sinetsi behar dugu, eta puntuak batzen jarraitzea da bidea. Orain bizpahiru partida jarraian irabazteak aukera asko ematen dizkizu, eta une erabakigarri batean gaude», esan zuen atzo Camachok, badaezpada. Almeriari irabazteagatik taldeko inor harrotu egin bada gandorra jaitsi eta lanean jarraitzeko eskatu die entrenatzaile espainiarrak jokalariei.

Plasil hasieratik, beharbada

Hasierako hamaikakoan bizpahiru aldaketa egingo dituela aurreratu zuen atzo Camachok, eta argi dago atepean eta aurrealdean, behintzat, aldaketak izango direla, Roberto atezaina eta Pandiani aurrelaria min hartuta baitaude. Atean Ricardo beteranoak hasieratik jokatzeko aukera izango du, beraz. Azken hilabetean ez du batere jokatu espainiarrak, baina Robertoren bihurrituak beste aukera bat emango dio. Ricardo haserre da, azken hiru denboraldietan ez bezala ordezkoen aulkian eserarazi duelako entrenatzaile berriak, eta bere haserrea eta amorrua zelaian taldeari laguntzeko baliatu beharko ditu gaur arratsaldean. Hedabideen aurrean inolako adierazpenik ez du egin nahi izan Ricardok, baina zenbait kazetariri kargu hartu die. Ricardok badaki zelaian hitz egin behar duela, eta Espanyol, Atletico Madril, Athletic eta Almeriaren aurkako partidak ordezkoen aulkitik ikusi ostean, gaur bere lana egiteko aukera izango du.

Aurrealdean Pandiani ordezkatzeko hautagai nagusia Portillo da. Senda-agiria jaso arren, deialditik kanpo utzi ditu Camachok Natxo Monreal eta Dady. Jaroslav Plasil ere sartu dute deialdian, bestalde. Txekiarrak partida bakarra jokatu du Camachoren aginduetara -Atletico Madrilen aurkakoa, orain hiru aste-, baina arazo fisikoak gainditu ostean erdilari txekiarra prest dago berriz, eta ezin daiteke baztertu hamaikakoan izatea.

Gorritxoek 1-2 irabazi zuten Malagan jokatutako azken norgehiagoka, 2005eko abenduaren 4an. Osasuna sailkapeneko lidergoan zen, eta Malaga, Bigarren Mailarako bidean. Gauzak aldatu egin dira, ordea. Gainera, Malagakoa ez da inoiz zelai aproposa izan nafarrentzat: azken hamarkadan Malagan jokatu dituzten sei partidetatik lau galdu egin dituzte, eta beste bat berdindu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.