Pilota

Bihar hasiko da Euskal Herritik Mundura prestakuntza torneoa

Euskaldiko Euskal Pilota Federazioak lehen aldiz antolatu du txapelketa hori. Munduko Txapelketarako pilotari onenak aukeratzea eta euskal selekzioa herrietara hurbiltzea dira helburuak. Bost aste iraungo du, eta 28 jaialdi jokatuko dituzte 23 herritan.

Euskal Herritik Mundura torneoaren aurkezpena. JON URBE / FOKU
Euskal Herritik Mundura prestakuntza torneoaren aurkezpena, gaur, Idiazabalgo Ampo kooperatiban. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
Idiazabal
2026ko maiatzaren 7a
14:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskadiko Euskal Pilota Federazioak erronka bat izan du begiz jota 2024ko abenduaren 28an Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko eskubide osoko kide gisa onartu zutenetik: aurten Argentinan jokatzekoa den Munduko Txapelketa. «Gure historiako inoizko erronkarik handiena da», diote Euskadiko Euskal Pilota Federazioko ordezkariek txapelketa horri buruz. Mundu osoko pilotariak modalitate gehienetan arituko dira lehiaketa horretan, Venado Tuerton, urriaren 15etik 25era bitarte. Euskal selekzioak lehen aldiz hartuko du parte, eta, hori eginda, mugarria ezarriko du bere historian. Urte askoan izandako ametsa beteko du. 

Euskadiko Euskal Pilota Federazioak finkatuta du haren proiektuaren oinarrietako bat dela euskal pilota selekzioa, eta, hori dela eta, hilabeteak daramatza munduko txapelketa horretan ahalik eta lehiakorren aritzeko bermeak ezartzen. Lan horren ondorioa da Munduko Txapelketarako antolatu duen Euskal Herritik Mundura prestakuntza torneoa. Bihar hasiko da, Sopelan (Bizkaia), eta ia hilabete iraungo du, ekainaren 7an jokatuko baitituzte azken finalak.

«Lehen aldiz antolatu dugu horrelako txapelketa bat. Lehiaketa berezia da, eta izugarrizko erronka guretzat: bost aste iraungo du, 28 jaialdi jokatuko dituzte 23 herritan, 58 pilotari ariko dira, eta 81 partida jokatuko dituzte. Lan handia hartu dugu, baina oso gustura egin dugu», azaldu du Joxemari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteak, gaur, torneoaren aurkezpenean. Idiazabalgo (Gipuzkoa) Ampo kooperatibaren egoitzan egin dute aurkezpena, hura baita torneoaren babesle nagusia. Mitxelenaz gain, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko, Ampoko, klubetako eta torneoa jokatuko den zenbait udaletako ordezkariak egon dira, baita euskal selekzioko zenbait pilotari eta hautatzaile ere.

Mitxelenak azpimarratu duenez, torneoak bi helburu nagusi ditu. Bat, ahalik eta selekzio onena eramatea Munduko Txapelketara. «Gure pilotari onenak joatea eta pilotari horiek euren plaza kantxan irabaztea nahi dugu». Hautatzaileek, beraz, beste neurgailu bat izango dute entrenamenduez gain. Pilotari onenak aukeratzeaz gain, torneoak badu beste helburu bat: euskal pilota selekzioa herrietara eta klubetara hurbiltzea. «Euskal pilota selekzioa herrietan txertatu nahi dugu», azpimarratu du Mitxelenak. Horren harira, Euskadiko Euskal Pilotako Federazioko presidenteak eskerrak eman dizkie klubei, udalei, babesleei eta laguntzaileei. Laguntzaileetako bat da BERRIA. Egunkari nazionalak lankidetza akordioa sinatu du Euskadiko Euskal Pilota Federazioarekin, eta, txapelketaren jarraipen berezia egingo du.

«Lehen aldiz antolatu dugu horrelako txapelketa bat. Lehiaketa berezia da, eta izugarrizko erronka guretzat»

JOXEMARI MITXELENA Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea

Pilotariak bost modalitatetan ariko dira torneoan: eskuz binaka (gizonezkoak), eskuz lau eta erdian (gizonezkoak eta emakumezkoak), 36 metroko frontoiko banakako zesta-puntan (gizonezkoak eta emakumezkoak), paleta larruz (gizonezkoak), eta pala motzean (gizonezkoak). 58 pilotarik jokatuko dute guztira: 42 gizonezkoen mailan, eta hamasei emakumezkoen kategorian.

Lehiaketa sistemari dagokionez, ligaxka jokatuko dute lehenbizi modalitate guztietan. Esku huskan, maiatzaren 10etik 24ra jokatuko dute ligaxka, finalerdiak 31n, eta finala ekainaren 7an, Zumarragan (Gipuzkoa). Zesta-puntan, berriz, larunbatetik maiatzaren 23ra jokatuko dute ligaxka, finalerdiak 30ean, eta finala, ekainaren 7an, Elburgon (Araba). Paleta larruz eta pala motzean, azkenik, bihartik maiatzaren 31ra jokatuko dute ligaxka, eta finalak ekainaren 6an izango dira, Sopelan (Bizkaia).

Pilotariak, oso gogotsu

Pilotariak oso gogotsu daude torneoa jokatzeko. «Oso pozik gaude 36 metroko frontoian jokatuko dugulako; gutxitan jokatzen dugu modalitate horretan. Beraz, hori ere bada erronka bat guretzat. Nire helburua banaka edo binaka munduko txapelketa jokatzea da. Horretarako, ondo egin behar dut nire lana, hautatzaileak nire alde egin dezan», adierazi du Maia Goikoetxea puntistak.

Helburu bera dauka Beñat Garmendia esku huskako pilotariak. «Sekulako txapelketa antolatu dute. Maila itzela dago, eta denok nahi dugu gauza bera lortu: munduko txapelketara joan. Ilusio itzela piztuko lidake Argentinara joateak. Gogo ikaragarria dut horretan saiatzeko»

ESKUZ
Igandean. Ligaxka. Galdakao (11:00), Idiazabal (11:30) eta Urretxu (11:30).
Maiatzak 15. Ligaxka. Barakaldo (20:00).
Maiatzak 16. Ligaxka. Segura (17:00) eta Abadiño (18:00).
Maiatzak 23. Ligaxka. Arrasate (17:00) eta Lazkao (17:00).
Maiatzak 24. Ligaxka. Basauri (16:30).
Maiatzak 31. Finalerdiak. Gernika (11:00) eta Zeanuri (17:30).
Ekainak 7. Finala. Zumarraga (11:00).

ZESTA-PUNTA
Larunbata. Ligaxka. Gernika (11:00) eta Ispaster (18:30).
Maiatzak 16. Ligaxka. Gernika (11:00) eta Zeanuri (17:00).
Maiatzak 23. Ligaxka. Elorrio (11:00) eta Lemoa (16:30).
Maiatzak 30. Finalerdiak. Barakaldo (19:30).
Ekainak 7. Finala. Elburgo (17:00).

PALETA LARRUZ ETA PALA MOTZA
Bihar. Ligaxka. Sopela (19:30).
Larunbata. Ligaxka. Deba (18:00).
Maiatzak 15. Ligaxka. Bakio (18:30).
Maiatzak 16. Ligaxka. Ordizia (18:00).
Maiatzak 22. Ligaxka. Barakaldo (19:30).
Maiatzak 23. Ligaxka. Olaberria (18:00).
Maiatzak 29. Ligaxka. Gatika (19:30).
Maiatzak 31. Ligaxka. Beasain (11:30).
Ekainak 6. Finalak. Sopela (17:00).

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA