«Bihotzari egin diot kasu»

Athleticera joateko erabakia «sentimenduei kasu eginda» hartu duela esan du Yuri Berchichek aurkezpenean. «Erraz» egokituko dela dio

2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Presiorik gabe eta ilusioz agertu zen atzo Yuri Berchiche, Athleticeko jokalari berria, aurkezpen prentsaurrekoan. Josu Urrutia presidentearen alboan, zarauztarrak azpimarratu zuen «etorkizunerako aukerarik hoberena» Athleticen eskaintza onartzea zela. Klub zuri-gorriaren filosofia eta historia goraipatu zituen. Nabarmendu zuen, Iñigo Martinezen atzetik, Athleticen fitxaketarik garestiena izateak presiorik ez diola sortzen, eta abentura berriari «ilusioz» ekiten diola. Eduardo Berizzoren joko moldea «oso gustuko» duela esan, eta prest agertu zen lanean hasteko. Kazetariek gogorarazi ziotenean iraganean Realera eta Athleticera ez zela joango esan zuela, Yurik argudiatu zuen erabakiak «sentimenduen arabera» eta «bihotzarekin» hartzen dituela.

Beste zenbait arrazoiren artean, Paris Saint-Germain taldean jokatzeko «aukera gutxi» izanak bultzatu du ezker hegaleko atzelaria taldea aldatzera. Frantziako taldean denboraldi bakarra pasatu izanagatik, «talde handi batean lortutako esperientzia banatzeko prest» agertu zen. Jokalari gisa, orain «osoago» ikusten du bere burua, eta «defentsa lana hobetu» duela esan zuen. Ezker hegaleko atzelari posturako lehian Mikel Balentziagaren esperientzia eta Cristian Ganearen gaztetasuna izango ditu. Yurik uste du gainerako taldekideekin egokitzea «erraza» izango dela. Ezagutzen ditu taldeko zenbait jokalari, aurkari eta taldekide izan dituelako hainbat urtez. Lezama inguruak ere ezagutzen ditu. Izan ere, 2005-07ko denboraldietan Athleticeko gazte mailatan jokatu zuen. Zarauztarra datorren denboraldiari begira baikor agertu zen, taldeak «denboraldi on bat egiteko oinarria» duela esanaz. Talde zuri-gorria astelehenean hasiko da entrenatzen, Lezaman.

Urrutiak ez du aterik itxi

Josu Urrutia Athleticeko presidenteak ere hitza hartu zuen, eta eskerrak eman zizkion Yuriri harturiko erabakiarengatik. «2011z geroztik dugun kirol maila mantendu nahi dugu», azaldu zuen Urrutiak. Oraindik taldean aldaketak izango direla baieztatu zuen. Izan ere, gaur-gaurkoz, 34 jokalari ditu Berizzok bere aginduetara. Presidenteak adierazi zuen Berizzok erabakiak hartu aurretik jokalari denak ikusi nahi dituela. Irteteko atea ez ezik, sarrerakoa ere zabalik du Athleticek. Ez zuen izen propioez hitz egin nahi izan Urrutiak, baina dagoeneko ateak ixteak «zentzurik ez» duela esan zuen. «Ez», erantzun zuen, Athleticek Mikel Merino fitxatu nahi izan ote zuen galdetu ziotenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.