Bilbo Basketek eta Baskoniak gaur jokatuko dituzte ACB ligako final-laurdenetako lehen partidak: bizkaitarrak Valentzian ariko dira (Herrialde Katalanak), etxeko taldearen aurka (19:00, DAZN eta Movistar); arabarrek, berriz, Joventut hartuko dute Buesa Arenan (21:00, DAZN eta Movistar).
Bilbo Basket garai gozoan dago: duela hilabete, bigarrenez jarraian irabazi zuen FIBAren Europako Kopa; orain, berriz, ligako final-laurdenetarako sailkatu da, azkenekoz hori egin eta 11 urte geroago.
Jaume Ponsarnauk entrenatutako taldeak sobran bete ditu sasoi hasieran bere buruari ezarri zizkion helburuak. Hala, lanak bikain eginda ariko da Valentziaren aurka. Ez du presiorik, eta hori baliatu nahi du ezustekoa emateko.
Hala ere, lan zaila izango du, Valentzia koska bat gorago baitago. Horren erakusle da bigarren postuan bukatu duela liga erregularra. Bi taldeek bitan jokatu dute elkarren aurka denboraldi honetan, eta bietan nagusitu da Valentzia: lehen itzulian, aise irabazi zuen Miribillan (72-116); bigarren itzulian, berriz, Bilbo Basketek estu hartu zuen (88-83). «Erronka zaila da, baina ez ezinezkoa», esan du Ponsarnauk.
Baskonia ere denboraldi oso ona egiten ari da. Euroligan kale egin zuen, baina Espainiako lehiaketetan aspaldi ez bezala ari da: lehenbizi, Espainiako Kopa irabazi zuen, eta, orain, zerrendaburu gisa sailkatu da final-laurdenetarako. Duela hiru urte egin zuen hori azkenekoz.
Bolada gozoan dago Paolo Galbiatik entrenatutako taldea, irabazi egin baititu azken sei partidak. Bolada gozo hori eta etxeko faktorea alde izango duela kontuan hartuta, faborito da Joventuten aurka. Ligan, bitan jokatu dute elkarren aurka, eta etxeko taldea gailendu da partida bakoitzean: Gasteizen, 87-77 irabazi zuen Baskoniak, eta, Badalonan (Herrialde Katalanak), 81-69 nagusitu zen Joventut. «Errebotea zaindu behar dugu, eta gure erritmoa ezarri», adierazi du Galbiatik.
Bestalde, IDK eta Araski datorren denboraldirako taldeak osatzen dabiltza. Gipuzkoarrek Sacha Washington pibot estatubatuarra fitxatu dute, eta arabarrek beste urtebetez luzatu diote kontratua Lotta-Maj Lahtineni.