Urrats sendoa egin du Bilbo Basketek. Hura zen FIBAren Europako Kopako finalerako sailkatzeko faborito nagusia, eta erakutsi du zergatik. Neurketa hasieran Szombathely Hungariako taldeak argi utzi du lanak emateko prest zela, eta lehiatuak izan dira lehen minutuak. Behin neurketari neurria hartuta, ordea, nagusi izan dira bizkaitarrak, eta esku-eskura dute finalerako sailkatzea. 81-98 amaitu da finalerdietako joaneko partida; esanguratsua da aldea. Astebete barru jokatuko dute itzulerakoa, asteazkenez, Bilbon.
Ondo eta bizi kantxaratu dira hungariarrak, grinatsu. Eta, gainera, asmatu egin dute nola egin min Bilbo Basketi. Bizkaitarrek, berriz, iparra galduta ekin diote partidari. Bigun aritu dira defentsan, eta barrutik eraso egin ezinda ibili dira. Eskerrak hiruko marratik fin ibili diren, behintzat. Bilbo Basketek lehen laurdenean lortutako 29 puntuetatik 24 hiruko saskiratzeen bidez eskuratu ditu; 11tik zortzi sartu ditu. Hain zuzen, horretan dira trebeak hungariarrak, eta haiek ere saskiratu dituzte zenbait. Azkenerako, 28-29 amaitu da lehen laurdena.Â
Hiruko saskiratze batekin ekin diote hurrengo laurdenari ere, nola bestela. Sartu duena, baina, Szombathely taldea izan da. Eta nola erantzun dio Bilbo Basketek? Beste hiruko batekin. Defentsan sendoago aritu behar zuten bilbotarrek partida kontrolpean izateko. Erritmo bizia zuen neurketak, eta eroso ari ziren etxekoak ere.
Pixkanaka, lortu dute. Konfiantza hartu dute Jaume Ponsarnauk zuzendutakoek, eta markagailuan aldea handitzen hasi dira. Gainera, aurkariari geroz eta hobeto itxi diote bidea. Hor egon da gakoa, eta 44-56 joan dira atsedenaldira.
Kontrolpean
Bueltan, ondo kudeatu du aldea Bilbo Basketek, eta ez dio utzi aurkariari ezustekorik ematen eta partida iraultzen. Kontrara, disfrutatu, eta gora egin du. Hirugarren laurdena bukatzerako hemezortzi punturen aldea zuten bizkaitarrek: 60-78. Azken laurdenean baretu eta erritmoa apaldu du Ponsarnauren taldeak, baina garaiz berpiztu da, eta bideratuta utzi du kanporaketa; gauzak benetan gaizki egin beharko lituzke aurrera ez egiteko.
Beste finalerdietan, berriz, PAOKek irabazi du joaneko partida, Grezian. 79-73 irabazi dio Murtziari. Hain zuzen, iaz PAOKi irabazita izan zen Bilbo Basket txapeldun. Dena den, hurrengo astean jakingo da nortzuek jokatuko duten finala. Han egon nahi dute bilbotarrek.