Bilbo Basket 95-88 Szombathely

Bilbo Basket finalerako sailkatu da, estuasunik gabe

Bilbotarrek FIBAren Europako Kopako finala jokatuko dute, ondo merezita. Finalerdietan aise nagusitu dira Szombathely taldearen aurka. Apirilaren 22an eta 29an jokatuko dituzte lehia erabakigarriak, PAOKen aurka.

Hlinason Bilbo Basketeko jokalaria saskiratze bat egiten, finalerdietan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Hlinason Bilbo Basketeko jokalaria saskiratze bat egiten, finalerdietan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko apirilaren 8a
22:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilbo Basketek esku-eskura zuen bigarrenez jarraian FIBAren Europako Kopako finalerako sailkatzea, eta ez dio ihes egiten utzi aukerari. Finalerdietako joanekoan 81-98 irabazi zion Hungariako Szombathely taldeari, eta etxean, zaleen aurrean, ez du huts egin: 95-88 nagusitu da. Apirilaren 22an eta 29an jokatuko du finala, PAOKen aurka. Hain zuzen, iazko bi finalistak ariko dira berriro aurrez aurre. Iaz Bilbo Basket izan zen txapeldun; ea aurten. Joanekoa kanpoan jokatuko du, eta lehia erabakigarria, azken-azkena, etxean.

Bilbotarrak ziren aurrera egiteko faborito nagusiak, eta argi erakutsi dute zergatik. Ez diote amets egiteko aukerarik ere utzi aurkariari. Konfiantzaz kantxaratu dira, eta eroso aritu. Burua tente agurtu nahi zuten txapelketa hungariarrek, eta saiatu dira lan ona egiten. Lehen laurdenean gogor defendatu dute, eta bi taldeak pareko aritu dira hasieran; bakoitzak bere jokoa egin nahi zuen. Pixkanaka, baina, aparteko esfortzurik egin gabe, nagusitzen hasi da etxeko taldea, eta 23-17 amaitu da lehen laurdena.

Bilbo Basketek ez du ezer asko behar izan partida kontrolpean izateko. Aurkariek jo eta su segitu dute lanean, baina, erritmoa bizitu orduko, etxeko taldeak erraz bildu ditu puntuak. Finalerdietan tentsioa egon ohi da, baina lasai aritu dira Jaume Ponsarnauk zuzendutakoak. Horiek horrela, bigarren laurdenean ere, zaharrak berri: 48-37 joan dira atsedenaldira. 

Asko beste finalerdiei adi egongo ziren ziur asko, jakiteko finalean nor izango zuten aurkari. Murtzia zen aurrera egiteko faboritoa, baina joanekoan PAOK nagusitu zen, eta itzulerakoan aldeari eutsi dio.

Joan-etorriko asko egon dira hirugarren laurdenaren hasieran, eta saskiratze dezente. Nolabait, hautsi egin da partida, baina ordurako ia-ia erabakita zegoen dena. Aldea murriztea lortu du Szombathelyk, baita neurketa berdintzea ere: 58-58 jarri dira. Hutsartea eskatu du Ponsarnauk, eta, bueltan, hiruko banarekin erantzun dute Normantasek eta Jaworskik; hala, bilbotarrek aurrea hartu dute berriro. Ondo erantzun dute hungariarrek, eta markagailua irauli: 66-67. Amaieran, baina, beste hiruko bat sartu du Jaworskik.

Azken laurdenean, sendo kantxaratu da Bilbo Basket, gozatzeko prest. Eta halaxe egin du. 95-88 amaitu da partida.

Loria dastatu nahi dute

Iaz balentria egin zuen Bilbo Basketek, eta txapeldun izan zen FIBAren Europako Kopan. Ezin hobeto ospatu zuten klubaren 25. urteurrena. Bada, aurten ere loria dastatu nahi dute. Ez da gutxi bi final jarraian jokatzea, baina gehiago nahi du taldeak. Azken bi urratsak falta zaizkio, zailenak eta gogorrenak. PAOK izango du aurkari apirilaren 22an eta 29an. 

Zaleak ere gogoz daude. Horren erakusgarri da gaurko giro ona, baita harmailak jendez lepo egon izana ere. Dudarik gabe, beste titulu bat irabazi nahi dute, eta ospatu. Horretan saiatuko dira.

Gernikak irabazi du derbia, luzapenean

Derbia jokatu dute gaur IDK-k eta Gernikak, eta pareko aritu dira bi taldeak: 64-64 amaitu da partida, eta luzapenean irabazi du lehia Gernikak: 72-73. Hobeto hasi dira gipuzkoarrak, baina markagailua irauli dute bizkaitarrek, eta, azkenean, sufrituta, nagusitzea lortu dute.
Gaur jokatu du Araskik ere, eta Gasteizko taldeak garaipen garrantzitsua lortu du Perfumerias Avenidaren kontra, etxetik urrun: 68-72. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA